Augustin Trébuchon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Augustin Trébuchon
Sépulture d'Auguste Trébuchon.JPG
Augustin Trébuchonen hilobia, Vrigne-Meusen
Bizitza
Jaiotza Le Malzieu-Forain1878ko maiatzaren 30a
Herrialdea  Frantzia
Heriotza Vrigne-Meuse1918ko azaroaren 11 (40 urte)
Jarduerak
Jarduerak gudaria
Jasotako sariak
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkak Lehen Mundu Gerra

Augustin-Joseph Victorin Trébuchon (Montchabrie, Frantzia, 1878ko maiatzaren 30a - Vrigne-Meuse, Ardenne , Frantzia, 1918eko azaroaren 11) Lehen Mundu Gerran hil zen azken soldadu frantsesa izan zen. Armistizioa indarrean sartu baino hamabost minutu lehenago hil zen, 1918eko azaroaren 11ko 10.45etan.

Gertaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1918ko azaroaren 11ko goizean, Vrigne-sur-Meusen (Frantzia), Henri Gouraud jeneralaren aginduak betez, frantziar armadako 163. infanteria dibisioak Meuse ibaia zeharkatu zuen, Hanneton alemaniarren elite unitateari erasotzeko prest. Egun hezea, hotza eta lainotsua zen eta lehen bajak ibaian itota hil ziren. Laino itsua barreiatzen hasi zenean, alemaniarrak izan ziren metrailadoreei eragiten lehenak. Berehala erantzun zuen frantziar artilleriak, eta Lehen Mundu Gerra etenaraziko zuen armistizioa indarrean jarri bitartean luzatu zen gatazka, goiz hartako 11ak arte, hain zuzen. Frantziarren bandoan 91 hildako eragin zituen azken orduko gatazka hark eta denetan azkena Augustin Trébuchon izan zen, 40 urteko artzain eta soinujolea[1].

Iturri batzuek diote 10:45ean hil zutela, besteek 10:55ean izan zela. Kontua da Gerra Handia ofizialki amaitu baino minutu gutxi lehenago jo ziotela tiroa buruan. Gainera, mezularia izanik, Trébuchonek bere unitateko gainerako kideak baino lehen jakin zuen bakea sinatuta zegoela eta gerra, praktikan, amaitua zela. Izan ere, hil zutenean, mezu bat zeraman soinean bere kapitainari emateko. Rassemblement à 11h 30 pour le ravitaillement zioen [paper]] zatiak, ordu horretan jan-edanak hartzeko bildu behar zutela, alegia. Aginteak, su-etena ospatzeko, soldaduen artean zopa beroa banatuko zuen. Baina Trébuchonek ez zuen lortu arma-lagunei mezua helaraztea[1].

Trébuchonen hilarrian jartzen du soldadua azaroaren 10ean hil zela. Dirudienez, egun hartan hildako beste hainbat soldaduren heriotza data ere egun bat aurreratu zuten. Agintari militarrak ez omen zeuden oso harro, su-etena adostu eta gero ere soldaduak gatazkara bidali izanaz. Armistizioa egun hartan bertan sinatu zen, goizaldeko 5ak inguruan, baina bi egun lehenago alemaniarrek amore eman zuten negoziazioetan eta, praktikan, erabakia hartuta zegoen[1].

Lehen Mundu Gerrako beste azken biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken baja militar frantziarra izanda ere, Trébuchon ez zen izan eroritako azkena[1].

  • George Lawrence Price kanadarra 10:58ean hil omen zen.
  • Henry Gunther estatubatuarra 10:59ean.
  • Britainiar kapitain baten oharren arabera, 11:15ean soldadu aleman bat hil zuten metrailadorearekin tiro egiten jarraitzen zuelako.

1918ko azaroaren 11 hartan, Lehen Mundu Gerraren azken orduetan, 8.206 zauritu eta 2.738 hildako izan ziren ofizialki[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore (2013-11-10) «Lehen Mundu Gerra beranduegi amaitu zen» ArgiaCC-BY-SA lizentzia.