Edukira joan

Bandera gorria Reichstagaren gainean

Bandera gorria Reichstagaren gainean
Jatorria
Sortzailea(k)Jevgeni Khaldei
Sorrera-urtea1945
Argitaratze-data1945
Jatorrizko herrialdeaAlemania
Ezaugarriak
Genero artistikoafotokazetaritza eta gerra argazkigintza
Koloreazuri-beltzekoa
Deskribapena
Kokapena
Koordenatuak52°31′07″N 13°22′34″E / 52.5186°N 13.3761°E / 52.5186; 13.3761
Mapa
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaReichstag
Argazkiaren erreprodukzio bat Azerbaijango zigilu batean

Bandera gorria Reichstagaren gainean (errusieraz: Знамя Победы над рейхстагом, translit.: Znamia Pobedy nad reikhstagom) Bigarren Mundu Gerrako argazki historiko bat da, Berlingo guduan hartua 1945eko maiatzaren 2an. Irudian, ofizalki, Meliton Kantaria eta Mikhail Jegorov ageri dira Sobietar Batasuneko bandera heltzen Reichstagaren gainean. Argazkia bera apirilaren 30ean gertatutakoaren erreprodukzio bat da, irudi egokia atera ahal izateko berreraikia. Haren kopiak milaka argitalpen ezberdinetan agertu ziren, eta Bigarren Mundu Gerrako argazkirik esanguratsuenen eta ezagunenen artean dago. Sobietar Batasunaren sekretupeko politikak zirela eta, bertan agertzen diren pertsonen identitatearen gaineko eztabaida egon da, hala nola argazkilariaren gainekoa, Jevgeni Khaldei, Sobietar Batasunaren desagerpenaren ostean identifikatu zena. Alemania Naziaren gaineko garaipenaren ikur bilakatu zen irudia.

Berlingo gudua Bigarren Mundu Gerrako Europako antzokiaren azken ofentsiba handia izan zen[O 1]. Sobietar Batasunak "Berlingo Ofentsiba Estrategikoaren Operazioa" izena eman zion. Armada Gorriak Alemaniako frontea hautsi zuen Vistula-Oder ofentsiban eta azkar egin zuen aurrera mendebalderantz Alemanian zehar, 30-40 kilometro aurreratuz egunero. Berlingo gudua 1945eko apirilaren 20an hasi zen eta maiatzaren 2an bukatu: historiako gudurik odoltsuenetako bat izan zen.

Reichstaga 1894an eraiki zen eta arkitektura indartsua zuen gara horretan. Eraikina Alemaniako historiako gune garrantzitsua zen eta, Armada Gorriaren ustez, bere etsaiaren faxismoaren ikurretako bat. Hala ere, nazien ustez, Reichstaga demokraziaren sinboloa zen; horregatik, 1933ko Reichstageko sutea izan zenetik, hamabi urtean itxita mantendu zuten, hain zuzen ere nazien agintaldi guztian, eta "bilera legislatiboak" Kroll Opera Etxean egin ziren garai luze horretan. Nolanahi ere, eraikinaren konkista luzea eta odoltsua izan zen, eta 1945eko maiatzaren 2ra arte sobietarrek ez zuten kontrolpean izatea lortu, milioika alemaniar eta sobietar hil zituen gerra baten amaieratik oso gertu.

Bandera igoeraren inguruan gertatutakoa oraindik ere eztabaidatua da, eraikinaren barruko borrokaldiek sortutako anabasa dela eta. Apirilaren 30ean Stalinek presio handia egin zuen eraikina hartzeko, Langileen Nazioarteko Eguna albiste horrekin ospatu ahal izateko[1]. Hasiera batean, bi hegazkinek hainbat bandera gorri handi bota zituzten eraikinaren teilatura, baina bonbardatutako kupulan geratu ziren. Gainera, 380. Errifle Erregimenduko M. M. Bondar eta 756. Erregimenduko V. N. Makov kapitaina eraikinean bandera gorria altxatu zutelako informeak iritsi ziren koartel orokorrera[2]. Informazio hori Georgi Zhukoven eskuetara iritsi zen, eta berak albiste ofiziala idatzi zuen, bere tropek Reichstaga hartu eta bandera gorria bertan jarri zutela esanez. Hala ere, kazetariak iritsi zirenerako, ez zuten eraikinean sobietarrik aurkitu, baina alemaniarrek tiroka hartu zituzten. Eraikinaren kanpoaldean eta barnealdean borrokaldiak segitzen zuen, eta 1945eko apirilaren 30eko 22:40etan 23 urteko Rakhimzhan Qoshqarbaev ofizialak eraikinean gora egin zuen eta goian zegoen "Germania" estatuaren koroan jarri zuen bandera. Beste iturri batzuen arabera, 27 urteko Mikhail Petrovitx Minin izan zen[3], baina gauean gertatu zenez, kazetariek ezin izan zuten argazkirik egin[3]. Hurrengo egunean alemaniarrek bandera kendu zutenez, ezin izan zen argazki onik egin[3]. Maiatzaren 2an, Armada Gorriak eraikina guztiz kontrolpean zuen[4].

1945eko maiatzaren 2an, Khaldei Reichstagera igo zen, jada guztiz lasai. Bandera, bere osabak egina, goraino igo zuen argazkilariak berak. Historia ofizialk dio Georgiako Meliton Kantariak[O 2] eta Errusiako Mikhail Jegorovek bandera hartu eta Reichstagaren gainean jarri zutela[1][2][5][6], eta argazkilariak gertaera bera berregiten zuen argazkia egin zuela.

Argazkia 1945eko maiatzaren 13an argitaratu zen Ogoniok aldizkarian. Argazkilari askok hartu zituzten irudiak egun hartan, baina Khaldeirena historiara pasa da[7].

Sobietar Batasunaren erorkeraren ondotik jakin izan zen bandera altxatu zutenen izenak aldatu zirela, arrazoi politikoak zirela eta. Khaldeik berak esan zuenez, bertan zeuden soldadu batzuei eskatu zien argazkia prestatzen laguntzeko[8][9]. Teilatuan, guztira, lau pertsona zeuden, Khaldei bera barne[10]. Bandera heltzen duena 18 urteko Ukrainako Alioxa Kovaliov zen: harekin batera, bandera altxatzen agertzen den gizona Abdulkhakim Ismailov[11] zela adierazi zuten 1995ean[12]. Ismailov Dagestanekoa zen eta 1996an Errusiako Gobernuak Errusiako Heroien Domina eman zion[7]. Argazki batzuetan agertzen den hirugarren pertsona Aleksei Goriatxev bielorrusiarra izan zen[9][10][13].

Argazkia manipulatu zen argitaratu aurretik. Bertsio batean, kea sartu zen atzealdean, hala nola tanke bat eta hegazkinak. Azpian agertzen den soldaduak bi erloju zituela izkutatzeko, eskubiko eskukoa ere kendu zioten. Egilearen arabera, hori ez zen arazo handiegia: "argazkia ona da. Nik egin nuen. Aio" adierazi zuen, manipulazioaren inguruan galdetuta[7].

  1. Berez azken gudu handia Pragako gudua izan zen, 1945eko maiatzaren 6tik 11ra bitarte.
  2. Stalin ere Georgiakoa izanda, bere omenez egindako mugimendu bat izan zitekeen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 Dallas, Gregor. (2006-11-15). 1945: The War That Never Ended. Yale University Press ISBN 9780300119886. (kontsulta data: 2017-04-30).
  2. 1 2 MBE, Le Tissier. (1999-09-06). Race for the Reichstag: The 1945 Battle for Berlin (Cass Series on Soviet (Russian) Military Experience, 4). (1 edition. argitaraldia) Routledge ISBN 9780714644899. (kontsulta data: 2017-04-30).
  3. 1 2 3 (Ingelesez) «Flag on the Reichstag» The Famous Pictures Collection 2013-05-05 (kontsulta data: 2017-04-30).
  4. (Ingelesez) Berlin: The Downfall 1945. 2017-04-23 (kontsulta data: 2017-04-30).
  5. Simon, Adams. (2009-01-01). The Eastern Front. (1st ed.. argitaraldia) Rosen Pub. ISBN 9781404218628. (kontsulta data: 2017-04-30).
  6. (Illustrator), Peter Dennis; Antill, Peter. (2005-10-10). Berlin 1945: End of the Thousand Year Reich (Campaign). Osprey Publishing ISBN 9781841769158. (kontsulta data: 2017-04-30).
  7. 1 2 3 Germany, SPIEGEL ONLINE, Hamburg. The Art of Soviet Propaganda: Iconic Red Army Reichstag Photo Faked - SPIEGEL ONLINE - International. (kontsulta data: 2017-04-30).
  8. Germany, SPIEGEL ONLINE, Hamburg. Legendäre Foto-Manipulation: Fahne gefälscht, Uhr versteckt, Wolken erfunden - SPIEGEL ONLINE - Kultur. (kontsulta data: 2017-04-30).
  9. 1 2 Bonfante, Jordan. (2008-05-23). «Remembering a Red Flag Day» Time ISSN 0040-781X. (kontsulta data: 2017-04-30).
  10. 1 2 (Errusieraz) «Русский портрет Израиля. Часть восьмая | Великая Эпоха» Великая Эпоха (kontsulta data: 2017-04-30).
  11. (Ingelesez) Moscow, A. P.. (2010-02-17). «Soviet soldier pictured in iconic 1945 Reichstag photo dies» The Guardian ISSN 0261-3077. (kontsulta data: 2017-04-30).
  12. (Gaztelaniaz) Muere el último sobreviviente de la foto más famosa del fin de la II Guerra. La Tercera (kontsulta data: 2017-04-30).
  13. Yegorov and Kantaria – Russiapedia Military Prominent Russians. (kontsulta data: 2017-04-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]