Atarrabia Taldea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Atarrabia Taldea
Sorrera2011ko martxoaren 11n
Ideologia politikoaabertzalea, sozialdemokrazia

Atarrabia Taldea Atarrabiako tokiko alderdi politikoa da. Politikoki, euskaltzaletasunaren eta sozialdemokraziaren eremuan kokatzen da.

Sorrera

Alderdiaren jatorria Eusko Alkartasunaren udal taldean dago. 1991 aldera, EAJtatik joandako militanteak eta Herri Batasunaren inguruko gazteak bat egin zuten bertan. Hortik gutxira, taldeak beren lehen egoitza soziala izan zuen (Atarrabiako Elkartetxea) eta Oihua izeneko udalaren informazio buletin bat plazaratzen hasi zen.

Alderdiaren emaitzak udalerrian nabarmen egin zuten hobera eta 1987an zinegotzi bakarra izatetik 1995ean hiru izatera pasa zen. Oinarri soziala zabaldu eta EAren barruan autonomia indartu nahirik, taldeak 1999ko hauteskundeetarako Atarrabia Hautesle-Elkarte sortu zuen. Urte horretan, Pello Monteano buru zela, EA-Atarrabiak 3 zinegotzi eta alkatetza lortu zituen, Euskal Herritarrok (EH) eta Ezker Batuarekin egindako akordioari esker. UPN-PPko zinegotzi baten aurkako atentatuak eta EHren gaitzespen ezak, gobernuaren haustura ekarri zuen hura sortu eta hiru hilabetera. 2003 hauteskundeetan hautesle-elkarte bezala aurkeztu zen ere eta lau zinegotzi lortu zituen Monteano berriro ere alkategai zuela.

2007an, Nafarroa Bai (NaBai) koalizioaren sorkuntzarekin batera, EA-Atarrabiak, Atarrabia-NaBai markaren sorkuntza bultzatu zuen udalerrian. Pello Gurbindo buru zuen zerrenda hau bozkatuena izan zen eta 6 zinegotzi lortu zituen. Koalizio honek 2007-2011 bitarte agindu zuen udalerrian.


Alderdi politiko bilakatzea

2010eko azaroan Batzarrek Nafarroa Bai koalizioa utziko zuela adierazi zuen eta 2011ko urtarrilak Eusko Alkartasunak NaBai eta ezker abertzalearen arteko hauteskundeetarako adostasun batera iristeko aldekotasuna aditzera eman zuen. EA-Atarrabiak erabaki horrekin desadostasuna azaldu eta Aralar, Batzarre eta EAJrekin koalizioa errepikatzeko gogoa adierazi zuen. EAko zuzendaritzarekin izandako desadostasunen ondorioz, Atarrabiako ia militantzia osoak alderdia utzi zuen eta maila lokaleko talde politiko berri bat sortu zuen, Agrupación Atarrabia - Atarrabia Taldea, 2011ko martxoaren 23an. Hala ere, Aralarrekin negoziazioek ez zuten aurrera egin eta azkenik Batzarrerekin osatu zuen koalizio berria, Atarrabia Bai. Bost zinegotzi lortu zituen urte horretako hauteskundetan (4 Atarrabia Taldeak eta 1 Batzarrek), baina ez zen izan zerrendarik bozkatuena 11 botoren aldeagatik.

EAJk eta Zabaltzen elkarteak Bildurekin 2011ko hauteskunde orokorretan elkarrekin joateari uko egin ondoren, Aralarrek azkenik Amaiur koalizioan sartzea erabaki zuen. Hauteskundeen aurrerapenak ezinezkoa egiten zuen legalki NaBaiko beste kideek hauteskunde-koalizio berri baten sortzea Nafarroan. Atarrabia Taldeak proiektuan parte hartzea eta Geroa Bai koalizioari bide legala ematea onartu zuen. Atarrabia Taldeak adierazi zuenez, bere erabakiaren asmoa Nafarroako gizarteak "euskaltzalea, aurrerakoia eta integratzailea, herrialdeko identitate guztienganako begirunea eta Nafarroan zentratutako planteamenduak" izango zituen aukera bat eskaintzea zen[1]. Atarrabia Taldeak, autonomia erkidego mailako alderdi bezala izena emanda egon, behin baino gehiagotan adierazi du bere eragin eremua tokikoa izango dela.

Erreferentziak