Atari:Donostia/Donostia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostia

Donostia (ofizialki Donostia euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz) Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da. Halaber, Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena da, 180.179 biztanle baititu, eta Euskal Herriko hiriburuetatik Donostiak du euskaldunen ehunekorik handiena: % 33,5. Haren metropoli eremuak 400.000 bat biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren muturrean, eta Madril-Paris errepide eta trenbide ardatzean. Hainbat auzotan banatua, Donostiak Urgull mendiaren oinetan du bere gune zaharrena, Parte Zaharra izenekoa. XIX. mendearen bukaeran, gune hori ixten zuten harresiak eraitsi eta hiria hegoalderantz zabaltzen hasi zen. Halaxe, erdialdeko zabalgunea osatu zen lehenik, eta geroago GrosUlia mendiaren oinetan eta Urumea ibaia bitartean— eta Amara —erdigunetik hegoaldera— auzo modernoak.

Turismoa hiriaren euskarri ekonomiko nagusietakoa izan da XIX. mendeaz geroztik, Kontxako badiaren edertasuna dela kausa. Gaur egun, mundu osoan du sona handia Donostiako gastronomiak, goi mailako sukaldaritza egiten duten sukaldari eta jatetxe entzutetsuei esker (Arzak, Subijana, Berasategi eta Castillo) eta edonoren eskura dagoen gastronomia egiten duten Parte Zaharreko taberna eta jatetxeetako pintxoei esker. Kulturaren arloan, nazioartearen arreta erakartzen duten hainbat ekitaldi antolatzen dira urtero: Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia, besteak beste. 2016an Donostia Europako Kultura Hiriburu izango da, Poloniako Wrocław hiriarekin batera. Donostiaren zaindariak San Sebastian eta Koruko Andre Maria dira, eta haien egunetan ospatzen dira hiriko jai nagusiak: San Sebastian eguna (Donostiako Danborrada), urtarrilaren 20an, eta Aste Nagusia, abuztuaren 15eko astean. San Tomas eguneko feria ere jaialdi handia izaten da, abenduaren 21ean.
...gehiago irakurri