Aterosklerosia[1]sindrome bat da, kalibre ertain eta lodiko arterien hormetako geruza intimoan substantzia lipidikoak gordetzeagatik eta iragazteagatik bereizten dena.[2]Arteriosklerosiaren modurik ohikoena da.
Hanturazko erreakzioa eragiten du, eta hormako muskulu-zelula lisoen ugalketa eta migrazioa, argi arteriala estutuz doazenak. Loditze zehatzei ateroma-plaka esaten zaie.
Alde batetik, arteria koronarioak buxatzen direnean kardiopatia iskemikoa, miokardioko infartu akutua edo bat-bateko heriotza gertatzen da. Bestetik, entzefaloak odoleztatzen dituen arteriak kaltetuta egotekotan, istripu zerebrobaskular akutua edo istripu iskemiko iragankorra gerta daiteke. Horrez gain, azken hauen errepikapenak dementzia multiinfartua eragiten dute. Bukatzeko, behe gorputz-adarretako arteriak kaltetuta egotekotan, noizbehinkako klaudikazioak edo behe gorputz-adarretako iskemia akutuak gertatzea litekeena da.
Sintomak direla eta, kronikoak eta denboran asko luzatu daitezke, edo bat-batean has daitezke, plaka hautsi eta tronbo bat sortu delako argi arterialaren bat-bateko estenosiagatik.[3]
Arteria normal eta kaltetu baten arteko desberdinatasuna
Erdiko nukleoa biguna, pikortsua eta horixka da, lipidoz osatua (kolesterola eta haren esterrak), eta zuntz-geruza batez estalia dago. Normalean, arteria-paretaren zirkunferentziaren zati bat hartuta baino ez dira agertzen, hala ere, odol-hodien zehar aldakorrak dira. Hasieran sakabanatuta ageretzen dira, baina gaixotasunak aurrera egin ahala, gero eta ateroma-plaka gehiago agertzen dira.
Aurreratutako kasuetan, plaken kaltzifikazio-prozesu bat ikus daiteke, eta horrek handitu egiten du plakan aldaketa akutua izateko arriskua. Plaka hautsi, ultzeratu edo narriatu daiteke, eta horren ondorioz, tronbo bat ager daiteke. Horrek arteriak irrigatutako zonaldean odoleztapenik ez izatea edo gutxituta egotea eragiten du (iskemia), eta hori hilgarria izan daiteke buxadura arteria koronario batean edo garuneko arteria batean gertatzen bada. Batzuetan, odoljarioa gertatzen da plakaren barruan, eta horrek hematoma bat eragin dezake, horrela plaka haustea lagunduz.
Ateroesklerosiaren funtsezko prozesuak geruza intimaren loditzea eta lipidoen pilaketa dira.
Ateroma-plakak funtsean arteria handietan agertzen dira, odol-fluxu zurrunbilotsuko guneetan, batez ere aorta abdominalean eta aorta torazikoan, arteria-adar nagusien jatorrizko zuloetan (ostium), arteria koronarioetan, barne-karotidetan, Willis poligonoaren odol-hodietan (garunari odola ematen dioten arterien multzoa). Pertsona berean hainbat lesio izaten dira eboluzio-fase desberdinetan.
Gaixotasun hau heriotza kausa nagusia da Mendebaldeko edo lehen munduko gizarteetan, Ipar Amerika, Europa edo Australian kasu, bizimodu ez oso osasuntsuari lotuta. Aterosklerosia garatzeko arrisku-faktoreak bitan sailka daitezke, haietan eragiteko aukeraren arabera.[4]
Adina. Eragile nagusi bat da. Bihotzeko gaixotasun iskemikoengatiko (adibidez, miokardioko infartuagatiko) heriotza-tasak handitu egiten dira bizitzan zehar, baita adinean aurrera egin ahala ere. Ateroesklerosia normalean ez da nabaria bizitza erdira arte edo ondoren, lesio arterialek organoetan kalteak eragiten dituztenean. 40 eta 60 urte bitartean, bost aldiz biderkatzen da miokardioko infartuaren intzidentzia.
Gizonezkoen sexua. Gaixotasun arteriosklerotikoa izateko arrisku erlatiboa handiagoa da gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Horrez gain, gaixotasunaren hasiera goiztiarragoa eta larriagoa da.[5]
Familia-aurrekariak eta alterazio genetikoak. Familiak ateroesklerosia eta bihotzeko gaixotasun iskemikoak izateko duen joera ongi definituta dago, eta segur aski poligenikoa (hainbat genek parte hartzen dute) da. Normalean, joera genetikoa beste arrisku-faktore batzuekin lotuta egoten da, hala nola, hipertentsioarekin edo diabetesarekin; eta gutxiagotan lipoproteinenmetabolismoan gertatzen diren alterazioekin, zeinek lipido-maila handiak eragiten baitituzte odolean, familiako hiperkolesterolemian gertatzen den bezala.
Hiperlipidemia edo odoleko lipido-mailaren igoera. Aterosklerosiaren arrisku-faktore nagusia da. Odoleko kolesterol-maila handiak gaixotasun kardiobaskular gehiagorekin erlazionatzen dira. Kolesterola garraiatzeko bide nagusiak dentsitate baxuko lipoproteinak (LDL) dira. LDL maila altuek erlazio oso argia dute aterioesklerosiarekin eta haren konplikazioekin, besteak beste, miokardioko infartu akutuarekin. Horregatik, LDLek garraiatutako kolesterolari kolesterol txarra deitzen zaio. Hala ere, dentsitate handiko lipoproteinek edo HDLek kolesterola ere garraiatzen dute, nahiz eta maila txikiagoan. Hauek aterosklerosiatik babesten dute, kolesterola ehunetatik kentzen baitute gibelera eramateko eta han behazunarekiniraizten da. Hori dela eta, HDLek garraiatutako kolesterolari kolesterol ona deitzen zaio. Zenbat eta HDL maila altuagoa izan, orduan eta txikiagoa da gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua. [6]Gantz-azido aseak eta kolesterol (animali-gantzetan eta gurinetan) ugariko dietak LDL kolesterola areagotu egiten du. Horrez gain, arrain-olioetan ugari diren omega-3 motako gantz-azidoak segur aski mesedegarriak dira. Bestalde, landare-olioen hidrogenazio artifizialak sorturiko gantz-transaseak kolesterol mailan ondorio kaltegarriak eragin ditzakete.[7][8][9]
Hipertentsio arteriala (HTA), edozein adinetako arrisku-faktore nagusietako bat eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua% 60 handitzen duena. Bentrikulu-hipertrofiaren kausa nagusia HTA da, bihotz-hutsegitearekin lotua. 45 eta 62 urte bitarteko gizonezkoek berain presio-arteriala (Pa) 169/95 mmHg gorakoa dena, bost aldiz arrisku handiagoa dute istripu kardiobaskularrak izateko, 140/90 mmHg-ko edo gutxiagoko Pa dutenek baino. Horrez gain, bai presio sistolikoa bai diastolikoa handitzea arriskua areagotzen dute. Bestalde, hipertentsioaren kontrako tratamenduek aterosklerosiarekin lotutako gaixotasunen intzidentzia murrizten dute, besteak beste, istripu zerebrobaskularrak.
Tabakismoa. Tabakoak dituen substantzia toxikoek, hala nola, nikotinak, arterien horman eragin toxiko zuzena dute, hanturazko erantzuna eraginez. Gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotza-tasa bikoizten da egunean zigarro-pakete bat edo gehiago erretzean, horregatik erretzeari uzteak nabarmen gutxitzen du arriskua.
Diabetes mellitusa. Hiperkolesterolemia eragiten du, eta aterosklerosia izateko joera areagotzen du. Miokardio-infartuaren intzidentzia bikoitza da diabetikoengan, eta aterosklerosiak eragindako beheko gorputz-adarretako gangrena maiztasuna 100 aldiz handitzen dela ikusten da.
Obesitatea. Erlazio lineala dago kausa guztien ondoriozko hilkortasunaren eta obesitatearen artean. Pertsona obesoetan gaixotasun aterosklerotikoa garatzeko probabilitatea handiagoa da, gorputz-masaren indizea zein gerri-zirkunferentzia kontuan hartuta. Arrazoi guztien ondoriozko heriotza-tasa txikiagoa da gorputz-masaren indizea 20 eta 25 bitartekoa denean.[10]
Aurretik aipatutako faktoreek gaixotasun kardiobaskularren% 80 eragiten dituzte. Gainerakoa hainbesteko eragina ez duten beste faktore batzuei egozten zaie:
Kolesterola (LDL), dentsitate baxuko liproproteinen edo LDLen kontzentrazioak handiak direnean, ateroma-plaken barnean metatzen da. Arteria-paretako zelulek inbasiotzat hartzen dute metaketa hori, eta hantura eragiten duen immunitate-sistema kitzikatzen dute. Kitzikatutako zelula immunitarioakmonozito zirkulatzaileak dira eta arteriaren paretan sartzen dira, makrofago bihurtzen dira eta LDL partikulak fagozitatzen hasten dira, zelula apartsu bihurtuz. Hanturak zuntzezko ehun kapsula bat ere eratzen du ateroma-plakaren eta arteriaren artean., horri fibroateroma deritzo. Ateroma-plakak aurrera egin ahala, arteriaren estutze edo estenosi bat gertatzen da, hasieran partziala, erabateko buxadura bihurtu arte. Gainera, ateroma-plaka hauskorra da, eta hautsi, odola atera eta tronbo bat bilakatu daiteke, edo arteriaren paretatik askatu eta enbolia bat eragin.
Endotelioko disfuntzioaren bi kausa nagusiak hiperkolesterolemia eta asaldura hemodinamikoak dira.
Asaldura hemodinamikoak. Askotan ikusten da ateroma-plakak odol-hodien sarrera-zuloetan (ostia), adarkatze-eremuetan eta aorta abdominalaren atzeko paretan metatzen direla, odol-fluxu zurrunbilotsua ikusten den lekuetan.
Hiperkolesterolemia. Lipidoak apoproteinei lotuta garraiatzen dira odolean, lipoproteina izeneko konplexu lipoproteikoak eratuz. Lipoproteinen ohiko alterazioak hauek dira: LDL kolesterol maila igotzea, HDL kolesterol maila jaistea edo lipoproteina(a) maila igotzea. Hiperkolesterolemiak endotelioaren disfuntzioa eragin dezake, oxigeno-espezie erreaktiboen (ERO) tokiko ekoizpena handitzen baitu; oxigenoarenerradikalaskeek ehunak kalte ditzakete, eta oxido nitrikoaren desagerpena bizkortu. Hiperlipidemia kronikoan, liproteinak geruza intimaren barruan metatzen dira. Lipido horiek makrofagoek edo zelula endotelialek sortutako EROen eraginez oxidatzen dira. LDL oxidatuak fagozitoetan metatzen dira, eta horiek zelula apartsu izena hartzen dute. LDL oxidatuek, gainera, zelula endotelialek hazkunde-faktoreak, zitokinak eta kimiokinak askatzea estimulatzen dute, eta horiek monozito gehiago erakartzen dituzte lesiora. Azkenik, LDL oxidatuak toxikoak dira zelula endotelialentzat eta muskulu-zelula lauak, eta haien ez-ohiko funtzionamendua eragin dezakete.
Muskulu-zelula lauak ugaritzeak eta horiek zelulaz kanpoko matrize bat uzteak gantz-ildo bat (hasierako lesioa) ateroma heldu bihurtzen dute, eta horrek gaixotasunaren progresioan laguntzen du. Muskulu-zelula lauak arteriaren erdiko geruzatik etor daitezke, baina baita aitzindari zirkulatzaileetatik ere, ugaltze eta sintesi ahalmen desberdinekoak. Muskulu-zelula lauen ugaltzean eta zelulaz kanpoko matrizearen sintesian esku hartzen duten hazkuntza-faktoreak dira PDGF (endotelio-zelulek, makrofagoek eta muskulu-zelula lauek bitartez askatua), FGF eta TGF-α. Erakarritako muskulu-zelula lauek kolagenoa jariatzen dute batez ere, eta kolagenoak plaka egonkortzen du. Hala ere, aterometako hanturazko zelula aktibatuek muskulu-zelula lauen apoptosia eragin dezakete (horrela, barnean metatutako kaltzioa askatzen da, eta, horrela plaka kaltzifikatzea errazten da), eta zelulaz kanpoko matrizearen katabolismoa areagotu; horrek plakaren ezegonkortasuna handituko luke.
Aterosklerosia arterietan ateroma-plakek eragiten dute, eta, ondorioz, odol-fluxua buxatzen edo iskemia gertatzen da. Eragindako organoaren arabera, hainbat patologia bereizten dira:
Tratamenduaren helburuak hauek dira: sintomak hobetzea, arrisku-faktoreak gutxitzea, haiekin lotutako gaixotasunak prebenitzea, arterien buxadura kentzea beharrezkoa denean, eta koaguluak sortzea saihestea.
Prebentzioa hiru mailatan sailkatzen da:
Lehen mailako prebentzioa: gaixotasuna ez agertzea ohitura osasungarrien bidez, hala nola, dieta mediterraneoa, ariketa fisikoa, gatza murriztea, ez erretzea eta pisua kontrolatzea.[15] Dieta mediterraneoko konposatu bioaktiboek osasun kardiobaskularrean duten onura ere aztertzen da.[16]
Bigarren mailako prebentzioa: gaixotasuna fase goiztiarretan detektatzea eta tratatzea. Bizitza-estiloan eta tratamendu farmakologikoan[17] aldaketak sartzen ditu, zenbait arrisku-faktore kontrolatzeko, hala nola, kolesterol altua (estatinak, fibratoak, azido nikotinikoa, ezetimiba, orlistat) [18] eta hipertentsioa (angiotentsinaren entzima bihurtzailearen inhibitzaileak eta angiotensina II-ren hartzaileen antagonistak).
Hirugarren mailako prebentzioa: lehendik ezarritako gaixotasuna tratatzea konplikazio larriak saihesteko, adibidez, gertaera kardiobaskular berriak, aspirina bezalako plaketa antiagregatzaileak erabiliz.
Buxatutako arteriak dilatatzea dute helburu, odol-fluxua leheneratzeko. Horien artean, ebakuntza koronario perkutaneoa, arteria koronarioetako batean stent bat jartzeko. Miokardioko birbaskularizazioko kirurgian edo bypassean, bular-paretako arteria normalak edo hanketako zainak erabiltzen dira, odol-fluxua bihotzeko eremu kritikoetan ahalbidetuko duen bide alternatibo bat sortzeko. Birbaskularizazio-kirurgiak (bypass) gorputzeko beste atal batzuetako arteria kaltetuak edo buxatuak tratatzeko ere balio du. Era berean, stentak jar daitezke organismoaren beste arteria batzuetan, hala nola karotida arterian eta giltzurrun-arterian.[19]
AAP NewRoom. Periodontal Disease Linked to Cardiovascular Disease. American Academy of Periodontology supports statement from American Heart Association; additional studies needed to determine causality. CHICAGO—April 18, 2012
Alberico L. Catapano, M.J. Chapman, Guy de Backer, Marja-Riitta Taskinen, Željko Reiner, Olov Wiklund. An International Atherosclerosis Society Position Paper: Global recommendations for the management of dyslipidemia: Executive summary.Atherosclerosis. Volume 232, Issue 2, February 2014, Pages 410–413
Keramati, A. R., Chen, M. H., Rodriguez, B. A., Yanek, L. R., Bhan, A., Gaynor, B. J., ... & Johnson, A. D. (2021). Genome sequencing unveils a regulatory landscape of platelet reactivity. Nature Communications, 12(1), 1-13.
↑Kumar, Vinay, ed.(2010).Robbins and Cotran pathologic basis of disease: expertconsult, searchable full text online. (8. ed., professional ed. argitaraldia)Elsevier, SaundersISBN978-1-4160-3121-5.(kontsulta data: 2026-02-11).
↑(Gaztelaniaz)Miranda-Anchundia,Andrea Katherine;Valbuena-Salazar,Gabriela Alejandra;Zambrano-Salazar,Denisse Francisca;Legrá-Terrero,Maryleydis. (2023).«Influencia de la enfermedad periodontal en la aterosclerosis»Revista Información Científica102(kontsulta data: 2026-02-11).