Ozeano Atlantikoa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Atlantiar Ozeanoa» orritik birbideratua)

Ozeano Atlantikoa
Atlantic Ocean.png
KontinenteaEuropa, Afrika eta Amerika
Koordenatuak0°N 30°W / 0°N 30°W / 0; -300°N 30°W / 0°N 30°W / 0; -30
Azalera106.400.000 km²
Luzera14.700 km (I-H)
Zabalerabatez bestekoa: 4.870 km
handiena: 11.800 km
Sakonerabatez bestekoa: 3.900 m
handiena: 9.200 m

Ozeano Atlantikoa[1] Amerika (mendebaldean) eta Europa eta Afrika (ekialdean) bereizten dituen ozeanoa da. Ekuatoreak erdibitzen du, bi zati hauek eratzeko: Ipar Atlantikoa eta Hego Atlantikoa. Munduko bost ozeanoetako bat da, eta 106.460.000 km2rekin munduko bigarren zabalena da[2][3]. Lurraren gainazalaren %20 estaltzen du, eta ur azaleraren %29. "Mundu Zaharra" eta "Mundu Berria" bereizten dituen ozeanoa da, europarren munduaren ikuspuntuan. Iparraldean Ozeano Artikoarekin lotzen da, Ozeano Barearen hego-mendebaldeko mugan, Indiako Ozeanoarekin hego-ekialdean eta Ozeano Antarktikoarekin hegoaldean, nahiz eta definizio batzuetan Atlantikoa Antarktikaraino hedatzen den. Ekuatoreko Kontrakorronteak bitan zatitzen du ozeanoa, bata iparraldea eta bestea hegoaldean[4].

Challenger espedizioa, Alemaniako Meteor espedizioa, Columbiako Unibertsitateko Lamong-Doherty Lurraren Behatokiak edo AEBko Navy Hydrographic Officek ikertu dute, besteak beste.


Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

14.700 km luze eta 106.400.000 km² inguru ditu (munduko bigarrena Ozeano Barearen ondotik). Muga hauexek ditu: Ozeano Artikoa, iparraldean; Ozeano Antartikoa, hegoaldean. Itsaso garrantzitsuak ageri dira haren ondoan, luzakin gisa: Ipar Itsasoa, Itsaso Baltikoa, Mediterraneoa, Karibe Itsasoa.

Ozeano Atlantikoak «S« luze eta zabal baten itxura du, antzina elkarturik zeuden Amerika eta Afrika bereizi ondoren sortu bide zena. Iparretik hegoaldera hedatzen den urpeko mendilerro batek (Atlantikoko bizkarra) sakonune handiak ezkutatzen dituzten bi aldeetan banatzen du ezkerretik eskuinera Ozeano Atlantikoa.

Mendilerro horretako alde bolkaniko batzuk uraren gainetik ageri dira uharteak osatuz (Azore uharteak, Tristan da Cunha, Asuncion, Santa Helena,…). Beste uharte batzuk kontinenteko plataformetatik bereizitako guneak dira: Britainiar uharteak (Ingalaterra, Gales, Eskozia, Irlanda), Antillak, Kanariar uharteak. Atlantiko aldera doazen ur lasterren artean, oso ibai handiak ageri dira, Afrikan eta Ameriketan batez ere: Amazonas, Rio de la Plata, Mississippi, Orinoko, San Laurendi, Kongo, Gabon, Niger eta Europakoak (txikiagoak eskuarki).

Uraren gazitasuna % 35etik beherakoa da. Sakonera, 3.900 m batez beste, 9.200 m-ra iristen da Puerto Ricoko sakongunean. Ozeano Atlantikoan era askotako mugimenduak sortzen dira: itsasaldi bizienak badia eta itsasertzetan gertatzen dira. Urte osoan zehar egon ohi diren goi-presioek etengabeko haize boladak eragiten dituzte: alisioak. Ur laster hotzei (Benguela, Kanariar uharteak, Labrador eta Groenlandiakoa) eta beroei (Brasil, Ekuador, Ginea eta, batez ere, Golkokoa) esker, latitude berean dauden ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzetako lurraldeetan oso klima desberdina da.

Arrain kopuru handiko ura da: Ipar Itsasoa, Ternua-Kanada eta Afrika ipar-mendebaldea, nahiz hego-mendebaldeetakoak izan emankorrenak. Itsas nahiz airebide ugarik zeharkatzen dituzte ozeanoko bazter guztiak, Ipar Atlantikoan batez ere: iparraldeko bi aldeetan sortu dira munduko porturik garrantzitsuenak (Rotterdam, New York, Londres, Anberes, etab.).

Itsasoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bikingoek ezagutzen bazuten ere, XVI. mendearen hasiera arte, Ozeano Atlantikoa ez zen behar bezala esploratzen hasi. Kolonen aurkikundearen ondoren (1492), Ameriketara joateari ekin zioten espainiarrek eta portugaldarrek, Atlantikoaren bazter berriak arakatuz.

Ameriketako konkistan, espainiarren banderapean, parte hartu zuten hego euskaldunek eta lehen ekintza horietatik kanpo geratu ziren ipar euskaldunek[erreferentzia behar] Ipar Atlantikoko urak jorratuak bide zituzten Kolonen aurkikundearen aurretik Ternua eta Labradorren bidean (dena den, alde hartako egiazko arrantza industria XVI. mendearen hasieratik aurrera garatu zuten euskaldunek).

Aurkikunde garaietatik aurrera, mendeetan luzatu ziren emigrazio oldeak txandakatu ziren etenik gabe Europatik Ameriketara, itsasoa zeharkatuz. XX. mendearen lehen hamarkadetan egin ziren Atlantikoa airez zeharkatzeko lehen saioak.

Itsas lasterrak Ipar Atlantikoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018an UEUk antolatzen duen Txiotesia lehiaketa irabazleak (Naima El Beni) sei txiotan azaldu zuen "Ipar Atlantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz" izenburuko tesia.[5][6][7] Gaur egun, foraminiferoen inguruko doktorego-ikerketak egiten ari da Tromsøko Unibertsitatean.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak). euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-25).
  2. (Ingelesez) Atlantic Ocean. 2022-03-06 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  3. (Ingelesez) «Atlantic Ocean | Definition, Temperature, Weather, & Facts | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  4. «Atlantic Ocean Facts» web.archive.org 2001-03-02 (Noiz kontsultatua: 2022-03-15).
  5. a b Galarraga, A.. (2019ko urtarrilaren 11). «Naima El Bani: “Zientzia gizarteratzeko, garrantzitsua da norbere hizkuntzan aritzea”» Zientzia Kaiera (Noiz kontsultatua: 2019ko apirilaren 29a).
  6. «Ipar Altantikoan eta Artikoan iraganeko itsas-hondoko korronteen tenperaturaren azterketa foraminifero bentonikoak erabiliz — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).
  7. «Naima El Bani Altuna: "Twitter kontuari esker Artikoaren zatitxo bat Euskal Herrira eramatea lortu dudala uste dut" — Unibertsitatea.Net» www.unibertsitatea.net (Noiz kontsultatua: 2020-06-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]