Atari:Japonia/Japonia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Japonia

Japonia (japonieraz: 日本 Nihon edo Nippon?) Ekialdeko Asiako uharte estatu bat da, Korea eta Txina ditu ekialdean, eta Errusiako Sakhalin uhartetik Taiwaneraino luzatzen da. Ozeano Barean kokaturik dago, Okhotskeko itsasoa dauka iparraldean, Japoniako itsasoa mendebaldean eta Ekialdeko Txinako itsasoa hego-mendebaldean. 3.000 uhartek osatzen dute Japoniako uhartedia; haien artean, Hokkaidō, Honshū, Shikoku eta Kyūshū dira handienak. Uharte menditsuak dira, sumendi jatorrikoak. Mendirik handiena Fuji da.

Munduko hirugarren potentzia ekonomikoa da eta estatu industrializatuenetakoa. Hiriburua Tokio da, munduko metropoli populatuena, 35 milioi biztanle iguru ditu.

Historia

Japoniarrak korear eta txinatar jatorrikoak dira nagusiki. Kojiki kondairaren arabera, Jinmu enperadoreak sortu zuen Japonia K. a. VIII. mendean. V-VI. mendeetan, kaligrafia txinatarra eta budismoa sartu ziren Korean zehar edo Txinatik zuzenean, beste ohitura ugarirekin batera.

710 urtean Heijō-kyō (平城京) hiriburua ezarri zen eta Nara Aroa abiatu zen. Japoniako enperadoreek harremanak eratu zituzten Txinako Sui eta Tang dinastiekin. Haien eredua jarraituz eraiki zuten hiriburu berria eta txinatik eta batez ere koreatik zetozen inmigranteak hartu zituzten. Hauek budismoa ekarri zuten.

VIII mendean monje budistek gobernu inperialean eragin nahi izan zuten eta 784 urtean Kanmu Enperadoreak budisten influentziatik urruti egongo zen toki berria aukeratu zuen, gaur egungo Kyoto ondoan dagoen Nagaoka-kyō eta 794ean Heian-kyō (平安京) izena ("lasaitasun eta bakearen hiria") izena eman ziona, gaur egun Kyoto. Enperadoreak ziren ofizialki agintea zutenak, baina egiazko boterea jauntxo edo shogun gerlarien esku zegoen. XVI. mendean zehar, merkatari portugaldar, holandar, ingeles eta espainiarrak Japoniara iristen hasi ziren, misio kristauak sortuz. Horien artean Frantzisko Xabierkoa zegoen. Hala ere, XVII. mendean, shogun indartsuek misiolariez susmoak hartzen hasi ziren, atzerriko indarren konkista militar baten aitzindaritzat jotzen baitzituzten. Babes neurri moduan, Japoniak eten egin zituen atzerriko herriekiko harreman oro, Nagasaki hirian merkatari txinatar eta holandar bakan batzuekin izan ezik.

Bakartzeak 251 urte iraun zuen, 1854an Matthew Perry komodoro estatubatuarrak Mendebaldearekin irekitzea behartu zuen arte, Kanagawako ituna zela medio. Garai luze batez, irekitze horrek aldaketa handiak eragin zituen Japoniako gizartean. Meiji berrezarkuntzak erreforma sakonak hasi zituen 1868tik aurrera. Sistema feudala ezeztu egin zen eta Mendebaldeko erakundeak aukeratu, batez ere gobernu eta lege sistemak, baita ekonomikoak, sozialak eta militarrak ere. Horrela, nazioarteko indar bihurtu zen oso epe laburrean. Txina eta Errusiaren aurkako gerretan, Taiwan, Korea eta beste lurralde batzuk bereganatu eta inperioa hedatu zuen.

XX. mendean, Japonia Alemania eta Italiarekin bat egin zuen Bigarren Mundu Gerran, Pearl Harbor base militar estatubatuarra 1941an erasoz. Estatubatuarrek Hiroshima eta Nagasaki hirien gainean bi bonba nuklear jaurti zituztenean gerra amaitu zen: Hiroshiman 90.000-166.000 hildako eragin zituen eta Nagasakin, 60-000-80.000 inguru.


...gehiago irakurtzeko sakatu hemen