Edukira joan

Artzaintza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artzaina, sasi ardiekin.

Artzaintza ardiak taldeka zaintzeko jarduera da. Normalean mendian, zelaietan edo kanpoaldeetan zaintzen dituzte. Halaber, gaztagintza ere zeregin tradizionalen artean egon izan da beti.

Artzainak dira ogibide hau dutenak. Euskaraz, beste hitz batzuk erabiltzen dira zaintzen den animaliaren arabera; behiak zaintzen dituztenak unaiak dira, eta txerrien jagoleak, berriz, urdezainak.

Tradizionalki, artzain txakurrek asko lagundu izan dute zeregin honetan.

Erlijioan, artzaina deitzen diote batzuetan apaiz edo abadeari, zaindaria dela adierazteko. Izan ere, Ebanjelioaren arabera Jesus Nazaretekoa Artzain Ona da (Joan 10. 1-18).[1]

Etimologia: *ardi-zani (> *art-zâhî) (ardi-zain)[2] Koldo Mitxelenaren ikerketen arabera.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko artzainen historia»
Miren Aire artzaina

Artzaintza neolitikoan hasi zen, duela 12.000 urte inguru eta gaur eguneraino iritsi zaigu. Natur ingurunean egiten den erabilerarik zaharrenetarikoa da. Ekialdeko kulturak artzaintzan du jatorria. izan ere, duela gutxi arte, artzaintzari loturiko bizimodu eta lan molde zahar-zaharrak kontserbatu dira, konparazio batera, kaikuaren erabilera. Ardi eta ahuntz-esnea biltzeko erabiltzen zen zurezko ontzia da (pagoa edo urkia) atal batean egina. Helduleku bakarra du. Halaber, isurkinak berotzeko erabiltzen da, barnealdean harri kiskaliak sartuta (esnea, gazura, ura).[3]

Euskal Herriko eremu atlantikoan latxa ardia hazten da, jatorriz Kantauri aldekoa.[3]

Bordako artzaintza egiten denean baserri bakoitzean 15etik 30era bitarteko artaldeak hazten dituzte (60 izan badaitezke ere). Neguan baserritik hurbileko bazkalekuetan egiten dira eta udan, aldiz, mendi garaietako bazkalekuetan, bertako belarra gozoagoa izaten baita aziendarentzat. Oro har, ardiak bere kasa uzten dituzte, ia zaindu gabe, baina egunero jezten dituzte. Lehenago, maiatzetik udazkeneko lehen hotzak etorri arte, artzaina goiko bazkalekuetatik hurbil bizi zen, etxoletan. Goiznabarrean, ardiak jetzi eta iraupen laburreko hainbat janari prestatzen zituen: gaztanbera, zenberona. Eta iraupen luzekoak ere bai: gazta. Artzainak azienda gobernatu behar zuen: ardi gaixoak sendatu, bildotsei jaiotzen lagundu, artilea moztu, etxola eta saroiak konpondu, artaldea bazkaltzera eraman. Noizbehinka, familiakoren bat etxolara joan gaztak hartu eta, gehienetan, baserrian ontzen uzten zituzten.[3]

Etxola (artzain txabola) mendiko etxe txiki eta xumea da, hegoaldera begira eraikia. Barnean baditu zurezko edo harrizko paretez bereizitako hiru gela: sukaldea, logela eta gaztandegia. Ondoan saroia zuten eta, zenbaitetan, txerritegia ere bai.[3]

Euskal Herriko artzainak hemen eta munduko leku askotan ezagunak izan dira historian zehar. Izan ere, XIX. mendetik aurrera hemendik joandako asko artzain ibili zen Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean, batik bat Idaho, Kalifornia eta Nevada estatuetan.

Bestela, herri kirol moduan dira gaur egun ezagunak. Gurean ohikoak dira artzain-txakurren lehiaketak, eta guztien artean Oñatikoa da ezagunena.

Artzain ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Biblia/Joan#10:14 — Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2021-08-12).
  2. Koldo Mitxelena (1976). Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Aldundia.
  3. a b c d Bertizko Jaurerria natur parkeko kartela Irretarazu-ra igotzeko bidean.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]