Baliokidetza formala eta dinamikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Baliokidetza formala eta dinamikoa bi itzulpen teknika dira. Dinamikoa (baliokidetza funtzionala ere deitua) jatorrizko testuko ideia azaltzen saiatzen da. Formala, aldiz, testua hitzez hitz itzultzen saiatzen da. Bi teknikek jatorrizko testuarekiko irakurgarritasun- edo fideltasun-maila bat erakusten dute. Hala ere, ez dago muga zehatz bat baliokidetza formalaren eta dinamikoaren artean.

«Baliokidetza dinamikoa» eta «baliokidetza formala» terminoak Eugene Nidak asmatu zituen, eta jatorriz Biblia itzultzeko modu desberdinak deskribatzeko erabili ziren, baina bi teknikak edozein itzulpenetan aplika daitezke.

Itzulpenera hurbiltzeko moduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliokidetza formalak arreta jatorrizko testuaren xehetasun lexiko eta gramatikalak fideltasunez itzultzean jartzen du. Baliokidetza dinamikoak, aldiz, itzulpen literala baztertzen du eta itzulpen naturalago bat egiten saiatzen da.

Eugene Nida-ren arabera, “baliokidetza dinamikoa gertatzen denean, jatorrizko testuaren mezua halako moduan helarazi da xede-hizkuntzara non xede-testuaren hartzailearen erantzuna jatorrizko testuaren hartzaileenaren iguala den”. Bi hizkuntzetako hartzaileek testuaren zentzua modu bertsuan ulertzea da bilatzen dena.

Hurrengo urteetan Nidak “baliokidetza dinamikoa” terminoa baztertu eta “baliokidetza funtzionala” erabiltzen hasi zen. Azken termino horrek iradokitzen duenez, baliokidetza jatorrizko testuak jatorrizko kulturan duen funtzioaren eta xede-testuak (itzulpena) xede-kulturan duen funtzioaren artean gertatzen da, baina gainera “funtzio” hori testuaren ezaugarritzat har daitekeela ere zehazten du. Baliokidetza funtzionala ulertzeko beste era bat jendeak kulturetan elkarreragiten duten modua da.

Teoria eta praktika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitetan testuaren edukia komunikatzea da itzulpenaren helburua, eta jatorrizko testuaren hitz berak mantentzea bigarren maila batera pasatuko litzateke. Kasu horietan baliokidetza dinamikoa erabiltzen da, jatorrizko testutik aldentzea ahalbidetzen baitu. Aurrekoa kontuan izanik eleberriak oro har baliokidetza dinamiko handiagoarekin itzultzen dira hizkuntza naturalago bat sortzeko. Diplomazian, ordea, jatorrizko esanahia zehazki mantentzea da garrantzitsuena eta hortaz, baliokidetza formala da erabiliena arlo horretan.

Askotan baliokidetza formala errealitate bat baino xede bat da, hizkuntza batek kontzeptu bat izendatzeko hitz bat izan dezakeelako, eta beste hizkuntza batean kontzeptu horretarako baliokiderik ez eduki. Kasu horietan bi aukera daude: itzulpen dinamikoago bat egitea edo xede-hizkuntzan neologismo bat sortzea kontzeptu hori izendatzeko (batzuetan jatorrizko hizkuntzaren hitz bat hartzen da).

Zenbat eta ezberdinagoak izan jatorrizko hizkuntza eta xede-hizkuntza, orduan eta zailagoa izango da itzulpen literal bat ulertzea. Haatik baliokidetza formalari esker itzulpenaren hartzaileek esanahia jatorrizko testuan zehazki nola adierazi den ikus dezakete. Era berean, esapideak, figura erretorikoak (hebreerazko Bibliako kiasmoak, esaterako) eta hitz egiteko eta idazteko era mantentzen dira informazio originalari eusteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Nida, Eugene A.; Carlos R. Taber (1969). La Teoría y Práctica de Traducción. Publicadores Brill. ISBN 90-04-13281-3.