Artritis erreaktiboagaixotasun erreumatikoa da, espondiloartropatia mota bat (espondiloartropatia seronegatiboa), jatorrian osagai genetikoak (esaterako, HLA-B27 antigenoa) eta ingurugirokoak (infekzio bakteriarra) dituena. Infekzio bakteriar batek (traktu gastrointestinalean eta urogenitalean, batik bat), joera genetikoa duten gizabanakoengan, aparteko erantzun immunea sortzen du, gaitzaren sintoma erreumatikoak agertuz (mina eta hantura hainbat artikulaziotan, batez ere belaunetan, orkatilan eta aldakan) [1]. Gaitzak konjuntibitisa eta larruazaleko lesioak ere eragin ditzake.
Hans Reiter sendagile alemanak deskribatu zuen estreinakoz (1916an) artritis mota hau [2], eta bere omenez "Reiter sindromea" ere deitu zitzaion. Gaur egun, aldiz, artritis erreaktibo izendapena lehenesten da.
Chlamydia trachomatis bakterioak harreman sexualetan sortzen duen infekzio genitala eta Shigellak sortutako infekzio gastrointestinala dira AEBetan artritis erreaktiboaren kausa nagusiak [3]
Artritis erreaktiboa ez da sintoma erreumatikoak dituen eta infekzio baten ondorioz pizten den gaitz bakarra. Sukar erreumatikoa eta Lyme gaitza, batik bat, infekzio batek sortutako gaixotasun erreumatikoak ere badira. Azken hauetan, ordea, bakterio bakar batek (Streptococcus pyogenes sukar erreumatikoaren kasuan, eta Borrelia burgdorferi Lyme gaitzean) gaixotasuna eragiten duen bitartean, artritis erreaktiboaren kasuan anitzak izan daitezke gaitza pizten duten mikrobioak.
Infekzio urogenitala edo gastrointestinala agertu eta 1-5 asteetara hasi ohi dira artritis erreaktiboaren sintomak. Sintoma horiek luzaro iraun dezakete, 12 hilabeteetaraino, baina kasu gehienetan epe aldakor baten ondoren desagertzen bukatzen dute.
Sintoma erreumatikoen artean, hauek dira ohikoenak:
hantura eta mina belaunetan, orkatiletan zein oinetan (gaitzak beheko gorputz-adarrak jotzen ditu batik bat)
lunbalgia ez da ez-ohikoa
Sintoma ez-erreumatikoen artean, hauek dira aipagarrienak:
konjuntibitisa
larruazaleko lesioak: negala oinazpietan eta esku-azpietan, batez ere
kasu gutxi batzuetan asaldura neurologikoak, kardiobaskularrak eta biriketakoak ager daitezke
Kasurik ohikoena, gizonezkoengan, hiru sintoma kliniko hauekin azaltzen da: artritisa, uretritisa eta konjuntibitisa. Hau da Hans Reiter sendagileak 1916an estreinakoz deskribatu zuen sindromea.
Gaitza ez-ohikoa da umeengan, eta 20-40 urte bitarteko helduei eragin ohi die. Gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago jotzen ditu [4]