Edukira joan

Artoaren iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezkio-Itsasoko Arriarango Billaria baserriko taloak egiteko talo-burdina (San Telmo Museoa). XVII. mendetik aurrera eskualde atlantikoetan artoa hedatu ahala hazkunde demografikoa gertatu zen. Baserrien handitzea ere ekarri zuen, garia ez bezala kontsumitu arte artaburuak osorik gorde behar baitira egoki lehortzeko, eta ez uzta bildu orduko aletu eta kutxetan gordeta.

Artoaren iraultza deitzen zaio XVII. mendearen hasieran Amerikatik Europako kostalde atlantikora artoa iristeko prozesuari[1][2][3]. Artoaren sarrera Asturiasen hasi zen, Gonzalo Méndez de Cancio Floridako gobernadore asturiarrak kutxa bat ekarri zuenean Tapia de Casariego herrira[1]. Euskal Herriko kostaldera XVII. mendean bertan iritsi zen[4]. Bere eraginen artean isurialde atlantikoan elikadura hobetzea, alea gordetzeko arkitekturaren aldaketa, eta baserriko zikloen eraldaketa ekarri zuen[3][5][6].

Artoa landatzeak neguan lurrari atseden ematea ahalbidetzen zuen, ganadurako utz zitekeen, berez, edo, lugorria alde batera utziz, beste produktu batzuk landatu zitezkeen, hala nola arbia, babarruna, egoskariak edo kuiak, giza kontsumorako bai abereen mantenurako. Bazka-landareak eta arbiak abelazkuntzaren mantenua ahalbidetzen zuten eta animalien ongarriak, karearekin batera, XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasieran lurraren erabilera intentsiboagoa posible egin zuen. Nekazariek produktu desberdinen hiruzpalau uzta lor zitzaketen. XVI. mende bukaerarako artoa bazegoen arren, XVII. mendearen lehenengo herenetik aurrera sartzen joan zen[7]

Gipuzkoan, artoaren hedapenak eragindako aldaketen eta XVII. mendeko tokiko merkatuen dinamiken ondorioz, espezializazio prozesu bat gertatu zen: kostaldeko herrietan eta ingurukoetan sagarraren eta sagardoaren ekoizpena handia zen bitartean –batez ere, Pasaia eta Donostia inguruan merkataritzako itsasontziak hornitzeko, arrantza-ontziak eta balea ehizatzen zutenak– barrualdera sartu ahala, sagarrondo kopurua txikiagoa zen, lurrak soroetarako aprobetxatzen ziren, eta zereal gehiago ereiten zen. Bi paisaia sortuz joan ziren: Goierrin zereala elkartzen zen azienda larriarekin, Beterrin sagarrondoz, artoz eta abere txikiz osaturiko paisaia eratu zen[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «La revolución del maíz que germinó en Tapia hace 400 años» La Voz de Asturias 2020-12-18 (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  2. Cembellín, Juan Manuel González. (1990). «LA INTRODUCCIÓN Y DIFUSIÓN DEL MAIZ EN EL CONCEJO DE GÜEÑES» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía (17) ISSN 2386-5539. (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  3. a b «Bizi-baratzea» Bizi-baratzea (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  4. Bilbao, Luis María Bilbao; Pinedo, Emiliano Fernández De. (1984). «LA PRODUCCIÓN AGRÍCOLA EN EL PAÍS VASCO PENINSULAR, 1537-1850 : TENDENCIA GENERAL Y CONTRASTES COMARCALES : UNA APROXIMACIÓN» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía (2) ISSN 2386-5539. (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  5. kizkitza. «Artoa — Igartubeiti Baserria» www.igartubeitibaserria.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  6. Aragón Ruano, Álvaro. (2015). «El sector agrario guipuzcoano en la encrucijada de los siglos XVI y XVII» Lurralde: Investigación y espacio (38): 89–116. ISSN 0211-5891. (Noiz kontsultatua: 2025-01-27).
  7. a b González Dios, Estíbaliz. (2018). «Gipuzkoa lehenengo globalizazioan (XVI.-XVIII. mendeak)» Gipuzkoako historiaren sintesia (Gipuzkoako Foru Aldundia): 295-296. ISBN 9788479077778..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]