Aventicum

Wikipedia, Entziklopedia askea
Suitza erromatarren garaian, Aventicum eta Helveziarren eskualdearekin

Aventicum erromatar aztarnategi arkeologiko bat da, Helvetia erromatar probintziaren hiriburua zena. Hiri hau, gaur egun, Avenches Suitzako udalerriaren gainean dago, Morat lakuaren hegoaldean, Broye lautadan, 445 metroko altueran. Bide sareko toki estrategiko batean zegoen (Leman lakuaren ertzak Vindonissa eta Augusta Raurica hiri erromatarrekin lotzen dituen bidean), baita ibai sarean ere, Morateko lakuarekin lotzen zuen sarbide kanal bati esker.

Hiria, ziur aski, ex nihilo[oh 1] sortua izan zen I. mendearen hasieran, Tiberioren garaian, konkistatu berri zuten helveziarren lurraldearen hiriburu bezala, Italia eta Britaniarekin lotzen zuen errepidearen beste aldean, Klaudioren pean eraikia. Vespasiano enperadorearen gobernupean, han hazi zena, Aventicum kolonia estatusera igo zen K. a. 72an. K. a. 36an, bere urrezko aroan sartu zen unea. Hiriko harresiak 5,6 kilometroko luzera zuen (3,5 milia), baina defentsarako erabilezina zen, eta, zalantzarik gabe, hiriaren egoera erakusteko asmoa zuen.

I. mendetik III. mendera, 20.000 biztanle baino gehiago zituen Suitza modernoko hiririk handiena izan zen. Komunikazioak hobetu egin ziren eta egurrezko etxebizitza gehienak harriz berreraiki ziren.

Avencheseko anfiteatro erromatarraren dorrean dagoen Erromatar Museoan, orain arte egindako ikerketa arkeologikoen aztarna ugari daude ikusgai. Lanaren zati handi bat 1884tik egiten da, afizionatu talde batek Pro-Aventico[1] elkartea sortu zuenetik. Hauen artean, antzinako organo hidrauliko bat[2] dago, gutxi gora behera osoa, eta, batez ere, 1600 gr eta 33 cm-ko altuera duen Marko Aurelioren urrezko busto ospetsua, 180 inguruan egina, edo, beharbada, Juliano Apostatarena (361-363), gertu dagoen akueduktu baten garbiketetan aurkitu zena 1939an.

Kareharri landuzko objektuak (Aventicum), Avencheseko erromatar museoa

Aipagarriak dira, baita ere, antzoki baten, Foroaren eta oppidumaren aztarnak, defentsarako helburuarekin baino ospearen helburuarekin, 6 kilometroko perimetroa, 73 dorre eta lau ate.[3]

Herrian kareharrizko tenplu bat egon zen, mendeetan zehar ia erabat suntsitua, bertako kare iturri izan delako, lesena pare bat eta zutabe bat baino geratzen ez direlarik, cigogner bezala ezagutzen dena, bere garaian, zikoina habia batek okupatua zegoelako. Bere data, I. mendearen amaierakoa da.

Historiaurreko Aventicum[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aventicum inguruko eremua erromatarrek hiria sortu aurretik okupatua zegoen, antzira-herri motako asentamendua topatu baita. Laku-etxe ugari aurkitu dira ondoko Murten lakuan, eta gutxienez 16 kokaleku aurkitu dira piloteen gainean. Lekurik handienean, pilak, 460 metro karratuko (5,000 oin karratu) eremu baten gainean hedatzen dira, honela, geltoki edo herrixka handi bat osatuz. Lokatzetan lurperatutako objektu ugari aurkitu dira piloen artean, harriz eta hezurrez osatutako tresnez osatuak, hala nola aizkorak, zizelak, orratzak, puntzoiak eta animalien hezur ugari. Buztingintza kuartzo ale ugari dituen kolore gorri iluneko buztin zakar mota bat da, eta 12 edo 15 barietate ditu.

Helveziarren migrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helveziarrak, ziur aski, Germania hegoaldera iritsi ziren K. a. 111. urtean eta laster Galia inbaditu zuten. Narbonensis erromatar probintziaren euren inbasioan, L. Kasio Longinoren agindupean zegoen erromatar armada garaitu zuten Agendicumetik gertu K. a. 107an. eta kontsula hil zuten. Hispania, Galia, Noricum eta Italia iparralderantz jarraitu zuten. K. a. 102-101. urteetan porrotak jasan ondoren, bizirik atera ziren helvezirrak Alpeetan zehar erretiratu ziren.58an. Orgetorix nobleak, helveziar migrazio berri bat bultzatu zuen, non tribu osoak bere lurraldea utzi behar zuen (orain, gutxi gora-behera, Suitzako ordekari dagokiona bezala deskribatzen dena) eta Galia osoaren gaineko nagusitasuna ezarri. Euren herrixketatik joan ziren, baina Julio Zesarrek Rodanoren ertzean geldiarazi zituen. Helveziarrak, ondoren, Jura mendigunearen zehar ibili ziren, Bibrakte heduar oppidumetik gertu. Han, Zesarrek helveziarrak harrapatu eta garaitu zituen Bibrakteko guduan. Amore eman ondoren, helveziarrak foederati[4] bihurtu ziren, civitas aliatu bat, soldaduak emateko, baina ez zitzaien erromatar hiritartasuna eman.

Helveziarrek euren foederati izaera sei urte beranduago galdu zuten, Vercingetorixen alde K. a. 52an egin zutenean. K. a. 50etik K. a. 45era bitartean erromatarrek Colonia Iulia Equestris kolonia fundatu zuten Noviodunum helveziar kokalekuaren tokian (gaur egungo Nyon). Kolonia hau, ziur aski, ezarri zen helveziarren eta gainontzeko Galiaren arteko sarbide militarrerako bi ibilbide garrantzitsuetako bat kontrolatzeko, Rodano harana eta Sundgau ibaiaren arteko pasabidea blokeatuz.

Hurrengo mende erdian, helveziarrak gero eta gehiago erromanizatuko ziren. Denbora horretan, bi kokaleku egon ziren Aventicum sortuko zen tokitik gertu. Lehena Mont Vullyko oppidum-a izan zen, Murten lakua eta Neuchatel lakuaren artean, K. a. I. mendean utzi zena. [4] Bigarrena Bois de Châtel izan zen, K. a. I. mendearen bigarren erdian gotortua izan zena. Bois de Châtel I. mendearen hasieran suntsitua izan zen. Polulazioa Aventicumera joan zen.

Aventicum-en fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Augustoren agintaldian (K. a. 27-K. o. 14) erromatar domeinua zehatzagoa bihurtu zen. Oppida zelta tradizionaletako batzuk, legionarioen garnizio bezala erabiltzen hasi ziren edo birkokatzen. Aventicumen sorreraren data zehatza eman ezin den arren, ziur aski, Augustoren agintearen ondoren edo zerbait beranduago ezarri zen.

5 urtearen inguruan Murten lakuaren ertzean kai bat zegoen, Aventicumeko kokapenaren lehen ebidentzia dena. Hirian hilobi bat ere aurkitu da. Garai horretan, kokaleku txiki bat eraiki zen, Avenches modernoen ipar-ekialdeko izkinan, estilo karratu erromatarrean. Hala ere, toki hau, soilik Tiberioren agintaldiann datatu daiteke (14 - 37). Aventicum 16-17 urteetan hazi zen. Vindonissa erromatar kanpamendua eraiki zenean Windischen, Canton Aargau kantoian. Aventicum toki garrantzitsu bat zen Lausanatik Vindonissarainoko erromatar galtzadan.

Klaudioren agintaldian ( 41-54), Italiatik Britannia konkistatu berriaren probintziarainoko merkataritza ibilbide bat osatu zen San Gotardo pasabidean. Ibilbide hau Aventicumetik igarotzen zen, hiriaren hedapena ahalbidetuz.

Beranduago, Germania Garaiaren zati izatera pasa zen, eta, ondoren, Dioklezianoren Maxima Sequanorum probintziaren zati izatera. Helveziarren antzinako lurraldeak eta bertako biztanleak, une horretan, Galiako gainontzeko lurraldeak bezain erromanizatuta zeuden.

Helveziarren hiriburuaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

I. mendean. Aventicum eta helveziarren lurra Gallia Belgica erromatar probintzian sartu ziren. Kornelio Tazitok, 69, urtearen inguruan idazten, helveziarrez herri galiarra balira bezala hitz egiten du, gerran zuten adoreagatik eta balentriengatik ezaguna, eta Aventicum Caput gentis edo Helvetiako hiriburu izendatzen du. Titulu hau, ziur asko, bere zibilizazio maila aurreratuagatik eta Italia eta Germania arteko ibilbide nagusian zuen kokapen nabarmenagatik lortu zuen. Oso erabiliak ziren errepide militarren galtzada sarearen erdigunea ere izan zen. Aventicum eta Nyon (Colonia Equestris), Leman lakuaren ertzean kokatuak, Helvetiako miliario guztien abiapuntuak izan ziren.

I. mendearen lehen hiru laurdenetan. Aventicum gurtza inperialaren erdigune bihurtu zen Civitas Helvetiorumen. Hala ere, helveziarrak, beste behin, Erromarekin gatazkan sartu ziren, Neron enperadorea 68 urtean hil eta gutxira. Beste galiar tribuak bezala, helveziarrak civitas modura antolatuta zeuden, eta nolabaiteko barne autonomia bat zuten, euren tropen aldetik zenbait gotorlekuren defentsa barne. Gerra zibilean eta Neronen heriotzaren ondorengo Lau Enperadoreen Urtean, Civitas Helvetiorumek Galba babestu zuen, bere heriotzaren berri izan gabe, eta bere arerio Vitelioren autoritatea onartzeari uko egin zioten. Legio XXI Rapaxak, Vindonissan kokatua eta Vitelioren aldekoa, helveziar garnizio baten ordainsaria lapurtu zuen, helveziarrek mezulariak atzeman eta erromatar destakamendua atzeratu zuen. Aulo Zezina Alienok, Italiako viteliar inbasio baten buru zen Galbaren jarraitzaile ohi batek, zigor kanpaina masibo bat egin zuen, Vocetio mendian helveziarrak suntsituz, milaka hil eta esklabo bihurtuz. Aventicum setiatu eta berehala amore eman zuten. Hiria, erromatarrek ia suntsitu zuten, baina Klaudio Kosso delako baten erreguen ondorioz, Viteliorengana bidalitako helveziar bat, eta, Tazitok dioen bezala, "elokuentzia ezagunekoa", hiria salbatu egin zen.

Aventicum colonia izendatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau enperadoreen urtean (69) Vitelio, Aventicum suntsitseko agintzekotan egon zena, hirugarrena izan zen. Laugarrenak, Vespasianok, eragin askoz positiboagoa izan zuen Aventicumen. Nahiz eta sabinar herrialdeko Falakrinan jaio, Vespasiano denbora batez Aventicumen bizi izan zen, bere aitak, Tito Flavio Sabinok, eskala txikiko bankaria, han lan egiten zuelako. Vespasiano enperadore izendatu eta bi urtera, gutxi gora-behera, Aventicum kolonia mailara igo zuen, estatus zibiko aparta ematen ziona. Kolonia bat legionarioak erretiratzean lurrak jaso eta hiritar bihurtzen ziren bizileku edo hiria zen. Honek lurraren garapena eta egonkortasuna sustatu zituen, eta are gehiago erromatar "kulturaren" hedapena. Kolonia izateak ekarri zuen ospe handiena urrezko aro baten hasiera izan zen Aventicumentzat. Garai honetan, Aventicum Pia Flavia Constans Emerita[5] bezala ezagutzen zen. II eta III. mendeetan bere gailurrera iritsi zen.

Suntsipena eta berraurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

275-277 urte inguruan, alamanen inbasioek nabarmen murriztu zuten hiriaren bizi-maila, nolabaiteko jarraipena izan arren, erabat berrezartzea lortu ez zuena. Amiano Martzelino historialariak (IV. mendea) suntsitutako baina oraindik ikaragarriak diren eraikinen lekukotasuna ematen du. Eskualde hauetan, erromatar garaia ofizialki 455. urte inguruan amaitu zen.

V. mendeko Erromaren kolapsoarekin, eremu hau jada germaniar tribuen kontrolpean zegoen, hauen dialektoak alemaniar suitzarraren oinarri bihurtu zirelarik. VI. mendean, kristau bizitzak erromatar hiriko akropolian jarraitu zuen: anfiteatroa, antzokia bezala, gotorleku bihurtu zen. VII. mendean, ordea, elizaren fokua Lausanara aldatu zen, Aventicum, hondakinetan zegoen antzinako hiri bat bezala baino ez da aipatzen. Hurrengo mendeetan aipatzen da, baina beti hondakin bezala. 1710ean, Marquard Wild izan zen Aveticum Helvetiako hiriburua izan zela argudiatzen lehena. 1783-86an, Northamptongo markesak espedizio arkeologiko bat zuzendu zuen Aventicumera eta 1788an bere aurkikuntzak azaldu zituen. Bere aurkikuntzek altxor bilatzaile asko Aventicumera bidaiatzera animatu zituzten, tramankuluak bilatzeko. Aurkikuntzei erantzunez, Vespasiano museoa 1824an inauguratu zen. 1838an Vaudeko kantoiak bereganatu zuen, Erromatar Museoa bezala berrizendatu zuten, eta Anfiteatroko dorrean kokatu. 1884an Pro Aventico [1]elkartea sortu zen hondakinak aurkitu eta zaintzeko helburuarekin. Aventicum oso toki ezaguna zen Grand Tourrean eta Joseph William Mallord Turnerrek "Cigognier" aren marrazki bat egin zuen, atzean alde zaharra erakusten duena. Arkeologiak, bitxia bada ere, lehen eta bigarren mundu gerretatik etekina atera zuen, Suitzan barneratutako atzerritarrek eta bertako langabetuek hiri erromatarreko eraikin nagusiak industeko eta antzokia, "Cigognier", eta harresiko ateak eta dorre bat berritu eta publikoari irekitzeko konpromisoa hartu zutenean. Errepideen plan nazionala 1960ko hamarkadaren amaieran iritsi zenean, erreskate arkeologia programa bat ezarri zen Pro Aventico elkartearekin, Hans Bogli irakaslearen zuzendaritzapean, zeinaren izenarekin ordutik erromatar museoa izendatu den. Lehen lanek, Foroa eta lotutako tenpluaren eremua aurkitu zuten, balizko Kapitolio bat barne. 1985ean, A1 autobidea eraiki zenean, erromatar hiriaren zati gehiago aurkitu ziren. 1987an errepidea lekuz aldatu zen lekua saihesteko]. Hurrengo hamarkadetako lan gehigarri eta zabalak, insulaearen zati handi bat ireki zuen, hiri erromatarraren erdialdeko kale laukizuzenen sistema. Harresien barruko eremuaren zati handi bat ez zen hiri trinko bat, baizik eta, Erroman bezala, villae urbanaeek hartzen zuten, lorategi eremu handiz eta jabetza txikiz inguratutako etxe handiek. Lan berrienak jauregi nabarmeneko eraikin bat ere erakutsi zuen, erromatar hiriaren erdigunearen zati handi bat, eta harresietatik kanpo, ubide bat eta galtzada bat gertuko aintziratik hirira, zalantzarik gabe, Jura ingurutik laku eta ubide bidezko harrizko garraioan lagunduz, eta harresi lerrotik kanpoko hilerri eta akueduktuak. Pro Aventico XX. mendearen hasierako eraikinak etengabe berritzearen arduraduna ere bada, harresiaren zatiak eta jatorrizko dorre erromatarra, Erdi Aroko zaintza-dorre gisa erabilia, eta iparraldeko atea barne. Erromatar harresien lerrotik gertu, eta hormetako harriaren berrerabilpenaz baliatuz, Donatyreko eliza erromaniko txikia dago, XII. mende hasierako fresko bikainak dituena.

Aztarna arkeologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfiteatroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anfiteatroa

Anfiteatroa, Erromatar Inperioan ohikoa zen bezala, gladiadore eta animalien borrokarako erabili zen, baita antzeztutako ehizaldietarako ere. Helburu politiko, sozial eta erlijiosoetarako balio izan zuen, eta hiri erromatar gehienen ezaugarri nagusia izan zen. Hiriburu bezala, Aventicumeko anfiteatroa nahiko handia zen.

Bi etapatan eraikia izan zen, lehenik 120aren inguruan. Ondoren, 165 inguruan hedatu zen. Lehen anfiteatroa, mendi-hegala terrazetan zegoenean eraiki zen.

Lehen egitura honek, nagusiki egurrez eraikitako 24 eserleku lerro zituen, hegaletik altxatzen zirenak. Eskailerak, harearen solairuaren inguruko horma, goiko hormak eta sarrerak harriz eraiki ziren. Anfiteatroaren kanpoaldeko hormak, 98,85 eta 85,94 metrokoak ziren (324,3 oin × 282,0 oin), eta harearen zorua, 51,63 eta 38,40 metrokoa (169,4 oin × 126,0 oin). Lehen anfiteatroak 9.000 pertsona inguru har zitzakeen.[6]

Ekialdeko sarrera monumentaletik harearako sarrera

Bigarren faseak anfiteatroa nabarmen handitu zuen. Guztira, harrizko 31 eserleku ilara eraiki ziren, edukiera 16.000 ingurura igo zelarik. Hormak handitu egin ziren eta horma-hobiak gehitu ziren. Ekialdean, harrizko kubo erraldoiak zituen atari nagusi monumental bat eraiki zen. Handitutako anfiteatroak (kanpoko patiorik eta ekialdeko atari nagusirik gabe) 105,01 bider 92,11 metro zituen (344,5 oin × 302,2 oin), harearen zoruak tamaina berekoa izaten jarraitzen zuen bitartean. Kanpoko hormek 18 metroko altuera zuten (59 oin).[6]

IV. mendean zehar, anfiteatroa abandonatua izan zen, eta egituraren zati handi bat birmoldatua eta eraikuntza material bezala erabilia izan zen. XI. mendean, Lausanako gotzainak ekialdeko sarreraren gainean dorretxea eraikiarazi zuen, gutxi gorabehera bankuen 20. ilaran hasiz. Dorre hau, gaur egun, Erromatar Museoaren egoitza da[7].

Antzokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzokia[8], II. mendearen hasieran eraiki zen, aurretik sakabanatutako etxeek hartzen zuten eremu batean. Askotan berreraiki eta berritu zen, xehetasunak argi ez dauden arren. III. mendearen azken herenean gotorleku gisa berreraiki zen eta lubaki bat gehitu zen. Helburu honetarako erabili zen IV. mendearen erdialdera arte.

Antzokia

Antzokia, erromatar antzoki klasiko baten estiloan eraikia dago, baina baditu aldaketa galo-erromatar batzuk. Orkestrak eta caveak (ikusleentzako eserlekuak) ferra-forma dute. Benetako agertokia egurrezko plataforma soil bat da. Scaenae frons edo hondoko hormak, agertokiaren eraikinera (postscaenium) zeramaten hiru ate zituen, nahiko txikiak (10 bider 7 metro (33 oin x 23 oin), hormaren atzean nabarmenduz eraikitzen dena. Scaenae frons zulo batekin eraiki zen, publikoari Cigognierren tenplua erakusten ziona. Antzokia komedia eta tragedietarako erabili zen, baina "gurtza hobi" bat ere badago publikoaren atalaren oinean, eszenatokiak aldare bat eratuz; antzerkia zeremonia erlijiosoetan "antzezlanak eskaintzeko" ere erabili ahal izan zela adierazten du.

Eserlekuen forma kurbatua eta vomitorium (estalitako sarrera) goiko ezkerreko aldean.

Antzokiak 106,25 metroko zabalera (348,6 oin) eta 66,4 metroko sakonera (218 oin) ditu. Orkestraren eremuak 17,75 metroko zabalera (58,2 oin) eta 21 metroko sakonera (69 oin) ditu. Antzokiaren edukiera 12.000 pertsonakoa zen, esertzeko 50 ilara baino gehiago zituztenak. Sarrera 11 vomitoriaetatik (estalitako sarrerak) zehar egiten zen, bakoitzak bi korridore zituen. Ikusleentzako eserlekuen behealdean, nobleziarentzako 1,6 metroko (5,2 oin) zabalerako palko bat zegoen.

Cigognier tenplua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenpluaren izena (Cigognier)[9], gutxienez 1642tik pilare baten goialdea okupatu zuen zikoina habia batetik dator; habia 1978an kendu zuten zaharberritze batean, baina izena mantendu egin da.

Cigognier tenplua, tenplu erraldoi eta txundigarri bat bezala eraikia izan zen, eta, beharbada, kultu inperialaren tenplu nagusia izan zen civitas Helvetiorum estatu osoan. Tenpluan estatuko hiritarrek eta biztanleek Erromatar Inperioa, enperadore jainkotiarretan irudikatua, gurtuko zuten. Teoria honen alde, Marko Aurelio enperadorearen urrezko busto bat aurkitu zen, tenpluaren hustubideetan ezkutatua. Gainera, tenplua, Erromako Templum Pacis bezala diseinatu zen. Azkenik, tenplua antzokitik gertu eraiki zen, Enperadorearen gurtzan ere paper bat izan zezakeena.

Tenplua 98an hasi zen eraikitzen, Trajano enperadorearen erregealdiko lehen urtean, hormei eusten dieten haritzezko zutoin ugarien analisi dendrokronologikoaren arabera. Dirudienez tenplua ez zen Aventicumen jatorrizko planaren zati, eta, beraz, Trajanoren zuzendaritzapean erantsia izan zitekeen. Trajanok erromatar armadarekin zerbitzatu zuen Rhin ibaian zehar, eta, aginte hartu ondoren, tenplua eraikiarazi ahal izan zuen, bere boterea, Inperioaren iparraldeko mugetan irudikatzeko.

Cigognier tenpluaren zutabeak

Tenplua, barruko patio zabal batekin eraiki zen, luzetarako ardatza zeharkatzen duen etorbide batekin. Elizaren zortzi zutabeko ataria iparraldeko patioaren oso gainetik zegoen. Tenplua, podio altu baten gainean eraiki zen, ondoko egongela batekin, hiru eserleku ilararekin. Horma batek, multzo osoa inguratzen zuen, hegoalderantz izan ezik, kanpoko patioa osatzen zuena. Harresiak, tenplua, antzokiarekin eta hiriaren ekialdetik mendebaldera errepide nagusi berriarekin lotzen zuen ate bat zuen.

Cigognier tenplua Aventicumeko tenplurik handiena da. Kanpoko neurriak 111,58 bider 118,80 metrokoak ziren (366,1 oin × 389,8 oin). Tenpluak 42,17 eta 27,36 metro (138,4 oin x 89,8 oin) neurtzen zuen, sabaiko gailurraren altuera 23,1 metro (76 oin) zen, horietatik 2,4 metro (7,9 oin) podiumaren altuera delarik. Eserlekuen eremua 64 bider 83,35 metrokoa zen (210,0 oin × 273,5 oin) eta sabaiaren altuera 19,50 metrokoa (64,0 oin), hau ere 2,4 metroko podiumarekin (7,9 oin). Kanpoko patioa 15,14 bider 104,58 metrokoa zen (49,7 oin × 343,1 oin).

Grange-des-Dîmes tenplua (II. mendea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grange-des-Dîmes erromatar tenplua[10], I. mendearen amaieran edo II. mendearen hasieran datatua dago. I. mendeko aurreko kapera galiar baten tokian eraiki zen. Tenplua erromatar estilo tipikoan eraikia dago, baina, cella, ia karratua da, forma angeluzuzen baten ordez. Tenplua, lurraren gainean altxatzen da, podium batean. Cellaren inguruan pilareak zeuden eta sarrera frontoi batez koroatuta zegoen. Tenpluaren barruan aldare bat, iturri bat eta estatua baten gainean errezelari eusten zioten lau zutabe zeuden.

Litekeena da tenplua Mercurius Cissonius galoerromatar jainkoari[11] eskainia egotea, Merkurio eta Zissonio galiar jainkoaren konbinazio sinkretiko bat. Tenpluak Merkurio gurtzen zuen bidaiarien eta merkataritzaren jainko bezala, eta hiria zeharkatzen duen kale nagusian zegoenez, biek zuten egoitza. Gurtza inperialaren gunea zen Cigognier tenplutik gertu egoteak tenplu hau ere garrantzitsua zela adierazten du.

Tenplua partzialki zaharberrituta dago. Cellaren hegoaldeko hormaren zimenduen sekzio bat, jatorrian 10,8 x 9,4 metrokoa (35 oin x 31 oin), eta podiumaren zati bat, jatorrian 20,2 eta 20,4 metrokoa (66 oin x 67 oin), gaur egun ikus daitezke. Podiumera doazen eskailerak desagertu badira ere, aldarearen eta iturriaren kokapena eta zati batean berreraikitako errezela ere podiumean ikus daitezke. Podiumaren atzealdea Jomini etorbidearen iparraldean dago. Tenpluaren gainontzekoa etorbideak estaltzen du, tenpluaren planoa bidean sartutako harrietan marraztua dagoen arren. Berreraikuntzetan oinarrituta, tenpluaren neurri asko ezagutzen dira. Podiumak 1,8 metroko altuera zuen (5,9 oin), 20 metroko altuera zuen (66 oin) eta lau aldeko sabai batez estalita zegoen. Cella 0,51 metroko (1,7 oin) diametroa, 4,5 metroko (15 oin) altuera eta pilareen gaineko zinbrek 1,16 metroko (3,8 oin) lodiera duten zutabeak dituen arkupeko fatxada batez inguratuta dago. Tenplurako sarrera 4 zutaberekin egin zen (0,89 metroko diametroa (2,9 oin)).

Harresia eta ekialdeko atea

Hiriko harresia eta ateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aventicum zeharkatzen zuen errepide nagusia ekialdetik mendebaldera zihoan. Ekialdeko atea[12], Vespasianoren agintaldian eraikia izan zen. Atea, errepidea babesteko eta kontrolatzeko eraiki zen, hiriko harresiak[13] eraiki aurretik.

Termak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Foruko termak

Termak (Thermen von En Perruet edo Foroko termak bezala ezagunak)[14] zuzenean Aventicumeko Foroaren ekialdean zeuden. Koloniara hedatzean eraikiak izan ziren, K. o. 77aren ondoren. Camilli bezala ezagutzen den helveziar familia erromanizatu aberats batek finantzatu zituen.

Zeramikan egindako grafitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Avnticumeko zeramikazko 1829 grafitiak dira Erromatar Inperioan orain arte aurkitu diren inskripzio txikien multzo handiena. Multzo aberats eta berri horrek materiala sailkatu eta aztertzeko metodo bat propio erabiltzea eskatu du, inskripzioen izaeran eta funtzioan oinarritua. Ikuspegi ugariak eta askotarikoak izateak —epigrafikoa (grafitia), zeramologikoa (euskarria) eta arkeologikoa (testuingurua)— aukera ematen du gizarteari, ekonomiari (merkataritza-erabilerak) eta kultura erromatarrari lotutako hainbat gai jorratzeko[15].

Pertsona izenak dira, batez ere grafitoetan idatzita daudenak, baina baita zenbait mezu, hala nola eskaintzak edo edatearekin erlazionatutako esaldiak, baita ontziei eta haien edukiari buruzko oharrak ere, bai eta marrazki figuratuak (zaldia, gladiadorea, faloa) eta geometrikoak ere[16].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ex nihilo ezerezetik esan nahi du latinez, eta ezer ez zegoen leku batean eraiki zela adierazteko erabiltzen da, ez novo hitz bezala.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) «Association Avenchoise de sauvegarde du patrimoine et des romains» Association Pro Aventico - Avenches (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  2. L'orgue romain d'Avenches/Aventicum. , 10-17 or..
  3. Coulon, Gérard. Les Gallo-Romains : vivre, travailler, croire, se distraire - 54 av. J.-C.-486 ap. J.-C.. , 21 or..
  4. a b (Frantsesez) «Dictionnaire historique de la Suisse» hls-dhs-dss.ch (Noiz kontsultatua: 2020-11-18).
  5. Smith, William. (1854). Dictionary of Greek and Roman geography. London : Walton & Maberly (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  6. a b «Musée Romain Avenches - Site archéologique - Monuments - Visuel 1» web.archive.org 2008-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  7. «Aventicum - Musée» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  8. «Aventicum - Théâtre romain» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  9. «Aventicum - Sanctuaire du Cigognier» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  10. «Aventicum - Temple de la Grange des Dîmes» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  11. Olivares Pedreeño, Juan Carlos. (2002). Los dioses de la hispania céltica. Real Academia de la Historia, Universidad de Alicante, 198 or..
  12. «Aventicum - Porte de l'Est» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  13. «Aventicum - Mur d'enceinte» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  14. «Aventicum - Thermes du forum» www.aventicum.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-20).
  15. (Frantsesez) Les graffiti sur céramique d’Aventicum (Avenches). Éléments de réflexion sur la population du Caput Ciuitatis Heluetiorum – LabeLettres. 2018-01-22 (Noiz kontsultatua: 2023-09-06).
  16. (Frantsesez) Sylvestre, Richard. (2016ko abenduko 17-18). «Graffiti antiques d’Avenches, l’écriture au quotidien. Histoire d’ici» 24 heures.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]