Edukira joan

Axen Egaña

Wikipedia, Entziklopedia askea
Axen Egaña

Bizitza
JaiotzaDonostia, 1937 (88/89 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakproduktorea
Lan nabarmenak

Axen Egaña (Parte Zaharra, Donostia, 1937) Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen 1968an, Euskal Kantagintza Berriaren hainbat disko grabatu zituen gero diskoetxe horrek Donostiako estudioan.[1]

Garai hartako Euskal kantagintza berriko musika grabatzeko beste aukerarik ez zegoenez sortu zuten diskoetxe berri hura, Ez Dok Amairu taldeko kideentzako aukera bikaina ireki zuena. Euskal Herrian bertan bitarteko tekniko txukunekin grabatu ahal izan zuten euskal musikariek; ordura arte Madrilera eta Bartzelonara joan behar izaten.[2][3]

Familia errepublikazalea zela eta, Ipar Euskal Herrian hazi zen Egaña. Gerra garaian Bilbon jaio, Bilbotik Bartzelonara, bertatik pasatu Frantziara, eta handik Donibane Lohitzunera, Irungo muga erabat itxita zegoelako. Haur zela, bere ama tiroz erail zuen Poliziak, hegoaldean arrantzalea zen aita ikusteko muga pasatzen ari zela.[1]

1961ean ezkondu zen Iñaki Beobiderekin eta handik urtebetera sartu zuten kartzelan senarra. Gerra kontseilua egin zioten ETAkoa zelakoan. Hasiera batean aske utzi bazuten ere, hilabete gutxira, berriro sartu zuten kartzelan, Madrilen lehenik eta Sorian ondoren. Aita Santu Joan XXIII.a hil eta kondena-urteak kendu eta urtebete besterik ez zen egon.[1]

Lehenago Donostiako Bidebieta auzoko Kontadores enpresan idazkaria izan zen Egaña, eta, Beobide, ingeniaria. Biek galdu zuten lana Beobide kartzelatik ateratzean, eta lan berri bati ekin zioten: etxez-etxe hasi ziren euskarazko liburuak saltzen. Joseba Jaka ere ibiltzen zen haiekin batera, gerora Zabaltzenen eta Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat izango zena. Geroago Beobiderekin hasi zen diskoak ekoizten. Ez Dok Amairu sortzen ari zen garai hartan, eta Pako Miangolarra mezenasaren laguntzarekin sortu zen euskal kulturaren zutabe izan zen Herri Gogoa diskoetxea.[4][5] Beobiderekin batera, hasieratik amaiera arte izan zen Herri Gogoaren ibilbidean Egaña. Beobidek musika kontuak bakarrik eramaten zituen, eta Egañak ekoizpena, salmenta eta egin behar zen beste guztia. Gros auzoko Tomas Gros kalean ireki zuten garai hartan Euskal Herriko estudiorik garrantzitsuena izango zena. Herri Gogoak hiru ildo nagusi izan zituen: musika herrikoia, kantugintza berria eta esperimentalismoa.[1][2]

1968an Durangoko Azokara Xabier Leteren eta Artze anaien disko banarekin joan ziren (Euskalerri nerea eta Txalaparta). Ale guztiak salduta bizkor itzuli behar izan ziren Donostiara gehiagoren bila. Hurrengo urtean sei edo zazpi disko berrirekin joan ziren.

Handik aurrera, guztira, berrehundik gora disko kaleratu zituen.[1] Besteak beste, talde hauen diskoak argitaratu zituzten diskoetxean: Xabier Lete, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Oskarbi, Artze anaiak, Pantxoa eta Peio, Antton Valverde, Txomin Artola, Haizea, Lupe, Mikel Laboa, Xabier Saldias, Amets, Argoitia neba-arrebak, Lauburu, Joxe Mari Urbieta, Aitor Badiola, Iñaki Garmendia, Xalbador Garmendia, Lupe, Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon, Txotxongillo Taldea...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Ramirez Cruz, Xalba. (2025-03-07). «Herri Gogoa, iragana eta etorkizuna lotu zituen diskoetxea» Irutxuloko Hitza (Irutxuloko Hitza): 6-11. (kontsulta data: 2025-03-07).
  2. a b Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
  3. Zubizarreta, Patxi. (2023). Sakonean itsasoa ikusten da. Maingolarratarren uberan.. Txalaparta ISBN 978-84-19319-62-3..
  4. «Miangolarra Gorostiaga, Francisco - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2023-09-23).
  5. Krutwig, Federiko. «Paco Miangolarra eta Vasconia Federiko Krutwig - Jakin.eus» www.jakin.eus (kontsulta data: 2023-09-23).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]