August Rei
August Rei (Kurla, 1886ko martxoaren 22a – Stockholm, 1963ko martxoaren 29a) estoniar abokatu, militar, kazetari, diplomazialari eta politikaria izan zen. Estoniako estatuburua izan zen 1928tik 1929ra.
Alexandro Enperadorearen Goi Eskolan hasi zituen ikasketak, baina 1902ko abenduan utzi egin zituen, Estoniako erakunde nazionalistetan parte hartzeagatik kanporatu baino lehen. Novgorodeko Estatuko Goi Eskolan jarraitu zituen ikasketak eta 1904an graduatu zen. Ondoren, zuzenbidean graduatu zen San Petersburgoko Estatu Unibertsitatean.
1905eko Errusiako Iraultzan parte hartu zuen eta 1906ko uztailean Pamiat Azova gurutzaontziko matxinadan parte hartu zuen eta Sotsiaaldemokraat egunkari klandestinoa argitaratu zuen.
Lehen Mundu Gerran, San Petersburgoko San Petri eta San Pauloren gotorlekuan artilleriako ofizial izan zen 1914tik 1917ra. 1917-1918an Estoniako armada nazionala antolatu zuen. Estoniako sozialdemokraten alderdi moderatuko buruzagietako bat izan zen.
Estoniako Batzar Probintzialeko eta Batzar Kontituzionaleko kide, Riikoguko diputatua eta Lan ministroa izan zen. 1928ko abendutik 1929ko uztailera Estoniako estatuburu izan zen eta Gustavo V.a Suediakoa erregearen bisita izan zuen. Hurrengo urteetan Tallinngo alkate, Kanpo Arazoetako ministro eta enbaxadore Sobietar Batasunean (1938-1940) izan zen.
1940an Sobietar Batasunak Estonia inbaditu ondoren, Reik Moskutik ihes egin eta Stockholmera iristea lortu zuen, Rigatik pasatuz. 1945etik hil zen arte Estoniako gobernuko lehen ministroa izan zen erbestean. 2006an, haren gorpuzkiak Stockholmeko Broma hilerritik Tallinneko Metsakalmistu hilerrira eraman zituzten.