Asasino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alamuteko gaztelua, Asasinoen gotorlekua

Asasinoak (arabieraz: حشاشين‎, Haxaxin) Hasan ibn Sabbah persiarrak sorturiko sekta xiita ismaildarreko kideak izan ziren; aldaera honek 1090-1272 bitartean iraun zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. mendean, ismaildarrek Kairon kokatu zuten beren boterearen erdigunea. XI. mendean, ordea, Persiako ismaildarrek eten zituzten harremanak Kairoko metropoliarekin, eta ordutik aurrera, Hasan ibn Sabbah-ek gidatu zituen. Alamut izeneko gotorleku batean kokatu ziren Iran iparraldean. Nizari deitura hartu zuten beren burua izendatzeko, baina etsaiek beste izen bat zeukaten haientzat: hashshashin[1].

Nizariek ez zuten agintari suniten menpeko izan nahi eta bi hautu egin zituzten: bat, Alamuten gotortu, babesleku indartsu eta zeharkaezina; bi, hilketa selektiboak egin, etsaiak ziren errege edo estratega militarren aurka[1]. Sekta ezkutuko elkarte gisa zegoen eratua; zelula isilpekoak lurraldeko buruzagien mende zeuden, eta hauen gainetik zegoen sektako maisu nagusia. Ikaraturik eduki omen zituzten X-XII. mendeen artean beren etsaiak, sekulako gaitasuna baitzeukaten jende esanguratsua hiltzeko; gainera, ekintza horietako asko atentatu suizidak izaten ziren[1]. Besteak beste, Nizam al-Mulk bisirra (1092), Raimundo Tripolikoa (1152) eta Konrado Monferratokoa (1192) sekta honetako kideek hil zituzten[2].

Kondairaren arabera, haxixez horditu ohi ziren hilketak egiteko: Hasan ibn Sabbah Mendiko Zaharrak paradisuko giltza zeukala zin egiten zien bere jarraitzaileei; haxixa ematen zion gizon gazte bati, konortea galtzen zuen arte. Orduan, Alamutetik hurbil zeuden lorategi sekretuetara eraman eta esnatzerakoan emakume ederrenen artean inguratuta ikusten zuen bere burua, harem batean. Gizonak pentsatzen zuen paradisuan zegoela. Ondoren, haxix zatiak irentsiarazten zizkioten oharkabean, berriz konortea galtzen zuen arte. Azkenik, Alamuteko gotorlekuan esnatzen zen bueltan. Nizariek bere bizia borrokan galtzeko desiratzen zegoen gazte bat gehiago zeukaten horrela[1].

Rukh al-Din Khurxahren agintaldian (1255-1256) nizarien estatua gainbehera etorri zen, eta Hulagu Khan buru zuten mongolak gotorleku guztiak berenganatuz joan ziren. Alamuteko gaztelua ere hartu eta suntsitu zuten.

Asasinoak literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Hach Embarek, Beñat. Alamut, hashshashinen gotorleku. zuzeu.eus, Creative Commons, Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (Noiz kontsultatua: 2017-2-14).
  2. Lur entziklopedietatik hartua.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Marín, Isidro, Asasinoen sekta, itzultzailea Andoni Eskisabel, Ostiela aldizkaria, datu-basea3.wikispaces.com