Edukira joan

Bankuen erregulazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Europako Banku Zentrala, bankuen erregulatzaileetako bat.

Bankuen erregulazioa (ingelesez, Banking regulation) banku enpresen jarduera oro erregulatzen eta neurtzen duen politika neurria da. Instituzio publikoek gauzatzen duten jarduerak dira, banku krisiak saihesteko helburuarekin. Finantza merkatua zein aseguru produktuak neurtzeko politikak ere izaten dira[1].


Erregulazio anitzen xedea; beraz, bankuek eskaintzen dituzten jarduera ekonomikoei gidalerro jakin batzuk finkatzean datza, kontsumitzaileen zein herrialdeko ekonomiaren mesederako. Era berean, finantza instituzioen eta kontsumitzaileen artean gardentasuna bultzatzea ere bilatzen dute erregulazioek, gardentasun handiagoko testuingurua sortuz.  [2]

Aurrezkien segurtasuna bermatzeko jarraibideak finkatzen dituzte erregulazioek, banakoen aurrezkien biziraupenerako. Politika hauek kontsumitzaileen gordailuak babesten dituzte finantza jardueren aurrean. Inbertsio-bankuen eta banakoen aurrezkien arteko dikotomia errespetatzeko helburua dute, gehiegizko inbertsioek gordailuak kaltetu ez ditzaten. Kontsumitzaileei konfiantza transmititzeko xedea dute ere politikek, gordailuen segurtasuna bermatuz eta instituzio finantzarioen irudia hobetuz. Hori horrela, funts kolektiboak sortzen dituzte erreskateak posible izateko kasu berezietan. Banku sistema beraren sostengua indartzea dute jomugan.  

Maileguen eskaintza gidatzea ere helburu dute politikek, operazioen neurketa sakonagoa sendotuz. Erregulazio anitzek betebeharreko gidalerroak inposatzen dizkie banku-enpresei, mailegu operazioak hobeto ikertuak izan daitezen. Horrela, banku krisiak saihesteko politikak ezartzen dira, banakoen aurrezkiak inbertsioekin taxuz tartekatuz. Helburua finkatuta, maileguen eskaintza eta banakoen gordailuak babestea konplexua da erabat, eta sistemak kritika ugari jaso izan ditu hainbat urteetan zehar. 2008ko krisiaz geroztik, kritikak areagotu egin dira, eta sistemaren optimizazioa lortzeko jarraibideak ez daude argi adituen artean. Dena dela, 2008ko krisitik gaur egunera, maileguen operazioak espezializazio handiagoa lortu dute erregulazioak direla eta, operazioen segurtasunean eraginez.[3]  [4]

Egungo banku sistemak kritika ugari jaso ditu banakoen gordailuak bermatzeko ahalmen eskasa dela eta. Banku krisiek mailegu zein inbertsio metatze izugarriak modu desorekatuan gauzatzean gertatu izan dira, eta hainbat adituk uste dute egungo sistemak ez dituela bermatzen jarraibide jakin batzuk krisiak saihesteko. Egungo bankuen kutxa-koefizientea oso baxua izanik, banku guztiek inbertsioen edota maileguen operazioak bezeroen aurrezkiekin tartekatzen dituzte une oro, aurrezkien segurtasuna ahulduz. Errotik aldatu ezin daitekeen sistematzat dute hainbatek, sistemaren aldaketa sakona egitean kalte izugarriak eragin dezakeelako. Banku merkatuan, merkatu askearen eta erregulazioen arteko erdibideko egoera nagusitu da, kritikak kritika. Sistema aldatze aldera, CBDC proiektua dute ahotan Europar Batasuneko hainbat adituk, Banku Zentralen eskuetan dagoena. Euro digitala da sistema berri horren oinarria.[5]

  1. (Ingelesez) «Community & Regional Financial Institutions» www.federalreserve.gov (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
  2. (Gaztelaniaz) Regulación bancaria. 2023-11-14 (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
  3. (Gaztelaniaz) «Estabilidad financiera y política macroprudencial» Banco de España (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
  4. (Gaztelaniaz) «Regulación estatal del sistema financiero» Banco de España (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).
  5. (Gaztelaniaz) «¿Qué son las CBDC?» Banco de España 2022-01-11 (Noiz kontsultatua: 2024-12-20).