Artazuriketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artaburuei zurikinak kendu behar zitzaizkien.

Artazuriketa, tradizioz, artaburuari zurikinak kentzea da. Lan luzea, auzolanean egin ohi zena, gazteria bereziki. Neguko lan neketsua zen, zeren eta artoa azaoran gordetzen baitzen. Horrelakoetan, nekea arindu nahian, dibertigarri erabiltzen ziren joko, kantu, imintzio eta hizketaldiek era askotako jokamoldeak zituzten: ipuin eta alegiak, asmakizunak, kantuak, lectio epistolae izenekoak, eta ezkontzako hitzarmena, bikote ausartenaren artean egina, jokamolde parateatralen eredu jakina. [1] Artazuriketa gogokoa zen gazte artean baina elizaren ikuspuntutik zren eta batzutan oso berandu arte irauten baitzuen.

Auzolanaren tradizioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal nekazarien munduan ohikoa zen hainbat lan taldean egitea. Etxekoak ez ezik, auzoak eta senideak ere batu ohi ziren soroetan laiaketan eta goldaketan egiteko, garitzetan garia ebakitzeko, larrainetan garia jotzeko, mendietan garoa ebakitzeko zein orbelak batzeko, edo etxeetan liho ezpatetak egiteko. Tradizio berean artazuriketak sartzen ziren.

Literatura artazuriketetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrelako bilkuretan lekuan lekuko herri literaturaren tradizio agerpen biziak izan ohi dira, ahozko literaturaren garapen eta zabalkundean garrantzi handikoa izan zelarik.[2] Aipatzekoak kantu irrigileak, elezaharrak, asmakizunak, eta beste mota askotako piezak. Halaber, literatur ekintzetan ere, probaleku eta nolabaiteko eskola ziren bilkura horiek.

Antzerki mota bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artazuriketa deitura ematen zaie, bestalde, auzolanaren testuinguru horretan egin ohi zen herri antzerki mota bati ere, zenbait tokitan errando deitura berezia hartu zuenaren baliokide. Bereziki aipatzekoak dira gazteriak antzezten zituen pantomimak, ezkontza irrigarri bat jokatuz. Zuberoako fartsetan gai nagusia epaiketa den bezala, artazuriketan ezkontza zerratzea izaten zen; oso barregarriak gertatzen ziren pasadizoak eta erabat burugabeak ezkontzeko hitzarmenean sartzen ziren baldintzak. Ezkontzako xehetasunei dagozkienetan, testu mintzatuak bat-batekoak izaten ziren, eta testu kantatuak, berriz, tradiziozkoak.

Ahozko euskal literaturaren ikertzaile batzuek zenbait artazuriketa zati bildu zituzten, esaterako, Manuel Lekuona eta Jean Elizaldek.[1]

Elizaren kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artazuriketak gisako jardunak gizartearen harreman sarearen oinarrian zeuden eta XVIII. mendearen amaieran abade askoren beldurra izetu zuten, sarritan gauez ere luzatzen zirelako eta, kultura herrikoian ohikoa zenez, behin lana utzita, jaia hasten zelako, agintarien eta apaizen ohiko kontrolik gabeko jaia, alegia.[3] Horregatik, ez da arraroa ohitura horren aurkako apaizen kritikak aurkitzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]