Arte zelta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kellsen Liburuko apaingarriak.

Arte zelta terminoak zeltiar zibilizazioen adierazpen artistikoei egiten die erreferentzia. Kategoria eztabaidatua izan da, "zibilizazio zelta" bezainbeste; izan ere, denbora tarte oso dilatatu bati aplikatzen zaio eta elkarren artean lotura duten kultura desberdinei ere bai.

"Arte zelta" espresioa britainiar irletako arte pagano berantiarra eta kristau goiztiarrarekin zerikusia daukan kontuetan erabiltzen da batez ere. Adierazpen artistiko ospetsuena goi erdi aroko eskuizkribu ilustratu batzuk dira, irlako arte autoktonoaren adierazgarri diren elementu estetiko askorekin apainduak. Horren adibide dira Kellseko Liburua, Durroweko Liburua edo Lindisfarneko Ebanjelioak. Bestalde, aipatzekoak dira harri piktoak (eskoziarrak) eta kaliz, lokamu eta gurutze zelta irlandarrak.

Irletako arte zelta, lazo eta espiral irudi adierazgarriekin, oso loturik dago apaintzeko arte zoomorfiko[oh 1] vikingoarekin, gehienbat Borre estiloa.

Ikuspegi zabalgo batetik ulertuta, Brontze Arokoak dira arte zeltaren lehen albisteak, baina Lehen Burdin Aroan (edo Hallstatt Aroan) eta, batez ere, Bigarren Burdin Aroan edo La Tène Aroan izan zuen garapen handiena.[1]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Abstrakzio geometrikoa: artea desmaterializatu egiten da, adierazi nahi den figuraren oinarrizko marrak bakarrik gordez edota hauek gabe ere bai (espiralak, korapiloak...). Eskema geometrikoetara murrizten da.
  • Irudimena: askotan obra artistaren teknika eta irudimenari askatasuna emateko aitzakia soilik izaten da.
  • Horror vacui: hutsari beldurra ere deitua, egiptoarrek erabilitako terminoa, zelten oso adierazgarria da. Ez da puntu hutsik aurkitzen artistak erabiltzen duen espazioan, normalean behintzat.
  • Zoomorfismoa: animaliak, errealak edo fantasiazkoak, lehentasuna daukate zeltan apaingarrietan. Seguruenik izaera totemikoa izango zuten figura horiek hasiera batean.
  • Apaingarrien nagusitasuna edukiaren gainetik: artista zeltak eszena bat obraren erdigunean koka dezake, baina beti emango die garrantzia handiagoa bigarren mailako apaingarriei. Antza denez erakargarriena da eurentzat eta adierazteko modua hobekien erakusten duena.

Laburbilduz, arte zelta bere sinbolismoagatik eta geometria gustatzeagatik bereizten da. "Kaos ordenatu" sentsazio bat sortzen du bere forma pikart baina simetrikoekin. Naturalismo zantzu bat ere badu, baina errealismo totaletik aldentzen da.

Arte zelta Iberian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikuntza aipagarriena kastroak dira, mendien gainetan altxatutako harresidun herrixkak, zeltek Dueroko haranean edo Galizian okupatutako lurraldeetan aurkitzen direnak: Las Cogotas (Avila), Santa Tregako kastroa (Pontevedra), adibidez.

Guisandoko Zezenak

Berantiarragoak eta kultura iberiarrarekin lotuta daudenak arebakoen hiriak dira. Asko dira garapen urbanistiko handia dutenak, esate baterako, Numantzia eta antzinagokoak, harriz egindako etxe eta kaleak.

Eskulturan, betoien aketzek (espinolez verracos) irudikatzen dute arte zeltaren animaliekiko zaletasuna. Zezenen antza daukaten animalien figurak dira, abeltzaintza babesten dutenak. Guisandoko Zezenak dira aipagarrienak, Avilan aurkitzen direnak.

Arte Zeltako Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Abere itxura duena

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Arte zelta. Lur entziklopedia tematikoa» www.euskadi.eus (Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika Saila) 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2023-02-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]