Arteako Kokomarroak
Arteako Kokomarroak | |
---|---|
Mota | Inauteri |
Kokaleku | Artea |
Herrialdea | Espainia |
Arteako Kokomarroak Arratia bailarako Artea herriko Aratusteetako pertsonaiak dira.
Lehen urratsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2021ean, pandemia garaian, hainbat urtez lozorroan egon ostean, herritar taldetxo batek herriko zaharrenek akorduan zituzten Kokomarroak “berpiztu” zituzten.
2020ko Gabonak aldean hasi ziren martxan, oraindik ez zekiten zehatz Artean aratusteetan aurreko sasoietan zer egin izan zen eta besterik ezean hutsetik hastea pentsatu zuten. Oier Araolaza eibartar antropologoa gonbidatu zuten eta neguko jaien inguruko azalpena eman zien, Arteako Kultur etxeko aretoa bete egin zen eta aurrera jarraitzeko gogoa piztu zitzaien.
Lekukotasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antolatzen hasi eta hara non lekukotasun eder bat heldu zitzaien, Luis Mari Amundarain Uriarterena, bere iloba Maiderrek jasoa:
“Martitzenean jai-erdi zan, goizean behar, bea arrastien fiesta iten zan. Etxeko zaharren erropakaz janzten zan jentea, erropa zaharrakaz-eta, arranakaz-eta, narruekaz-eta, ardi narruek, ahuntz narruek… Mozorroa jantzite egoten ziren horreri kokomarroak esaten jakien”.
Honek poztu ez ezik, haritik tira egiteko balio izan zien eta beste lekukotasunen bat ere batu zuten ondoren.
Antolaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Talde txikia izan zen hasieran, baina ekimena indarra hartuz eta haziz joan zen, apurka-apurka. Bakoitzak bere ekarpena egin zuen, batek larruak, besteak arranak, adarrak hurrengoak. Zakuak lagunari eskatu, alboka jotzeko prest musikaria, burua egiteko prest artista… Horixe izan zen ederra hain zuzen, Kokomarroak guztion artean berreskuratzea.
Eguna hurreratu ahala, gero eta jende gehiago hasi zen batzen eta etorriko zela esaten, beraz, baimena eskatzea erabaki zuten, eta bi lerrotan egin zuten herriko eskolatik plazarainokoa, pandemiako araudiak eskatzen zuena betez.
"Herriko eskolan egina genuen hitzordua elkarrekin jantzi eta kalejirari hasiera emateko. Han sortutako giroa deskribatzea ez da erraza: musikariak jotzen hasi eta besteok janzten ari ginen bitartean energia berezi bat sortu zen, talde izaera hartu genuela esan daiteke, aurretik guztiok elkarrekin ezer gutxi egindakoak ginen arren. Guztira 50 bat lagun elkartu ginen, kontuan izanda Arteakoak baino ez geundela eta gure herrian 800 biztanle baino gutxiago garela, ez da kopuru makala"
Kalejira polito joan zen, plazan dantza pare bat egin zituzten eta amaitzeko “Kuberue” izena eman zioten panpina erre zuten Infanteko landan epaia irakurri ondoren. Argi zeukaten zer irudikatuko zuen urte hartan erreko zutenak, "koronabirusa", zer bestela.[1][2]
Hurrengoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2022an ere, aurreko urteko arrakasta ikusita, antolatu zuten Kokomarroen kalejira eta apurka apurka errotuz joango den itxaropena piztu zitzaien Arteako antolatzaileei. Kalejira alaiari amaiera emateko "Kuberue" erre zuten epaitu eta haren kontrako karguak irakurri ondoren [3]:
Gaur, Kuberue, Arteako herritarrok epaitzen zaitugu. Zure kontrako karguak honako hauek dira:
- Gizartea zatitzea eta liskartzea.
- Pertsonen askatasun indibidualak murriztea eta kontrol soziala ezartzea.
- Gure barrenik sakonenean gordeta zegoen polizia azaleratzea.
- Derrigorrez taberna kanpoan hartutako tragoengatik makina bat katarro hartzea.
- Gure aisia eta osasuna erabaki politikoen menpe jartzea.
- Albokoaren ezinagatik, poztasun krudelak sortzea.
- Ospitale eta egoitzetan daudenak, familiakoen zaintza eta bisita gabe uztea.
- Tabernari eta langileak polizia lanetara behartzea.
Urraketa guzti hauen aurrean, herri epaiketa honetan heriotz kondena ebazten dugu. Eta kondena hori ze bitartekoz erabakitzen dau herriak? Sua, sua, sua !!! [4]
2023an deialdia finkatzea lortu zuten eta hainbat herritarrek parte hartu zuten kalejiran zein osteko jaian. Plazan dantzari kopurua gehitzeko esperantzan, entsaioan ibili zen taldetxo bat urte osoan zehar. Urte hartan Kuberuek Iberdrola dorrea irudikatu zuen.[5]
Bestelako jaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aratusteez gain, beste data batzuetan ere elkartzen dira Kokomarroak: udako solstizioan, gaba baltzean eta Santa Ageda bezperan. Hasiera batean taldeari beste izen bat ipintzea pentsatu bazuten ere, azkenean aratusteetako pertsonaiena mantentzea erabaki zuten.[6]
Udako solstizioan, tradiziotik moldatutako bertsoak kantatzen dituzteparte hartzaileek. Suaren inguruan batzen dira borobilean, eskutik heduta eta besoak mugituz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ixo.aroma. «Arteako aratusteetan Kokomarroak bueltan» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
- ↑ «Kokomarroak esnatu dira» Bizkaiko Hitza 2021-02-19 (Noiz kontsultatua: 2023-02-14).
- ↑ «Aratusteetako ekintza ugari antolatu dira barikurako - Zeberio» Begitu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
- ↑ «“Kuberue” erre dabe Arteako Kokomarroek aratusteetan - Artea» Begitu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
- ↑ «Bihar hartuko dabez mozorroek herrietako kaleak - Arratia» Begitu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
- ↑ ixo.aroma. «Hemen da eguzkia» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-07).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arteako Kokomarroak Kuberue erre zuten pandemia urtean, bideoa Begitu, 2022.03.01