Arratiako tranbia
|
Arratiako tranbia edo Lemoako tranbia XX. mendeko lehenengo bi herenetan martxan egon zen garraiobidea izan zen, Arratia lotzen zuena Durangaldea eta Bilbo hiriburuarekin, bai eta eskualdeko udalerriak euren artean ere.
"Tranvía Eléctrico de Bilbao a Durango y a Arratia" izeneko konpainiak 1902ko abiatu zuen zerbitzua, uztailak 5ean Durangoraino lehen tranbia iritsita (nahiz 1899ko irailak 2an martxan zen Lemoa eta Artea arteko lehen zatia).
1911an euskal trenbideen konpainiak erosi zituen bere akzioak. Trenbideak eta tranbiak bide bera egiten zutenez, tranbian eginiko inbertsioak txikitu egin ziren.
1937an gerra zibilaren ondorioz kalteak izan zituen trenaren bideak.
1950eko hamarkadan aktibitaterik handiena eduki zuen, 6 milioi bidaiari urtean eramaten zuelarik, gehienak Bilboaldean zebiltzan langileak ("Firestone", "Baskonia" eta abar), Gorbeiara zihoazen mendizaleak edo Villaro-Areatzako bainuetxerako bidaiariak. Salgaiak ere garraiatzen zituen, Santa Ana de Bolueta, Firestone edo Cementos Lemonan kasu sarrera baizuen, eta baita Arriaga parean deskargatzen zirenak Bilboko porturako.
1952an marka jarri zuen, bere diru sarrera eta bidaiaritan: 6.749.914 bidaiari. Gero iritsi zitzaion gainbehera:
1956ko abuztuak 1ean Galdakao - Lemoa zatia etena zen.
1958ko urriak 1ean Zeanuri erdigunerako sarrera eten zuten, baita Galdakao - Urbi tartea ere. Horrek bidaiari galera handia eragin zuen.
1962ko abenduaren 5ean iraungitzen zitzaion kontzesio administratiboa baina, autobus zerbitzua ezarri bitartean, bi tartek zerbitzua eskaintzen jarraitu zuten ia beste bi urtez: Bilbo-Urbi eta Lemoa-Zeanuri.
1964an amaitu zuen bere bidea tranbiak, azaroak 29an, Lemoa eta Zeanuri artean mendizaleek antolatu omenaldi festa batekin. Elejoste familiako buruak azken bidaia grabatu zuen, zinezalea baizen.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abiapuntu bat Durango izan zitekeen, gero Zornotzan geraleku eta azkenik Lemoan bat egiten zuen Zeanuritik zetorren linearekin, Areatza, Arteaga, Dima eta Igorretik igarotzen zena.
Lemoatik aurrera Bedia, Usansolo, Galdakao eta Basaurin gelditzen zen Bilbora iritsi baino lehen. Hiriburuan, azkenik, Bolueta, Abusu eta Arriagan zituen geltokiak. Abusu auzoan Ibaizabal gurutzatzeko zubi bat eraiki zen propio tranbiarentzat, egun Pontoiko zubia dagoen inguruan.
Hasera batean Arriaga antzokiaren aurretik abiatzen bazen ere, beranduago atzeko aldera aldatu zen geltokia. Erribera kalean gora, San Antongo zubia gurutzatu eta Urazurrutiako moiletan gora joaten zen Abusuraino. Pontoiko zubia baliatuz egiten zuen Boluetaraino, Ibaizabal gurutzatu eta Basauriko Pozokoetxe auzoan sartzen zen. Basconiaren ondotik, Azbarren, Ariz eta Urbi gurutzatzen zituen, Laminarrieta, El Gallo, Usansolo eta Bedia gurutzatuz Lemoara iristeko. Hura zuen erdigune nagusi, Durango eta Zeanurirako adarrak bat egiten baizuten han. 49,21 kilometroko trenbide sarea zuen, bi orduko bidaia.
Kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garraiobide honen garrantzia handia izan zen, eta euskal kultura horren lekukoa izan da. Gabriel Aresti euskal poeta sozialak "Bizkaiko aberatsak" izeneko olerkia konposatu zuen, Oskorri musika taldearen bertsioak famatu bihurtu duena.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa" (EuskoTren, 2000).