B12 bitamina

Wikipedia, Entziklopedia askea
B12 bitaminaren egitura molekularra

B12 bitamina, kobalamina ere deitua, bere molekulan kobaltoa duen bitamina hidrosolugarria da. Egitura molekular korapilatsua du bitamina honek (ikus irudia), kobaltoa eraztun porfiniko baten erdian egonik.

Funtsezko zeregina du kobalaminak garun eta nerbio-sistemaren jardueran. Baita odoleko eritropoiesian ere.

Zehatza izanik, B12a ez da bitamina bakarra. Lau kobalamina daude, haien egitura molekularrean kobaltoa dutenak:

  • zianokobalamina
  • hidroxikobalamina
  • 5'-desoxiadenosilkobalamina
  • metilkobalamina

Funtzioak

Eritropoiesian parte hartzeaz gain, proteina eta azido nukleikoen metabolismoan jarduten du kobalaminak. Metilo taldearen (-CH3) transferentzietan ere laguntzen du bitamina horrek.

Nerbio-sistemaren funtzionamendurako funtsezkoa da. Mielina-zorroaren egitura mantentzen du, hots, nerbioak babesten dituen egitura.

Iturria

Naturan B12 bitaminaren sintesia bakterioek burutzen dute. Zehazki, lurzoruan edo landareen erroetan (sinbiosia eginez) bizi diren bakterioak dira bitamina honen ekoizle nagusiak. Besteak beste, Aerobacter, Azotobacter, Bacillus, Clostridium, Mycobacterium, Proteus, Pseudomonas, Rhizobium eta Streptomyces generoak.

Animalia belarjaleek bakterioek sortutako B12 bitamina hartzen dute landareetatik, eta haragijaleek belarjaleak janez hornitzen dira bitamina horretaz.

Elikagaien artean, B12 bitamina ugaria da okelan, arrainetan, esnean, arrautzetan eta gibelean. Barazkijaleen artean bitamina honen gabezia ager daiteke, fruta eta barazkietan urria baita.

Gabezia

Bitamina honen gabeziak anemia kaltegarri izeneko gaitza eragiten du: eritrozitoen kopurua asko jaisten da (eritropoiesiak akats larriak baititu), eta kalte neurologiko eta gastrointestinalak agertzen dira.

Behar den baino gutxiago hartzen denean, anemia kaltegarria agertzen ez bada ere, beste gaitz batzuk etor daitezke: nekea, depresioa eta oroimen ahula, besteak beste.

Azpimarratu behar da bitamina hau heste meharrean xurgatua izan dadin beharrezkoa dela urdailak ekoizten duen FI faktorea ("faktore intrintsekoa"). Faktorerik ezean hartutako kobalamina ez da xurgatzen eta ez da odolera iristen, anemia kaltegarria agertuz.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: B12 bitamina Aldatu lotura Wikidatan