Kargako bizikleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Banaketa-bizikleta» orritik birbideratua)
Ama haurrak kargako bizikletan eramaten Herbehereetan.

Kargako bizikleta, zama-bizikleta, zamalanetarako bizikleta edo kutxadun bizikleta zamak garraiatzeko berariaz diseinatutako eta eraikitako bizikleta da. Oro har, bizikletak eta trizikloak dira usuenak, baina badaude lau gurpil edo gehiago dituzten ibilgailuak ere. Gizakien indarrez soilik edo motorrez lagunduta propultsatutako ibilgailuak dira.

Kargak sartzeko eremu bat izaten dute: kaxa ireki edo itxia, plataforma laua edo alanbrezko saski bat. Gurpil baten edo biren gainean muntatuta ageri ohi da kargarako gunea, eta bere kokalekua bizikletaren edozein tokitan egon daiteke: aurreko gurpilaren gainean edo atzean, atzeko gurpilaren gainean edo aurrean, aurreko bi gurpilen gainean trizikloen kasuan...

Bizikleta arrunt batek baino karga handiagoak garraiatzeko eraiki behar dira ibilgailu horien markoa eta transmisioa.

Abantaila eta desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizikleta hauek zenbait abantaila direla medio erabiltzen dira: erregairik ez dute behar eta ez dute kutsatzen, hirigunean ibiltzeko malgutasuna dute, eta erosi, eraiki eta zaintzeko errazak dira.

Desabantailak ere baditu: zama astunak garraiatzeko edo distantzia luzeak ibiltzeko ez dira praktikoak, zamak babes gutxiago izan ohi du, gidariak babes gutxiago izan ohi du eguraldiaren eta istripuen kontra, eta erabiltzeko ahalegin handiagoa eskatzen dio.