Bakerako Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Bakerako Elkarteako kideen mapa:
██ Egungo kideak ██ OTANera 1999an batu ziren kideak ██ OTANera 2004an batu ziren kideak ██ OTANera 2009an batu ziren kideak

Bakerako Elkartea (ingelesez: Partnership for Peace, PfP) 1994an NATO erakundeak eta tradizioz komunismoari lotuak izan ziren Europako zenbait herrialdek NATOren eta erakunde horretatik kanpoko herrialdeen arteko harremanak sendotzeko eraturiko erakunde politiko eta militarra da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Varsoviako Ituna desegin zelarik, NATOn sartzeko eskariak egin zituzten Europako zenbait herrialdek, eta eskari horiei erantzuteko, Ipar Atlantikoko Elkarlanerako Kontseilua sortu zuen NATOk 1991n, babes gaietarako hitzarmenak sinatzeko helburuarekin. NATOren eta herrialde kideen arteko eztabaidagune eta, batez ere defentsa gaietan, elkarlanerako gune gisa sortu zen, baina horrez gainera, bere helburua zen hainbat alorretako arazoez jardutea, hasi ingurumenekoetatik eta arazo politiko eta ez estrategikoetara.

Kontseiluaren baitan Bakerako Elkartea sortu zen 1994an, lehen esan bezala, batez ere Sobiet Batasuna desegin zelarik Ekialdeko herrialdeen zatiketa gertatu ondoren sortu zen egoera geopolitikoari egokitzeko NATOren jarduera, eta herrialde batzuek NATOrekin are harreman estuagoa izan zezaten. Elkarte horretan sartzeko estatuen burujabetasun politikoa, lurralde osotasuna eta finkatuta dauden mugak bere horretan iraunarazteko konpromisoa hartzen dute estatuek eta liskarrak bake bidez konpontzeko hitza ematen dute.

NATOri babes eta segurtasunaren inguruko informazioak ematen dizkiote, baketze ekinaldietan parte hartzen dute, eta, horren truke, NATOk ariketa militar eta egitasmo bateratuak antolatzen ditu bakegintzara begira. Herrialde kideek NATOrekin batera ekinaldi humanitarioetan, bakezkoetan eta bilaketa-salbamenduzkoetan jarduteko prestakuntza jasotzen dute eta defentsarako aurrekontuak osatzeko argibideak hartzen dituzte. 1997az gero Bakerako elkartearen ordez Elkarte Euroatlantikoko Kontseilua sortu zen; kontseilu hori NATOk Europarako duen segurtasun proiektu bateratuarekin nolabaiteko lotura duten 44 herrialdez osatu zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]