Artemia parthenogenetica

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artemia parthenogenetica
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaBranchiopoda
OrdenaAnostraca
FamiliaArtemiidae
GeneroaArtemia
Espeziea Artemia parthenogenetica
[[|]]
Añanako Gatz Haraneko ur gesaletan bizi da Artemia parthenogenetica.

Artemia parthenogenetica Anostraca ordeneko krustazeo brakiopodoa da, halofiloa izanik ur gesal kontinentaletan bizi dena. Euskal Herrian, Añanako Gatz Haranean (Araba) bizi da[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artemia guztiak bezala, hau ere antzinako artropodo tipikoa da, gorputz segmentatua eta hosto itxurako gorputza adarrak dituena. Guztira 19 segmentu izan ohi ditu eta hauetako hamaikatan luzakin parea daude. Ondorengo bi segmentuetan arrautzak garraiatzen ditu eta azkenengo segmentuek isatsa osatzen dute. 3 mm eta 1 cm arteko luzera du eta sabela gorantz begira duela egiten du igeri. Kitinazko exoeskeleto finak estaltzen du gorputza eta emearen kasuan obulazio bakoitzean azala mudatzen du.

Buruan begi konposatu bi ditu pedunkulu flexiblea dutenak. Hauetaz gain begi naupliar bat ere badu buruaren aurrekaldean, nauplia larbaren fasean ikusmen organu bakarra dena eta helduaroan ere funtzionatzen jarraitzen duena[2].

Dotazio genetikoari dagokionez animalia tetraploidea da[3].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artemia espezie hau partenogenesi bidez ugaltzen da, hau da, ernaldu gabeko obulu batetik. Izan ere espezie honetako ale ia guztiak emeak dira. Tarteka arren bat agertzen da sexu ugalketa burutu eta espezieak eboluzionatu ahal izateko[4].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa hegoaldean bizi da, Iberiar penintsulatik Turkiaraino[4]. Ur gaziak eta gesalak ditu gustoko eta tenperatura altuetan ongi moldatzen da, beti ere ingurunea egonkorra bada. Hainbat tokitan Artemia franciscana espezie amerikarra agertu da, akuikulturako arrainen elikagai izateko ekarria. Lehia horretan Estatu Espainiarreko hainbat gatzaga kolonizatu ditu eta Artemia parthenogenetica iraungipen arriskuan egon daitekeela uste dute zientzilariek[1].

Bestalde azken hamar urtetan Australia mendebaldean ere aurkitu da Artemia parthenogenetica. Badirudi hegazti migratzaileek eraman dutela lehortzen ari ziren eta beraz gazitasun maila handia zuten aintziretatik[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «artemia» chatovitoriano.atspace.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).
  2. R. J. Criel & H. T. Macrae. (2002). Artemia morphology and structure. Kluwer Academic Publishers, 1–33 or. ISBN 978-1-4020-0746-0..
  3. (Gaztelaniaz) Mantra. (2015-03-11). «Estudio de la fauna y la flora halofilas del valle salado de añana (rioja alavesa), con vistas a su conservación, evaluación de recursos y posible explotación» Observatorio Español de Acuicultura (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).
  4. a b (Gaztelaniaz) «Artemia parthenogenetica» NaturaLista (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).
  5. (Ingelesez) McMaster, Kellie; Savage, Alan; Finston, Terrie; Johnson, Michael S.; Knott, Brenton. (2007-02-01). «The recent spread of Artemia parthenogenetica in Western Australia» Hydrobiologia 576 (1): 39–48.  doi:10.1007/s10750-006-0291-0. ISSN 1573-5117. (Noiz kontsultatua: 2021-07-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]