Arretxe baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Arretxe baserria
Logotipo del Gobierno Vasco.svg Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Elduain
Koordenatuak 43° 08′ 25″ N, 1° 59′ 59″ W / 43.1402286346°N,1.99969435691°W / 43.1402286346; -1.99969435691Koordenatuak: 43° 08′ 25″ N, 1° 59′ 59″ W / 43.1402286346°N,1.99969435691°W / 43.1402286346; -1.99969435691
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Ondarea
EJren ondarea 11

Arretxe Elduainen dagoen XVI. mendeko baserria da. Oraindik ere, garai hartako harlandu gotikoko zenbait arku eta horma daude. Baserri guztia berriz eraiki zen XVIII. mendean, eta, horregatik, garai horretakoak dira orain dauden landa-eraikin dotorea, fatxadako harri-lanak eta barruko zurrezko egitura zoragarria. Oraintsuago, hormigoia erabili izan da lehenengo solairuko forjatua indartzeko, baina zutabeak, habeak eta zurezko solibak mantendu dira.

2007ko azaroaren 20an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano laukizuzena (25 x 15 m) duen familia bakarreko baserria da, muino erdialdean kokatua, eta bi solairu, ganbara eta sotoa ditu. Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zur-egitura eta goi-habe bat du Era begira dagoen fatxadarekin luzetara.

Muinoaren erdialdean kokatzen denez, eraikinaren fatxada nagusiak, edo ekialdekoak, zuzeneko sarbideak ditu: bata sotoaren solairura joateko, bi beheko solairura joateko. Sotora joateko dobela-ojiba zeharkatu behar da beheko solairura joateko, erdi-puntuko harlanduzko dobela-arkua eta atea zeharkatu behar dira. Leihoetako baoei dagokienez, fatxada horrek ez du baorik sotoaren solairuan; lau bao daude beheko solairuan, horietatik bi harlanduzkoak dira, eta bat burdinazko hagaxkaz dago itxita. Halaber, lehenengo solairuan bost bao daude lerrokatuta, guztiak ere harrizko azpadurekin; ganbarako solairuan hiru bao daude, horiek ere harrizko azpadurak dituzte, eta lehenengo solairuko bao-ardatzen erdian daude kokatuta. Fatxada horren goi-goiko aldean eta estalkiarekin elkartzean bi bao gehiago daude zurgintzarik gabeko aireztapenekin.

Hegoaldeko fatxadan, sotoaren solairuan, lehen gezileihoak edo kuku-leihoak bazeuden ere, orain, baserria egin ondoren, bi bao egin dira horien ordez. Beheko solairuan lau bao daude, horietatik bi (erdialdean binaka dauden baoak) harlanduzkoak dira eta fatxadako hiru ardatz mugatzen dituzte. Ardatz horiek bat datoz lehenengo solairuan aurrekoen antzeko harrizko beste hiru leihorekin.

Mendebaldeko fatxada oso baserri-girokoa da: harburuak ditu, "perroteak", beheko eta lehenengo solairuetako leiho-baoetako bi lerroen artean. Batzuk harlanduz eginak dira.

Lur-eremua maldan dagoenez, iparraldeko fatxada oso baxua da; bertan zuzeneko beste sarbide bat dago baserriko lehenengo solairura joateko, eta, horretarako, teilatutxoa duen ate handi bat zeharkatu behar da. Hori da orain baserrira sartzeko sarbide nagusia. Lehen, teilatu-atalak zorua ukitzen zuen, baina aldatu eta zementuz estalitako forjatua gehitu zioten eta terraza txiki bat sortu. Halaber, lehen, fatxadaren alde hori guztia ikusten zen, gerora lurra bota baitute eraikinaren alde horretan. Oraindik ere korta barrenetik ikusi daitezke dobelazko ojiba-arkua, egun itsua; lehen, beheko solairutik eraikin barrura joateko sarrera zena.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baserri honen egitura zurezko zortzi zutoin-ardatz handik osatzen dute, eta horiek kortako solairuan dauden harrizko zapata edo oinarrietan eusten dira. Zutoinen gainean mihiztatzen dira habeak, besoak, petralak, gapirioak eta estalkiaren lataduna. Habeen eta besoen mihiztadura aho-zirikaz egin da. Egitura guztian zenbaki erromatarrak eta arabiarrak daude.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilerari dagokionez, lehenengo solairuan etxebizitza eta lastategia daude, bai eta sukaldea ere; lehen sukaldea beheko solairuan zegoen, orain, ordea, korta gisa erabiltzen da. Lehenengo solairuan agerian daude baserriak zuen barroko garaiko (XVIII. mendeko) dolarearen ainguraketaren aztarnak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]