Arza etxea

Koordenatuak: 42°51′46″N 2°20′00″W / 42.86284°N 2.33342°W / 42.86284; -2.33342
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arza etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAraba eta Donemiliaga
Koordenatuak42°51′46″N 2°20′00″W / 42.86284°N 2.33342°W / 42.86284; -2.33342
Map
Ondarea
EJren ondarea6

Arza etxea Donemiliagako Egilatz auzoan dagoen hiri-jauregia da.

2000ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donemiliaga udalerriko eraikina Egilazko Arza 1. zenbakiko biztanleria-gunean kokatua dago.

Etxea herriaren hego-ekialdean dago, isolaturik, herria zeharkatzen zuen N-1 (Madril-Irun) errepide zaharretik gertu. Hogei metroko fatxada eta hamalau metroko sakonera duen oin laukizuzena, bi solairu (behekoa eta lehenengoa) eta estalkitarte bat dauzka. Estalkitarteari ez zaio fatxada nagusitik argirik sartzen eta bi isurialdeko teilatu batez estalia dago (atzealdera ematen duen isurialdea handiagoa da) fatxada nagusiarekiko paraleloa den galdur batekin.

Eraikinaren oina oso trinkoa da baina desegokiak diren bi eranskin dauzka atxikirik: bata fatxada nagusian eta bestea, sinpleagoa eta aurri-egoera larrian, iparraldeko alboko altxaeran.

Ekialderantz begiratzen duen fatxada nagusia, bi sektore erditan banaturik dago, bere apareju desberdinaren ondorio. Ezkerraldeko erdia, apalagoa eta eranskinetako batez zati batean estaltia, harlangaitzezkoa da. Beste erdia, landuagoa, harlanduzko blokeen bidez egina dago. Iparraldeko eta atzeko albo-altxaerek harlangaitza erabiltzen dute beren pareten sakonerarako, eta harlandua, aldiz, angelu-kateentzat eta bao originalen azpaduretarako baino ez. Hegoaldeko albo-altxaeraren luzitu eta kareztatuak fabrika ezkutatzen badu ere ez dago zalantzarik sakonera harlangaitzezkoa dela eta izkinetan eta bao orijinalen azpaduretan harlanduzkoa.

Etxea oso itxia da. Fatxada nagusian eta atariko beheko solairuan, ezkerretik eskubira, honako hauek topa ditzakegu: ertza kanpoaldera duen eta sekzio karratukoa den barrotezko erreja batez itxitako leiho ia karratua, bebarrua argitzen duen leiho etzan txiki bat, dinteldatutako atealdea, eta azkenik, geroago irekitako leiho luzexka, bere azpaduran ez baitauka aurreko hiru hutsuneek duten marko nabarmendu eta ukondotuak. Solairu nagusian, atealdearekiko simetria gordez, beste leiho bat irekitzen da, moldura lau nabarmendua eta ukondotua daukana. Atealdearen gainean, leihoaren eskubandaren harlandu karratu batean, kalbario-gurutze bat dago grabaturik, dudarik gabe betetzen zuen funtzio paraerlijiosoaren adierazgarri. Bigarren leiho bat dago aurrekoaren ezkerraldean kokatua eta antzeko ezaugarriak dituena, eta solairu nagusian irekitako hutsuneak betetzen ditu.

Iparraldeko alboan, beheko solairuan, hiru hutsune daude. Horietako bat, eskuinerago dagoena hain zuzen, geroago ireki zen, eta beste biak aldiz eraikinaren garaikoak dira eta horregatik moldura laua, nabarmendua eta ukondatua daukate, fatxada nobleak bezala. Lehenengoa oso zabala da eta bebarrua argitzeaz arduratzen da. Bigarrena ikuiluaren sarrerako atealdearena da. Solairu nagusian, beheko solairuko hutsuneekin simetria gordez bi leiho irekitzen dira. Ezkerrean eraikinaren garaikoa dena dago eta fatxada nagusiaz hitz egiterakoan ikusitako ezaugarri berak ditu. Atealdearen gainean dagoena balkoi itxurako hutsunearen eredua jarraitzen du. Estalkitartea argitzeaz leiho txiki karratu bat arduratzen da.

Atzealdeko fatxadan bi hutsune besterik ez daude, bat solairu bakoitzeko. Horrek etxearen izaera itxia eta etxearen atzeko sektoreari eman zaion funtzio laguntzailea azpimarratzen du.

Hegoaldeko alboko fatxada irekiagoa da, baina oraindik beteguneek lehentasuna daukate. Horrek, berriro ere, etxearen funtzioen araberako banaketa hutsuneen kokapenaren arabera egituratzen digu. Pertsonen geletan hutsune gehiago biltzen dira. Behetik gora hiru dira, bi eta bat, hiru solairuetako bakoitzean irekitako leihoak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa