Asterix

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Asterixen logotipoa.
Albert Uderzo, Asterix marrazten, 1971n.

Asterix[1] edo Asterix Galiarra (frantsesez: Astérix le Gaulois) René Goscinnyk (istorioa) eta Albert Uderzok (marrazkiak) sortutako istorio sorta da. Probazko lehenengo atala (pilotua) 1959ko urrian kaleratu zen. Gehienetan komiki eran izan dira zabalduak, baina telebistarako sailak eta filmak (bai marrazki bizidunak, bai "errealak") ere sortu dira. Hizkuntza askotara itzuliak izan dira: euskarara (1976an Jesus Mari Arrietak lehen aldiz)[2] latinera, greziera zaharrera...

Marrazki bizidunen formatua du, eta, hasieratik, adin guztietako irakurleak erakarri ditu. Umeentzako borrokak eta istorio sinple eta barregarriengatik eta nagusientzako hitz-joko eta gaur egungo pertsonaiekin egiten diren konparaketengatik (adibidez: Asterix eta normandoak istorioan, frantziar hizkuntzako jatorrizko bertsioan hiriko gazte bat "The Monkix" (The Monkees taldearen erreferentzia segur aski) oihukatu eta eta "ye-ye" doinuak kantatzen ditu, eta euskarazko bertsioan itzultzaileak Kortaturen Sarri, Sarri abestia jartzea erabaki zuen).

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« K.a. 50. urtean gaude. Erromatarrek Galia osoa armaz hartuta daukate... Osoa? Ez! Galiar menderaezin batzuek burua makurtu gabe eusten diete oraindik ere indarrez sartu nahi dutenei. Eta bizimodua ez da batere erosoa Babaorum, Aquarium, Laudanum eta Petibonum kanpamendu txikietan dauden soldadu-taldeetako legionario erromatarrentzat...  »

Asterix istorio sorta sortu baino lehen, Goscinnyk eta Uderzok Oumpah-pah sortan lan egin zuten, Tintin aldizkarian argitaratu zutena.[3]

Astérix lehendabizikoz Pilote aldizkarian argitaratu zuten. Lehen alea 1959ko urriaren 29an agertu zen.[4] 1961ean lehenengo albuma atera zuten, Asterix galiarra hain zuzen ere. Ordutik aurrera ia urtero agertu zen album berri bat. Arrakasta esponentziala izan zen: lehenengo albumak 6.000 ale saldu zituen urtebete batean; bigarrenak 20.000; 1963an, hirugarrenak 40.000; 1964an, laugarrenak 150.000; urtebete geroago, bosgarrenak 300.000; 1966an Buruzagien burrukaren lehenengo edizioak 400.000 ale saldu zituen. 1967an, bederatzigarrenak bi egunetan 1,2 milioi ale saldu zituen.

Uderzok, lehenengo zirriborroetan, Asterix galiar gudari indartsu tradizional margotu zuen. Goscinnyk, berriz, beste ideia bat zuen. Bere aburuz, Asterix gudari txiki bat izan zen, indarra baino adimena nahiago zuena. Orduan, Uderzok Asterixek lagun indartsu bat behar zuela uste eta, Goscinny aldekoa zenez, Obelix jaio zen.[5] Sailaren onarpena gero eta handiagoa izan arren, Pilote aldizkariaren babesa desagertu zen eta Georges Dargaudek ordezkatu zuen.[5]

Goscinny 1977an hil zenean, Uderzok irakurleen eskaerari eutsi eta album berriak sortu zituen. Orduan, Uderzok bere argitaletxea- Les Editions Albert-René- sortu zuen.[5] Dargaudek lehendabiziko 24 albumen eskubideak mantendu zituen. Hori zela eta, 1990ean, Uderzo eta Goscinny familiek Dargaud auzitara eraman zuten bere eskubideak berreskuratzeko. 1998an, epaiketa luze baten ondorioz, Dargaudek eskubideak galdu zituen. Uderzok Albert-Renéri baino Hachette argitaletxeari zenbait eskubide saldu zizkion, baina argitaratzeko eskubideak horrela geratu ziren: Albert Uderzo (%40), Sylvie Uderzo (%20) eta Anne Goscinny (%40).

2008ko abenduan, Uderzok bere akzio guztiak saldu zion Hachetteri.[6] 2009an Le Monden argitaraturiko eskutitz batean, Sylvie Uderzoren alabak aitaren jarrera kritikatu zuen.[7][8]

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 50. urtean Erromak Galia konkistatu du jadanik. Baina ez osorik: ipar-mendebaldean, bada konkistatu gabeko herrixka bat. Herrixka horretan (izen zehatzik gabea) bizi diren galiarrek indar izugarria ematen dien edari magikoa edaten dute borrokarako. Horregatik, borrokak beti irabazten dituzte (kasu gutxi batzuk izan ezik). Herri hau Galia oso konkistatu gabeko herri bakarra denez Erromako legioek askotan erasotzen dute. Askotan eraso horri buruzkoak dira istorioak, beste batzuk pertsonaiek egindako bidaiei buruz.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonai ugari ditu istorio honek. Gehienak galiarrak dira; hala ere, erromatarrak, normandoak, britainiarrak, etab. ere agertzen dira. Izenak, orokorrean hitz-jokoak izaten dira eta pertsonaiaren izaera fisikoa, psikologikoa edota lanbidea deskribatzen dute (postaria, batzuetan,[9] filatelix da eta Luteziako mafioso bat Gangsterix). Euskarazko bertsioan, izen asko euskaratu gabe ageri dira, eta hitz-jokoa frantsesez dago; barre puntua galtzen du frantsesez ez dakienak.

Herrixkakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Asterix: Istorio gehienetako pertsonaiarik garrantzitsuena, izan ere, komikiak deitzen ohi dira Asterix eta normandoak edo Asterix Helvetian. Borrokalari txiki, ausart, argi eta zintzoa da. Izena frantsesezko astérisque (izartxo, *) hitzetik dator.
  • Obelix: Asterixen lagun mina. Borrokalari handia, lodia, indartsua, ez oso argia eta oso zintzoa. Izena frantsesezko obelisque (obelisko) hitzetik dator (antzina hainbat kulturetan egiten ziren harri monumentu izugarri handiak).
  • Idefix: Obelixen txakur txiki-txikia. Gehienetan ez du istorioan zuzenean parte hartzen, beti Obelixen alboan doan arren. Izena frantsesetik dator: Idée fixe (ideia finko).
  • Panoramix: Herrixkako druida. Oso zaharra eta jakintsua da. Edari magikoa prestatzen du herrixkako auzokoek hobeto borrokatu dezaten.
  • Abrarakurzix: Herrixkako buruzagia. Izena frantsesetik dator (besarkada ebakita).
  • Asuranzeturix: Herrixkako koblakaria. Errementariarekin liskarretan dabil beti bere musikaren kalitatea dela eta. Izena frantsesetik dator: assurace à tout risque (arrisku orotarako asegurua).
  • Prehistorix: Herrixkako agurea. Beti borrokan ibiltzen saiatzen da. Edari magikoa hartzen duenean makulua bota eta korrika borrokara joaten da. Izena frantsesetik dator: préhistorique (historiaurreko).
  • Ordenalfabetix: Herrixkako arrain saltzailea. Errementariarekin liskarretan dabil beti bere arrainen kalitatea dela eta. Izena frantsesetik dator: ordre alphabétique (ordena alfabetikoa).
  • Esautomatix: Herrixkako errementaria da. Ipurterrea, beti Ordenalfabetix eta Asuranzeturixekin borrokan aritzen da.

Adiskideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Amerix: Urrezko igitaia istorioan Lutezian igitaiak egiten dituen Obelixen lehengusua.
  • Tragikomix: Falbalaren senargaia. Hainbat istorioetan agertzen da.

Erromatarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Julio Zesar: pertsonaia erreal bakarretarikoa (Julio Zesar). Erromatar inperioaren enperadorea da. Pertsonai hau erreal batean oinarrituta egon arren, bere ezaugarri guztiak ez dira errealak; ez baita deskripzio zientifikoa egin nahi, umorezkoa baizik.
  • Brutus: pertsonaia errealean oinarritua (Marko Junio Bruto). Zesarren senidea da, pertsonai erreala izan zen bezala. Astakilo hutsa da.

Besteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kerøsen, Målsen, Åbånsen, Neullisursen bikingoak Bidaia Handian agertzen dira.

Istorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

René Goscinny, esku artean Astérix chez les Helvètes (euskaraz: Asterix Helvetian) komikiaren ale bat duela.

Istorio hauek ez dira hizkuntza guztietan ordena berdinean argitaratu. Euskaraz, adibidez, ez dira kronologikoki kaleratu. Elkar argitaletxeak ordena honetan argitaratu ditu:

Elkarlanean eta Salvat argitaletxeek ere euskaraz argitaratu dituzte ale horietako batzuk eta beste batzuk. Elkarlaneanek argitaratua da Obelixen galera. Salvatek argitaratuak dira Asterix eta Latraviata, Asterix eta Obelix-en urtebetetzea. Urrezko liburua, Asterix eta Piktoak. Salvatek 2010. urtetik aurrera Asterixen abenturak berrargitaratu ditu bere garaian argitaratu ziren ordena kronologikoari jarraituz, Bilduma Handia izenarekin.

Album ilustratuei dagokionez, Salvatek hauek argitaratu ditu:

Asterixen oinarritutako bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran marrazki-bizidunetan egin zuten filmak:

Baina, 1999an, Claude Berri ekoizleari esker, zenbait live action film egin zuten:

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Asterix eta zentral nuklearra: Euskadiko Batzorde Antinuklearrek 1980 inguruan plazaratua, Alemanian argitaratuaren itzulpena. Zentral nuklearren kontrako protesta zabaltzeko helburua zuen; irudiak Jainkoen egoitzatik aterata daude gehienbat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Asterix Aldatu lotura Wikidatan