Atari:Euskara/Artikulu nabarmendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu nabarmendua
Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui kantariarekin (ezkerretik hirugarrena). Besteak beste, JosAnton Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo ageri dira.

Euskal Kantagintza Berria 1961etik 1980ko hamarkadaraino Euskal Herrian jardun zuen euskal kulturako mugimendua da, Nova Cançó Catalanari jarraituz sortua. Euskal kultura azpiratua zegoen garai hartan, eta euskal abesti herrikoiak jendartean entzuten ez zirenez, abesti zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten, bai eta euskal abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ere, euskaldun jendea pizteko, «zegoen egoeratik esnatzeko».

Formaren ikuspegitik, Kataluniako, Frantziako eta Ameriketako hainbat egile abeslari hartu zituzten eredutzat. Edukiaren aldetik, Nova Cançó mugimenduan bezala, gizarte injustiziak salatu eta bertako hizkuntza aldarrikatu zuten, Frankismo garai hartan. Baina, Katalunian ez bezala, Euskal Herrian elebakarra izan zen kantagintza hori (hain zuzen ere, euskaratik datorkio euskal izendapena). Katalunian elebitasunera jo zuen hainbat kantarik (Joan Manuel Serratek, kasu).

XIX. mende bukaeratik zetorren kantagintza tradizionalean, abestaldeen kantu polifonikoa zen nagusi: abesbatzak, zortzikoteak, kantutegi tradizionaleko abestiak, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zioten zenbait tenorino eta opera abeslari... Kantagintza Berriak, ideologia berriak sartzeaz gain, kantautorearen irudia ekarriko du agertokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak «bakardadearen aroa» hasiko du, JosAnton Artzeren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantatzen.


...gehiago irakurtzeko, sakatu hemen