Banbu moztailearen ipuina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kaguya printzesaren aurkikuntza, Tosa Horomichiren Banbuaren Ipuina idazlanaren ilustrazioa.

Banbu moztailearen ipuina, japonieraz 竹取物語 Taketori Monogatari, IX. edo X. mendeko Japoniako folkloreko ipuin bat da. Egile ezezagunekoa, japonieraz testu idatzi antzinakoenatzat jotzen da. Kaguya printzesaren ipuina, かぐや姫の物語, Kaguya-hime no Monogatari, izenez ere ezagutzen da, ipuin honetako protagonista nagusia izendatuz.

Ipuina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taketori no Okina (竹取翁, literalki "agure banbu moztailea") banbu moztaile adinduak barnean argia duen banbu zuhaitz bat topatuko du. Argiaren zergatiaz jakinmina piztu eta barnean duena ikusteko hurbilduko da. Banbua kontu handiz moztu eta barnean hatz potoloaren tamainako haurtxo bat topatzean zur eta lur geldituko da. Hura berarekin batera etxera eramatea erabaki eta bertan emaztearekin batera Zeruak egin dien oparia dela erabaki eta haiek haziko dute, neskato printzesari Kaguya (argi distiratsuaren printzesa) izena emanaz.

Handik urte batzutara Kaguya hazi eta neska gazte eder bilakatuko da, haren dotorezia eta edertasunaren ondorioz denen artean ospetsu eginez.

Honela bada, aiton-amonen etxera bost printze bertaratuko dira, Kaguyarekin ezkontzeko asmoz. Baina Kaguyak beraiekin ezkondu nahi ez duenez, zuzenean ezezkoa eman beharrean eta dotoreziaz uko egiteko asmoz, harekin ezkontzekotan ezinezkoak diren lanak betetzea eskatuko die: lehenbiziko printzeari Indian zegoen Budaren kaliz sakratua ekartzeko eskatuko dio, bigarrenari zilar eta urrez egindako kondairazko zuhaitz adar bat topatzea, hirugarrenari suzko arratoi ilez egindako kondairazko tunika lortzea, laugarrenari herensuge baten lepoan zetzan kolore anitzetako harribitzia eskuratzea, eta bosgarrenari enarek erdibitutako maskor eder bat lortzea. Printzesak inork existitzen ez zirela ez zekiten gauzak ekartzea eskatu zien, hortaz bere senargaiak lurjota gelditu ziren.

Kaguya Ilargira itzuliz. Tosa Horomichiren Banbuaren Ipuina idazlanaren ilustrazioa.

Printzesaren ospea horren handia izanik azkenean Japoniako Enperadoreari ere haren edertasun handia ikusteko griña piztu zitzaiola. Enperadoreak Kaguya ezagutzean hartaz maitemindu eta harekin ezkondu eta jauregi inperialera bizitzera joateko proposatu zion. Baina neskak enperadorearen proposamenari uko egin zion,hori ezinezkoa zela, printzesa beste planeta batean jaioa zela eta harekin joan ez zitekela argudiatuz. Halere, enperadoreak neska ezin hazturik ezkontza proposamenak behin eta berriz egiten jarraitu zion.

Udan, printzesak Ilargiari so egitean begiak malkoez betetzen zitzaizkion. Bere aita adinduak hori ikusi eta zer gertatzen zitzaion jakin nahi zuen, baina Kaguyak ez zion ezer erantzun. Eguna joan eta eguna etorri, neska gero eta atsekabetuagoa zegoen eta Ilargia begirtazen zuen aldiro negarrez hasten zen. Aiton-amonak oso kezkatuak zeuden, baina printzesak isilik mantentzen zen. Baina egun batez, abuztuko ilargi betea izateko egun bat falta zela, printzesak aiton-amonei bere atsekabearen zergatia azaldu zien. Lurrean ez zela jaio izan, Ilargian baizik, hara itzuli beharra zeukala eta datorren ilargi betean bere senideak haren bila itzuliko zirela.

Aiton-amonek neska joan ez zedin konbentzitzen saiatu ziren, baina Kaguyak joan beharra zuela erantzun zien. Honela, agurea laguntza eske Enperandorearengana zuzendu zen, neskaren istorio guztia azalduz, horregatik Enperadoreak printzesa joan ez zedin haren etxea soldaduz inguratu zuen. Abuztuaren erdiko ilargi bete gauez, etxea inguratzen zuten soldaduek neska babesten saiatu ziren, barnean neska aiton-amonekin batera hura sorlekura eramango zuten ilargiko jendearen zain zeuden artean. Ilargibetea jarri zenean, argi erraldoi batek denak itsutu eta ilargiko jendea neskaren bila Lurrera jaitsi zen, soldaduek ezin izan zuten haien aurka borrokatu argiek itsutzen baizituen eta modu arraroan borrokatzeko gogoa desagertu baizitzaien. Printzesak bere guraso ordeak agurtu, eta joan nahi ez zuela aipatu arren, joan beharra zuela esan zien. Enperadore atsekabetuak Japoniako mendirik garaienera soldaduz osatutako armada oso bat bidali zuen. Beren betekizuna mendiaren gailurrera igo eta Kaguya printzesak idatzitako gutuna eta utzitako botila bertan erretzea izan zen, suaren kea urrunean zegoen printzesaraino iritsi zedin.

Kondairaren arabera, mendia horren izena hilezkortasuna (japonieraz, 不死 fushi) bilakatu zen, gaur egungo Fuji mendia. Askoren ustez, erretako printzesaren gutunaren kea oraindik mendi horren gailurretik dariola ikusten da (iraganean, Fuji sumendia bolkanikoki askoz ere aktiboa zenez, gaur egun baina ke gehiago sortzen zuen).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]