Azerbaijan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Eurasiako herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Azerbaijan (argipena)».
Azerbaijango Errepublika
Azərbaycan Respublikası
Bandera Armarria
Ereserkia: Azərbaycan marşı
(Azerbaijango Martxa)
Hiriburua
eta hiri handiena
Baku
Hizkuntza ofiziala(k) Azerbaijanera
Herritarra azerbaijandarra
Gobernua Errepublika presidentzialista
 -  Presidentea Ilham Aliyev
 -  Lehen ministroa Artur Rasizade
Independentzia SESBetik
 -  adierazia 1991ko abuztuaren 30a 
 -  onartua 1991ko urriaren 18a 
Azalera
 -  Guztira 86,600 km2 (112.)
 -  Ura (%) 1,6
Biztanleria
 -  2016 zenbatespena 9.754.830[1] (89.)
 -  Dentsitatea 112,6 bizt./km2 (103.)
Dirua Manat (AZN)
Ordu-eremua AZT (UTC+5)
 -  Udan (DST)  (UTC+5)
Aurrezenbakia 994
Internet domeinua az

Azerbaijan[2] (azerbaijaneraz: Azərbaycan), ofizialki Azerbaijango Errepublika (azerbaijaneraz: Azərbaycan Respublikası), Asiako hego-mendebaldeko estatua da, Kaukasia eskualdean kokatua, Kaspiar itsasoaren ertzean. Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialista Sobietar Batasuneko errepublika izan zen, harik eta batasuna desegin eta 1991n Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zenean burujabetasuna aldarrikatu zuen arte. Mugakide ditu Errusia iparraldean, Georgia ipar-mendebaldean, Armenia mendebaldean eta Iran hegoaldean. 86.600 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 2016an 9.754.830 biztanle zituen[1]. Hiriburua Baku da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijan Kaukasiaren hegoaldean dago, 38° eta 42°N latitudeen, eta 44° eta 51°E longitudeen artean. Nakhitxevan barrendegia ere hartzen du.

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdean Kaspiar itsasoarekin du muga, iparraldean Errusiarekin, ipar-mendebaldean Georgiarekin, mendebaldean Armeniarekin eta hegoaldean Iranekin. Nakhitxevan barrendegiak Armeniarekin du muga iparralde eta ekialdean, Iranekin hegoalde eta mendebaldean, eta ipar-mendebaldean 11 kilometroko muga dauka Turkiaren.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijan mendiz inguraturik dago. Kaukaso Handiko hego-ekialdeko mendiek babesten dute lurraldea iparraldetik Kaspiar itsasoraino (Abseron penintsula). Mendilerro horretan, Errusiako mugatik gertu, Bazardüzü (4.466 metro) dago, herrialdeko mendirik garaiena. Mendebaldean Kaukaso Txikiko hormak ageri dira, eta Talis mendiak hegoaldean. Armeniako mugatik hurbil dago Karabakh goi-ordoki bolkanikoa. Punturik beherena Kaspiar itsasoaren ertzean dago (-28 metro).

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijango erdialdea Kura ibaiaren arroak hartzen du, eta bertara biltzen da Araxes ibaiaren ura.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso klima ezberdinak daude Azerbaijanen: subtropikala eta erdi-agorra erdialde eta ekialdean; subtropikal hezea hego-ekialdean; epela itsasertzean; kontinentala mendebaldean; eta hotza mendietan[3]. Bakuk klima epela dauka; urtarrileko batez besteko tenperatura 4 °C-koa da, eta uztailekoa 25 °C-koa. Euri urrien ondorioz (200-350 milimetro urtean, batez beste), nekazaritzak ureztapenaren beharra du. Kaukasoko gailurretan eta Lankaranen jasotzen dira prezipitaziorik handienak (1.600-1.800 milimetro urtean). Abseron penintsulan egiten du euri gutxien.

Datu klimatikoak (Baku)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 6.6 6.3 9.8 16.4 22.1 27.3 30.6 29.7 25.6 19.6 13.5 9.7 18.1
Batez besteko tenperatura (ºC) 4.4 4.2 7.0 12.9 18.5 23.5 26.4 26.3 22.5 16.6 11.2 7.3 15.1
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 2.1 2.0 4.2 9.4 14.9 19.7 22.2 22.9 19.4 13.6 8.8 4.8 12.0
Pilatutako prezipitazioa (mm) 21 20 21 18 18 8 2 6 15 25 30 26 210
Prezipitazio egunak (≥ 0.1 mm) 6 6 5 4 3 2 1 2 2 6 6 6 49
Eguzki orduak 89.9 89.0 124.0 195.0 257.3 294.0 313.1 282.1 222.0 145.7 93.0 102.3 2207.4
Iturria: worldweather[4]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar Batasunaren errepublika izan zen, harik eta batasuna desegin eta, Estatu Independenteen Erkidegoa sortu zenean, burujabetasuna aldarrikatu zuen arte (1991). Independentzia lortu eta berehala gatazkak sortu ziren, ordea, biztanleriaren osaerari dagokionez lurralde armeniarra den Nagorno-Karabakheko lurraldearen gaineko kontrola zela-eta. 1991n Nagorno-Karabakheko gehiengo armeniarrak (170.000 biztanle, %76 armeniarrak, %23 azerbaijandarrak), estatu burujabe aldarrikatu zuen lurralde hura, baina Azerbaijango sobiet gorenak ez zuen erabaki hura onartu.

Aiaz Mutalibov buruzagi komunista ohia izan zen Azerbaijango Errepublikako Lehen lehendakaria, 1991n, baina 1992ko maiatzean dimisioa ematera behartu zuen oposizioko Herri Fronteak, Karabakheko egoera kontrolatzerik lortu ez zuelako. Gorabehera askoren ondoren, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren 1993an, eta Albufaz Elxibey Herri Fronteko burua izan zen garaile, botoen %55 eskuratuta. Presidente hark Errusiatik aldentzeko eta Turkiara hurbiltzeko ahaleginak egin zituen (Estatu Independenteen Erkidegotik atera zen Azerbaijan 1992an) eta Mendebaldeko herrialdeekin petrolioaren esportaziorako hitzarmenak lortzen ahalegindu zen. Baina Elxibeyk ez zuen lortu ekonomiak hobera egitea eta Nagorno-Karabakheko gerra amaitzea.

Hain zuzen ere, gudaroste azeriak zenbait gudu galdu zuen armeniarren kontrako gerran, eta horren eraginez estatu kolpe bat eman zuten Guseinov koronelaren jarraitzaileek. Elxibeyk ihes egin zuen eta Kontseilu Nazionalak Heydar Aliev komunistaren esku utzi zituen ahalmenak. Heydar Aliev lehendakaria Turkiarekiko harremanak sendotzen saiatu zen, beti agertuz azerien alde eta armeniarren kontra, eta Errusiarekiko hurbiltasuna ere bilatu zuen, etorkizunean mugen kontrola bideratzen lagun ziezaiokeelakoan. Horrela, 1993an Estatu Independenteen Erkidegoan onartu zuten berriro Azerbaijan. Urte hartan bertan, urrian, lehendakari izendatu zuten Aliev (%98,8). 1994ko maiatzean, su-etena sinatu zuen Nagorno-Karabakheko gerran, Errusiaren presioaren eraginez, baina 1996 arte elkarrizketak egon ziren arren, gatazka ez zen erabat konpondu. 1994an Husseynov lehen ministroaren jarraitzaileek estatu kolpea emateko saioa egin zuten, su-etenaren kontra baitzeuden, baina ez zuten beren helburua lortu eta atxilotu egin zituzten.

1995ean hauteskundeak egin ziren, oposizioko alderdien parte-hartzerik gabe, debekatu egin baitzituzten estatu kolpearen saioaren ondoren, eta Alieven Azerbaijan Berria alderdia izan zen garaile; bestalde, 1996an Guliev lehen ministroak dimisioa eman behar izan zuen, eta Rasizade izendatu zuten lehen ministro. 1998ko hauteskundeetan Heydar Aliev komunista aukeratu zuten berriro lehendakari (%76,11), herrialdeari egonkortasuna eman ziolako eta ekonomia hobetzeko lan handiak egin zituelako, batez ere petrolioaren alorrean.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijanen banaketa administratiboa

Azerbaijan errepublika presidentzialista da. Gaur egun indarrean dagoen konstituzioa 1995ekoa da. Organo legegile nagusia Mejlis edo Batzar Nagusia da, bost urtez behin aukeratutako 300 kidez osatua. Estatuburua presidentea da, eta, konstituzioaren arabera, lehen ministroa izendatu eta gobernua osatzeko ahalmena dauka, Mejlisaren onespenarekin, betiere. 1991n 50 kidez osaturiko organo legegile bat antolatu zuen Mejlisak, Nazio Kontseilua. Nazio Kontseiluak indar gabe utzi zuen Mejlisa 1992ko estatu kolpearen ondoren.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Azerbaijanen banaketa administratiboa»

Azerbaijan honela dago banatua:

  • 59 raion edo eskualde (singularrean rayon, pluralean rayonlar),
  • 77 hiri (pluralean şəhərlər; singularrean şəhər),
  • Nakhitxevan errepublika autonomoa (muxtar respublika)

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azerbaijango demografiaren bilakaera 1960-2010 bitartean. Biztanleria mila biztanletan.

Azerbaijan da Mendebaldeko Asiako herrialdeetan biztanle gehien duena; 2016an 9.750.000 baino gehigiago zituen, 112,6 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin[1]. Biztanleen %54,6 bizi da hiriguneetan[5]. Adineka, berriz, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %22,8, 15-24 urte bitartekoak %15,8, 25-54 urte bitartekoak %45,3, 55-64 urte bitartekoak %9,6 eta 65 urtetik gorakoak %6,5[5]. Bizi itxaropena 72,5 urtekoa da, 69,5 urtekoa gizonezkoena eta 75,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak)[5].

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizataldeei dagokienez, etnia askotako jendea bizi da. Gehienak, %91,6, azeriak dira, %2 lezginak, %1,3 armeniarrak, %1,3 errusiarrak eta %1,3 talixak[5]. Gaur egun, Azerbaijango armeniar gehienak Nagorno-Karabakhen bizi dira. Azerbaijanen administraziopean dago, orobat, Nakhitxevan, Armeniarekin mugan dagoen lurraldea, etniari dagokionez azerbaijandarra.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala azerbaijanera da, biztanleen %92,5-en ama hizkuntza. %1,4 errusieradunak dira, eta %1,4 armenieradunak[5].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen %97 musulmanak dira, gehienak xiiak. Kristauak %3 dira (2010eko datuak[5]).

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolio erauztea Bakuko aldirietan.

Azerbaijango ekonomia jarduera nagusia industria da, barne produktu gordinaren %61,1 2016an[5], nahiz eta bera den Kaukasiako errepublikarik atzeratuena, industrializazio mailari dagokionez. Petrolioari loturiko industria da bereziki azpimarratzekoa; izan ere, munduko petrolio erreserba nagusietako bat dauka Azerbaijanek. 1997aren amaieran, Kaspiar itsasoan zituen petrolio hobiak zabaldu ziren, gobernuak atzerriko 12 enpresaz osaturiko talde batekin lorturiko hitzarmenari esker. Petrolioaz gainera, aipagarriak dira Kaspiar Itsasoaren inguruko baliabideei loturiko industriak (kimika industriak, altzairua, etab.).

Nekazaritzari dagokionez, barne produktu gordinaren %6.4 bat hartzen zuen 2016an, eta kotoia, laboreak, mahatsa eta tabakoa dira gai nagusiak, baina kotoiaren eta mahatsaren ekoizpenak behera egin du azken urteetan.

Azerbaijango ekoizpenak, oro har, behera egin zuen 1990eko hamarkadan, Nagorno-Karabakheko gerraren ondorioz kostuak garestitu zirelako eta Sobietar Batasun ohiko beste errepublika batzuekiko merkataritza harremanak eten zirelako. Gaur egun, Europako herrialdeekin, Turkiarekin, Iranekin eta Estatu Batuekin ditu merkataritza harreman nagusiak. Sobietar Batasun ohiko herrialdea izaki, arazoak izan ditu merkatuko ekonomiara egokitzeko, baina aberastasun eta energia iturri ugari izateak asko lagun diezaioke.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

See source Wikidata query.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Azerbaijan Aldatu lotura Wikidatan