Auxina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Azido indolazetikoa

Auxinak fitohormona edo landare-hormonetako mota bat dira, funtsezko zeregina betetzen dutenak landareen hainbat prozesu fisiologikotan (batez ere landareen hazkundean). Zurtoinaren muturreko meristemoan ekoizten dira, eta hortik landarearen hazkunde tokietaraino mugitzen dira, garraio bitxi baten bidez [1]. Auxinen izena grezieratik dator (αυξανω, auxano, hazkundea)

Auxina gehienak azido indolazetikotik eratorriak dira. Era berean, azido horrek triptofano aminoazidoa du aitzindari.

Auxinek goitik beherako mugimendua izan ohi dute. Gutxi batzuek, erroetan ekoizten direnak, behetik gora joan daitezke.

Landareen hazkundea eragiten dute zatiketa zelularra bultzatuz eta zelulen luzapena indartuz. Azpimarratzekoa da landareen tropismoetan burutzen duten eginkizun garrantzitsua.

Zurtoinen hazkundea ez ezik, baita hosto-txortenarena eta loreena ere areagotzen dute. Hazkundeaz gain beste zeregin batzuetan ere aritzen dira: fruituen heltze prozesuan, loreen agerpenean, hostoen erorketan, etab. Gaur egun nekazaritzan auxina sintetikoak erabiltzen dira hazkunde prozesu batzuk areagotzeko.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Auxina Aldatu lotura Wikidatan


  1. (Euskaraz) [1] Landareen garraio bitxia