Bakartxo Tejeria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bakartxo Tejeria Otermin
Bakartxo Tejeria


Karguan
2012ko azaroaren 20(e)tik
Lehendakaria   Iñigo Urkullu
Aurrekoa Arantza Quiroga

2003ko ekainaren 14 – 2007ko ekainaren 16
Aurrekoa Maixabel Arrieta (EH)
Ondorengoa Maixabel Arrieta (EAE-ANV)

Karguan
2001eko ekainaren 18(e)tik

Escudo Villabona.svg
Villabonako udaleko zinegotzia
1999 – 2011ko ekainaren 11

Jaiotza 1971ko martxoaren 28a (48 urte)
Larraul, Gipuzkoa
 EH
Alderdi Politikoa EAJ
Ezkontidea(k) Joanes Labaien
Gurasoak Lazaro Tejeria Amonarriz, Joxepa Otermin Saralegi
Senideak Ramon Labaien (aitaginarreba)
Seme-alabak Libe, Maddi, Luka eta Ander
Lanbidea abokatua
Egoitza Donostia

Miren Bakartxo Tejeria Otermin (Larraul, Gipuzkoa, 1971ko martxoaren 28a) gipuzkoar abokatu eta politikari jeltzalea da. Zuzenbidean lizentziatua; gaztetatik sartu zen politikan, aurrena Villabonako zinegotzi gisa, eta gerora bertako alkatea izatera iritsi zen. 2001z geroztik EAJko eusko legebiltzarkidea da; VII. , VIII., IX. eta X. eta XI. legegintzaldietan ibili da bertan. 2012ko azaroaren 20an Eusko Legebiltzarreko lehendakari izendatu zuten, eta X. legealdian lan horretan jardun zuen. 2016ko urriaren 21ean berriz hautatu zuten kargurako, eta gaur egun Eusko Legebiltzarreko lehendakaria da XI. legealdian.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia jeltzale batean jaioa, bere aitona eta aita Larraulgo Larrola baserrian bizi ziren. Herri txikia izanik auzolanean lan egin izan da, eta bertako alkate izan ziren bere aitona Lazaro, baita aita, osaba eta neba ere.[1] Bakartxoren gurasoak Lazaro Tejeria Amonarriz larrauldarra eta Joxepa Otermin Saralegi nafarra dira. Bikoteak beste bi alaba eta seme bat izan zituen.[2]

Bere bizitzako lehen urtea Larraulen igaro bazuen ere, Bakartxo Villabonan hezi eta hazi zen. Bertako ikastolan ikasi zuen, eta Tolosako Orixe institutuan egin zituen UBI eta Batxilergoa. Bere ikasketa guztiak zientzietara zuzendu bazituen ere, azkenean Zuzenbidea ikastea erabaki zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketa horiek euskaraz egin zituen lehenengotariko belaunaldia izan zen, eta harekin batera ikasi zuten Eneko Goiak eta Joanes Labaienek (gerora bere senarra izango zena). Unibertsitateko garaietan Eneko Goiarekin batera ibili zen Lurgorri Ikasle Elkartean, eta egun bere lagun onenetarikoa da.

Lizentziatu berritan Tolosako Uzturre abokatu-bulegoan hasi zen lanean, EAJko eta EAko lau kiderekin batera. Lan horretan zenbait eraso jasan zituen; lankideetako bati baserria erre zioten eta bulegoan pintaketa batzuez gain lehergailu txiki bat ere jarri zieten.[3][4] 1997an Villabonako bake epaile titular postua eskuratu zuen, eta abokatu lanarekin uztartu zuen bi urtez, 1999an politikan sartu eta bateraezintasunengatik kargua utzi zuen arte.

Ibilbide politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuzenbidea ikasten ari zela hasi zen politikan, Xabi Zabala alderdikideak eskatuta Villabonako udalerako zerrenda osatu zuen, jende gaztea behar zela eta. Pixkanaka hautagaitzan gora egin zuen, eta 1999ko hauteskundeen ondoren zinegotzi bilakatu zen, 28 urte zituela. Zinegotzi postuak zekartzan bateraezintasunak zirela eta bake epaile kargua utzi behar izan zuen. Villabonako udalean jarraitu zuen 2011rarte, 2003 eta 2007 bitartean alkate gisa. EAJren Villabonako Uri Buru Batzarreko kide izandakoa da.

Villabonako alkatea (2003-2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko udal hauteskundeak EAJ-EA koalizioak irabazi zituen Villabonan, Bakartxo Tejeria zerrendaburu zela. Hauteskunde horietan ezker abertzalea legez kanpo zegoen, eta aurreko alkatea, Maixabel Arrieta, ezin izan zen aurkeztu. Era horretan alderdi guztiek zegozkienak baino zinegotzi gehiago zeuzkaten, baliogabeko botoak kontuan hartuz. EAJ-EAren kasuan 10 zinegotzi lortu zituzten, zegozkienak baino 2 gehiago. Hala ere, EAJ-EA koalizioak gehiengo absolutua eskuratu zuen, baita 2 zinegotzi gutxiagorekin ere, udal bilkura 13 zinegotzik osatzen baitzuten.

Legealdian zehar tentsio handia bizi izan zen, egoera politikoak baldintzatua. Legealdi hasieran ez zioten Maixabel Arrietaren (Euskal Herritarrok) eskutik jaso beharreko aginte-makila pasa. 2004ko udan erraustegiaren aurkako talde bat udal bilkurara sartu zen eta protesta gisa bertan itxi zituzten zinegotzi guztiak, gaueko bederatziak arte irtetea galaraziz, Bakartxo iraintzen zuten bitartean.

Bere agintaldian, besteak beste, 700 etxebizitza berri eraiki ziren (ia erdia babes ofizialekoak), industrialde berri bat eraiki zen eta alde zaharreko paper-fabrika lekualdatu zen, bertan frontoi estalia, udalarentzako bi lokal eta etxeak eraikiz.

2007ko udal hauteskundeetan ANVk sei zinegotzi eskuratu zituen, eta EAJ atzean geratu zen 5 zinegotzirekin. Era horretan Maixabel Arrietak alkatetza berreskuratu zuen, eta Bakartxo Tejeriaren eskutik jaso zuen alkatearen aginte-makila. Bakartxok oposizioan lanean jarraitu zuen 2011ko hauteskundeetara arte.

Eusko legebiltzarkidea (2001-2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundetan legebiltzarkide hautatua izan zen Gipuzkoako zerrendatik. Ordutik 5 legealdiz jardun du Eusko Abertzaleak taldeko legebiltzarkide gisa, azken biak legebiltzarreko lehendakari lanetan.

VII. legealdia (2001-2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko maiatzaren 13ko hauteskundeetan EAJ-EA koalizioaren Gipuazkoako zerrendan 11. postuan aurkeztu zen, eta legebiltzarkide hautatua izan zen, koalizioa lehen indarra izan baitzen eta 12 jarleku eskuratu baitzituen. Bere lehen legealdian batzorde hauteako kide izan zenː Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordea; EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea (bi batzorde horietan 2001eko urriaren 16an Eider Mendozak ordezaktu zuen arte); Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordea eta Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordea (azken bi horietan 2002ko otsailaren 12an Edurne Egañak eta Eider Mendozak ordezkatu zuten arte, hurrenez hurren). Horietaz gaian Nekazaritza eta Arrantza Batzordean ere aritu zen 2002ko otsailaren 12az geroztik (Nerea Antia ordezkatuz).

Legealdi osoan zehar Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko eta Erakunde eta Herrizaingo Batzordeko kidea izan zen. Hala nola, Emakume eta Gazteria Batzordeko lehendakariordea izan zen, paper garrantzitsua izan zuen beraz 2005eko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen garapenean.

VIII. legealdia (2005-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioaren Gipuzkoako zerrendan hirugarren postuan joan zen (Joseba Egibar eta Unai Ziarretaren atzetik, EAJri esleitutako postuetan bigarrena), beraz legebiltzarkide kargua berritu zuen, koalizioa lehen indarra izan baitzen berriz, 10 jarlekurekin.

Legealdi honetan zehar Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko zein Erakunde eta Herrizaingo Batzordeko kide izaten jarraitu zuen. Horretaz gain Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko idazkari izendatu zuten, eta Osasun Batzordeko kidea ere izan zen. Lan eta Gizarte Gaietarako Batzordeko kide izanik 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen arduradunetako bat izan zen.

IX. legealdia (2009-2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ eta EA bananduta aurkeztu ziren, hortaz Bakartxo EAJren Gipuzkoako zerrendako bigarren postuan aurkeztu zen. EAJk irabazi zituen hauteskundeak bai Gipuzkoan (10 jarleku) bai Araban eta Bizkaian, baina PSE-EE eta PPren arteko itunak Jaurlaritzatik kanpo utzi zuen.

Aurreko legealdietako ildoa jarraituz Osasun eta Kontsumo Batzordeko; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordeko eta Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordeko kidea izan zen. Lehen aldiz Erregelamendu eta Gobernu Batzordeko kidea ere izan zen. Legealdi honetan, gainera, Eusko Abertzaleak taldearen koordinazioaz arduratu zen 6 legebiltzarkideetako bat izan zen.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria (2012-)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren Euzkadi Buru Batzarrak Bakartxo Tejeria proposatu zuen legebiltzarreko mahaiburu izateko hautagai, eta alderdikideek oniritzia eman zioten. Zenbaitek proposamenaren atzean karguan GBBko presidente Joseba Egibarren ildoko norbait jartzeko ituna ikusi zuten, EAJren baitako bi sektoreen zein Bizkaia eta Gipuzkoako zuzendaritzen akordioaren emaitza. Honen aurrean Bakartxo Tejeriak ez du ezkutatzen Joseba Egibar ideologikoki gertukoa izateaz gain laguna ere baduela, eta honek jakinarazi ziola hautagaitzarako bere izena dantzan zebilela. Hala ere bere hautagaitzaren atzean zer nolako negoziaketa egon zen ez duela ezagutzen eman du aditzeraː "Exekutibetan gertatzen direnak bertan geratzen dira. Nik ez dut inoiz arazorik izan ez batzuekin ez besteekin eta alderdiaren buru batzarrak proposatutako nire hautagaitza, batzokietan berretsi zen. Ez dut sekula, inondik, ezer txarrik sumatu.", adierazi zuen.

X. legealdia (2012-2016)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskundeen ondoren PSE-EE eta PP-k gehiengoa galdu zuten, eta EAJ-k 27 legebiltzarkiderekin irabazi zuen. 2012ko azaroaren 20ko eratze-bilkuran bigarren bozketan eskuratu zuen kargua, aurkeztutako hautagai bakarra izan arren bere alderdiko 27 botoak baino ez baitzituen eskuratu.

XI. legealdia (2016-)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bere alderdiaren hautagai izaten jarraitu zuen legebiltzarreko lehendakaritzarako, Gipuzkoako zerrendan bigarren postuan joanaz. 2016ko abuztuaren 25ean Luka eta Ander bikiak erditu zituen, beraz ez zuen hautagaitzaren aurkezpenean parte hartu, baina hitza hartu zuen kanpainan aurrerago egindako ekitaldi batzuetan.

2016ko urriaren 21ean egindako eratze-bikuran legebiltzarreko mahaiburu kargua berritu zuen, berriz ere bigarren bozketan, baina EAJren 28 botoez gain PSE-EEren 7 boto ere eskuratu zituen oraingoan (37 guztira).

Bizitza pertsonala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko udan Joanes Labaien abokatuarekin ezkondu zen, eta ordutik Donostian bizi da. Bien arteko harremana unibertsitatean hasi zen, batera ikasi baitzuten. Joanes Ramon Labaien Donostiako alkate eta kultura sailburu zenaren semea da. Bikoteak lau seme-alaba dituː Libe, Maddi, Luka eta Ander. Bi semeak bikiak dira eta 2016ko abuztuan jaio ziren Gasteizen.[5]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskal Irrati Telebista «Bideoa: Jakoba Errekondo eta Bakartxo Tejeria. Berandu baino lehen | TB | Telebista online | EITB nahieran» www.eitb.tv . Noiz kontsultatua: 2019-02-07 .
  2.   Herritarren Txokoa (2010-12-02) «Larrolako Lazaro Tejeria» Aiurri . Noiz kontsultatua: 2019-02-07 .
  3.   Miranda Labaien, Jon (2017) ««Gauzak erradikaltzen direnean, ez zait batere gustatzen»» Tolosaldeko ataria . Noiz kontsultatua: 2019-02-07 .
  4.   [https://www.berria.eus/hemeroteka/egunkaria/pdfa/?data=2001-09-06&orria=006&zenb=NVpWcjh4eTQwNlhIbk9jZys5OXBFUT09 «Tolosako Uzturre abokatu bulegoari molotov koktelez eraso diote»] (PDF), Euskaldunon Egunkaria, 2001-09-06 .
  5.   Tejeria Otermin, Bakartxo (2016) [https://www.facebook.com/Bakartxo.Tejeria/posts/1200194216706071 «Luka eta Ander jaio dira. Ondo daude, eta familia, oso, oso pozik !»] www.facebook.com . Noiz kontsultatua: 2019-02-09 .