Edukira joan

Banyamulenge

Wikipedia, Entziklopedia askea
Banyamulenge eta Bafuliru jendea errepide bat konpontzen, Hego Kivun

Banyamulenge izenaz ezagutzen da Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi den Ruandako jatorriko jendea, banyaruanda edo banyarwanda izen kolektiboan bildua, eta kinyaruanda hizkuntza hitz egiten duena. Batez ere Ipar Kivu eta Hego Kivu ekialdeko probintzietan bizi dira komunitate handienak, eta tokian tokiko izen bereziak hartzen dituzte. Banyamulenge izena dator, berez, Hego Kivuko Mulenge meseta altuan bizi direnen aldetik. Banyamasisiak, berriz, Ipar Kivuko Masisi eskualdekoak dira; edo banyavyurak, Katanga probintziako Ipar-Ekialdeko Vyura eskualdekoak.

Banyamulengeak XIX. mendearen azken partean hasi ziren iristen Hego Kivu aldera[1], Ruandako erregearen jazarpenatik ihesi. Jende kopuru txikiak ziren, oraindik. Askoz kopuru handiagoak ekarri zituen Belgikaren kolonizazioak XX. mendearen lehen erdian, bai hutuak bai tutsiak, Kivuko landaketetan eta meategietan lan egitera.

Hirugarren olde handi bat iritsi zen Ruandan Hutu iraultza gertatu zenean, 1959an, monarkia eta hegemonia tutsien kontra. Tutsi errefuxiatuak ziren, eta Mulenge aldean kokatu ziren, batez ere[2].

Ipar Kivu eta Hego Kivu

Hortik banyamulenge izena tutsiei lotuta egotea, eta ez hartzea barruan 1994ko Ruandako genozidioa eta gero Kongoko Errepublikara ihes egindako hutu errefuxiatu ruandarrak. Hauen artean tutsien genozidioan parte hartutako militarrak eta interahamwe milizietakoak. Hain zuzen ere, Ruandako jatorriko talde armatuek elkarren kontra borrokan jarraitzen dute 2025ean, oraindik, Kongoko Errepublika Demokratikoaren barruan.

Banyamulengeen hirugarren olde tutsi hark aurrekoak baino arazo gehiago izan zituen Kongoko Errepublika independizatu berrian integratzeko, eta maiz "atzerritar" edo "ruandar" gisa hartuak izan dira, "naziotasun zalantzazkoak"[3].

1963an Simba matxinada lumumbistaren alde jarri ziren, baina liskar eta interes ezberdinen talkek egin zuten 1965ean Mobutu Sese Sekoren indarretara pasatzea. Gero honen erregimenaren hasieran pisua izan zuen Barthélemy Bisengimana ministro banyamulengeak. Horren bitartez, nazionalitate zairearra eman zitzaien, kolektiboki, 1972an. Eta 1981ean berriz kendu, Bisengimanak 1977an kargua utzi eta gero, ustelkeriaz akusatuta.

Banyamulengeen kontrako jarrera areagotu egin zen 1980ko hamarkadan zehar, eta 1991 eta 1992 artean, Mobuturen ekimenez, Kinshasan ospatu zen Konferentzia Nazional Burujabean eskatu zen banyabulengeak Kongoko Errepublika Demokratikotik kanporatuak izatea.  Kivu aldean, batez ere, areagotu ziren bertako etnien (nianga, hunda, rega, tembo, shi, nande...) eta banyamulengeen arteko gatazkak.

Kivuko gatazka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banyabulengeek paper inportantea jokatu zuten Laurent-Desiré Kabila buru zen AFDL (Alliance des Forces Démocratiques pour la Libération du Congo-Zaire) koalizioan, Kongoko Lehen Gerran (1996-1997), Mobutu presidentziatik kendu eta Kabila boterera eraman zuena. Eta gero Kabilaren kontrako oposizio armatuan, Kongoko Bigarren Gerran (1998-2003). Gaur egun arte luzatzen dira gatazka multzo haien guztien adarrak, Kivuko gerra deituan, larrialdi humanitario latzean. Talde armatu tutsi nagusia M23 (Mouvement du 23 mars) da, 2012an sortu eta ofentsiba handi bat egindakoa, eta berri bat 2024 amaieran[4].

Pertsona nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Stearns, Jason. (2013). Banyamulenge: insurgency and exclusion in the mountains of South Kivu. Rift Valley Institute ISBN 978-1-907431-23-4. (kontsulta data: 2025-04-17).
  2. El nuevo conflicto del Congo. Dimensión, internacionalización y claves. SIAL ediciones, Colección Casa de África, 19-20 or. ISBN 84-95140-09-8..
  3. (Ingelesez) THE POLITICS OF CITIZENSHIP IN THE DRC. , 4-7 or..
  4. «Kongoko Errepublika Demokratikoa eta M23 negoziatzen hastekoak dira datorren astean» Berria 2025-03-13 (kontsulta data: 2025-04-17).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]