Büyük Han

Koordenatuak: 35°10′35″N 33°21′45″E / 35.1763°N 33.3625°E / 35.1763; 33.3625
Wikipedia, Entziklopedia askea
Büyük Han
Kokapena
District of Northern CyprusLefkoşa District
HiriaNorth Nicosia
Koordenatuak35°10′35″N 33°21′45″E / 35.1763°N 33.3625°E / 35.1763; 33.3625
Map

Büyük Han (grezieraz: Μεγάλο Πανδοχείο, Megálo Pandocheío) Zipre uharteko karabansarai handiena da, Nikosia hiriburuan. Herrialdeko eraikin ikusgarrienetakoa ere kontsideratu izan da[1]. Hiriaren iparraldean kokaturik dagoenez Ipar Zipreko Turkiar Errepublikari dagokio.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otomandarrek veneziarren esku zegoen Zipre inbaditu zuten eta 1570an Nikosia hiriburua setiatu eta konkistatu zuten. Aurreneko gobernadore otomandarra zen Muzaffer Pashak sustatu zuen karabansaraiaren eraikuntza, Turkiako Bursa hirian dagoen Koza Han-en antzirudiko.

Aurrez bazegoen karabansarai baten gainean eraiki zen Büyük Han. Muzaffer Pashak Bostan arkitektua ekarri arazi zuen Konstantinoplatik hiriaren harresiak berrizteko eta posible da berau izatea karabansaraia eraiki zuena ere[2]. Eraikuntza hasi aurretik Muzaffer Pasha 1571eko abuztuaren 26an Tripolitaniako gobernadore izendatua izan zen eta honen ondorengo Sinan Pashak abiatu zituen lanak 1572an.

Hasiera batean Yeni Han ("ostatu berria") izena izan zuen eta Alanyalılar Hanı ("Alanyarren ostatua") izenaz ere ezagutu zen, Alanyako merkatariak biltzen baitziren bertan. XVII. mendean Kumarcilar Han karabansarai txikiagoa eraiki zen Asmaaltı enparantzaren beste aldean eta orduan hartu zuen Büyük Han ("ostatu handia") izena[3].

1878an britainiarrek Zipre hartu zutenean Büyük Han gartzela izateko atondu zuten eta 1892 eta 1903 artean Nikosiako gartzela izan zen[1]. Horren ondoren berriz ere ostatu bihurtu zen 1947an familia behartsuentzako aterpetxe bihurtu zen arte[3].

1990. hamarkadan berrikuntza lan handiak egin ziren eta gaur egun hiriko artearen erdigunea bihurtu da, hainbat galeria eta arte lantoki baitaude bertan. Patioan kafetegi eta denda ugari ere badaude[4].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano errektangularra dauka, ia karratua, 50'67 metro luze eta 45'25m zabal baita. Barneko patioa bi solairutako eraikinak inguratzen du. Ertz-gangaz eginiko zutabeek eusten dute eta guztira 68 gela daude bi solairuetan. Behe solairutako gelak merkataritzarako erabili izan dira historikoki eta goiko solairutakoak bizilekuak izan dira[5]. Ekialdeko sarrerako zutabeen atzean solairu bakarreko 10 denda daude. Gela bakoitzean harrizko tximinia hexagonal edo oktogonalak daude sutondo bakoitzaren gainean[3].

Karabansaraiak bi sarrera ditu, ekialdean eta mendebaldean. Sarrera nagusia ekialdekoa da, Asmaaltı enparantzara ematen duena.

Patioaren erdian meskita berezi bat dago, turkieraz köşk mescidi ("etxeko meskita") esaten zaiona. Meskita txikia da eta barnean iturru bat du bisitariak errezu aurretik garbitu ahal izateko[6]. Inguruko etxeetako harriak berrerabiliz eraiki zen[3]. George Jefferyk 1927an idatzi zuen lastategi gisa erabiltzen zela. Meskitaren hego-mendebaldean hilobi bat dago. Meskitan errezatzen ari zela hil zen pertsona garrantzitsu batena zela esan ohi da eta Muzaffer Pasha exekutatu ondoren beran hobiratu zutela ere esan izan da, baina azken honek ez du azalpen logikorik, Tripolitaniara joan baitzen. Hilobia eskaintzak egiteko erabili izan zen antzina[3].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Dubin, Marc; Morris, Damien. (2002). Cyprus. Rough Guides ISBN 1-85828-863-0..
  2. Eyice, Semavi. (1992). Büyük Han. İslam Ansiklopedisi (turkieraz). 6. Türk Diyanet Vakfı., 514-5 or..
  3. a b c d e Bağışkan, Tuncer. (2005). Kıbrıs'ta Osmanlı Türk Eserleri. Turkish Cypriot Association of Museum Lovers, 321-4 or..
  4. Darke, Diana. (2009). North Cyprus. Bradt Travel Guides ISBN 1-84162-244-3..
  5. (Ingelesez) «Büyük Han (Karawanserei) - Nicosia, Cyprus | Hiking Tips & Photos» komoot (Noiz kontsultatua: 2020-09-20).
  6. (Ingelesez) «The Buyuk Han Caravanserai in Nicosia - Review of Buyuk Han, Nicosia, Cyprus» Tripadvisor (Noiz kontsultatua: 2020-09-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]