Margosa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azadirachta indica» orritik birbideratua)
Margosa
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaSapindales
FamiliaMeliaceae
GeneroaAzadirachta
Espeziea Azadirachta indica
Azadirachta indica

Margosa edo nim arbola (Azadirachta indica; hindiz: नीम, Neem; urduz: نیم‎, Neem; bengaleraz: নিম Nim; kannadaz: ಬೇವು, Bevu; tamileraz: வேம்பு Vembu; teluguz: వేప Vepa) Meliaceae familiako zuhaitz bat da, jatorriz Indiakoa eta Myanmarrekoa. Eskualde tropikaletan bizi da.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkar hazten da, eta 15-20 metroko altuera izaten du, batzuetan 35-40 metrora irits badaiteke ere. Hosto ugariak ditu urte osoan, baina, klima-baldintza gogorretan, hosto guztiak gal ditzake. Adakera zabalekoa da; ale heldu baten adakerak 15-20 metroko diametroa izaten du.

Enborra laburra da, zuzena, eta 120 cm-ko diametroa lor dezake. Azal gogorra du, arrakalaz hornitua, kolorez gris argiaren eta gorriztaren artekoa. Sustrai nagusi sendo bat du, eta albo-sustrai oso garatuak. Hostoen zurtoina 20-40 cm luze izaten da, eta 20-31 hosto berde ilun ditu, 3-8 cm-koak. Pezioloa laburra da. Hosto berriak gorriztak edo purpurak dira; hosto helduen forma ez da hain simetrikoa, eta ertz horzdunak dituzte.

Loreak zuriak dira, usain handikoak, 25 cm-tik gorako luzerako panikula eseki gisa ezarriak. Infloreszentziek 150-250 lore dituzte, bakoitza 5-6 mm luzea eta 8-11 mm zabala. Zuhaitz honen loreen ezaugarri bat dikogamia da, hau da, espezimen berean lore femeninoak eta maskulinoak izan daitezke, baina sasoi desberdinetan.

Fruitua drupa bat da, oliba baten gisakoa, 14-28 mm luzea eta 10-15 mm zabala heldua denean. Epikarpioa mehea da, eta mesokarpioa zuri horixka eta gozoa, baina gustu atseginik gabekoa. Endokarpioa zuria da, gogorra, eta gehienetan gaztaina-koloreko hazi bakarra gordetzen du.

Zuhaitzak ondo jasaten du lehortea, eta tenperatura altua ere bai, baina 4 °C-tik beherako tenperaturan hostoak galtzen ditu. Eskualde tropikal guztietara hedatu da kultiboa: Asia, Afrika, Amerika, Australia eta Ozeano Bareko hegoaldeko uharteetara ere eraman da. Xaboi-industrian erabiltzen da. Azido miristikoa eta azido laurikoa dituenez, zuhaitz honen fruitutik ateratako olioarekin egindako xaboiek apar gehiago dute eta garbitzeko gaitasun handiagoa dute olio jangarriekin egindako xaboiek baino.

Ongarri organiko gisa ere estimatua da, intsektizida gisa ere jokatzen baitu. Urearekin nahasita erabiltzen da lurra ongarritzeko, eta biozida gisa jokatzen du.

Indiako medikuntza tradizionalean (Ayurveda) zuhaitzaren atal guztiak erabiltzen dira sendagaiak prestatzeko, eta fruitutik ateratako olioa kosmetikoak egiteko erabiltzen da. Desertifikazioari aurre egiteko ere baliatzen da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman ThePlantList izeneko erreferentziarako

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]