Barcako Ama Birjinaren eliza (Muxía)

Koordenatuak: 43°07′N 9°13′W / 43.11°N 9.22°W / 43.11; -9.22
Wikipedia, Entziklopedia askea
Barcako Ama Birjinaren eliza (Muxía)
Kokapena
Estatu burujabe Espainia
Autonomia Galizia
ProbintziaCoruñako probintzia
Galiziako udalerrien zerrendaMuxía
Koordenatuak43°07′N 9°13′W / 43.11°N 9.22°W / 43.11; -9.22
Map
Historia eta erabilera
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
ElizbarrutiaSantiago de Compostelako artxidiozesi Erromatar Katolikoa
IzenaBarcako Ama Birjina
Arkitektura
EstiloaArkitektura barrokoa
Webgune ofiziala

Barcako Ama Birjinaren eliza, galizieraz: Santuario da Virxe da Barca, Espainiako Galizia autonomia erkidegoko Muxía udalerrian dagoen eliza bat da, itsasoari begira, Costa da Morte eta Coruña probintziako ipar-mendebaldeko kostaldean. Ama Birjinari sagaratua dago eta bertan urtero Ama Birjinaren omenezko erromesaldia burutu ohi da.

XII. mendean leku horretan jada baseliza bat bazegoelako lehenbiziko zantzuak badaude. 2013an tximista batek jo eta sute batek kiskali zuen. 2015ean zaharberritu zen.

Santutegiaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak dioenez, Jakue Nagusia apostolua, lurraren amaiera ebanjelizatzeko bidaian, santutegia dagoen kostaldean otoitzean zegoen. Harrizko txalupa bat iritsi zen itsasotik, harrizko kandela bat masta moduan zuela. Txalupan, Maria Birjina zihoan, eta kontsolatu eta indarrak eman zizkion; izan ere, Jesusen fedea hain urrun zegoen lurretan zabaltzeko lanak gainditu egiten zituen Jakue ikaslearen indarrak.

Hizketaldi baten ondoren, Ama Birjina Lurralde Santura itzuli zen aingeru batzuek airean garraiatuta, baina kostalde haietan txalupa (abalar harria), bela (cadrís harria) eta lema utzi zituen.

Kondaira horretan beste batzuen antzeko elementu asko daude, hala nola Pilarreko Ama Birjinarena: apostolua lurraren urruntasunagatik eta paganoen artean predikatzeko egiten duen ahaleginagatik atsekabetuta dago; Ama Birjina, bere egoeraren berri izan ondoren, sosegua eta animoak ematen dizkio eta bisitaren testigantza harri bat uzten du. Apostoluaren martirioaren aztarnak iritsi zireneko kondairarekin ere bai: Ulla ibaian igo zen harri bateko txalupa bat, harkaitzari lotu zitzaiona, kristautasunaren aurreko gurtzekin lotutako harri bat ere, kasu honetan Neptuno jainkoari eskainitako arara erromatarra, eta gaur egun Padróngo parrokia-elizan erlikia baliotsu gisa gordetzen dena.

Kristautasunaren aurreko gurtzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairak historia bat kontatzeko, balioak eta tradizioak transmititzeko beste modu bat dira beti. Kasu honetan, kondairak, bere hizkuntza kristauaren atzean, kristau aurreko gurtza gordetzen du, geroago kristautu zena. Harrien presentzia eta horiekin lotutako errituen biziraupena bereziki adierazgarriak dira:

  • Abalar harria: pikor triangeluarreko forma duen harri zabal bat da. Galizian badira abalar (mugitu) izeneko beste harri batzuk, sendatzeko edo hastapen-errituak egiteko balio dutenak. Muxian, esaterako, harria kulunkatzeko indarra egiteko puntu zehatzak ezagutu behar direlarik, ezagutza hori komunitate-loturak edo tribu-sentimendua indartzen dituen erritu bihurtzen da, eta mugimenduak berak jainkoak bere fededunen errituei erantzun positiboa eman diezaieke. Harria kulunkatu ez izana jainkoaren eta bere klanaren arteko desadostasunen seinale izan daiteke, eta etorkizuneko zoritxarren mehatxua:
Leku horren kristautzearekin batera, harri honekin zerikusia zuten kondaira erlijioso ugari agertu ziren. Vicente Riscok dioenez, Gaztelaren eta Portugalen arteko Gerra Zibilean (zazpi urte iraun zuen) harriak ez zuen kulunkarik egin.[1] Era berean, Barcako santutegian lapurreta egin nahi izan zutenean, harria hain gogor hasi zen kulunkatzen, ezen, haren zaratarekin, bizilagun guztiak esnatu baitzituen, lapurrak uxatuz.[2]
1978an ekaitz batek lekuz aldatu zuen eta mugimendu asko galdu zuen. Gero, hondatu egin zen eta duela urte batzuk punta bat galdu zuen.[3]
  • A pedra dos cadrís (aldaken harria): formagatik eta behealdean sortzen duen barrunbeagatik du izena. Ugalkortasunarekin eta aldaken gaixotasunekin lotuta dago. Amabirjinak bedeinkatu nahi duen sinestunak harriaren azpitik pasa behar du. Maniobra zaila da, eta berpizkunde-sinbolismo nabaria du, hala nola amaren pelbisetik igarotzen den haurrarena.
  • Beste bi harri txiki. Badira beste bi harri txikiago esanahi propioa hartu zutenak:
    • A pedra do temón (lemaren harria): duen formarengatik Ama Birjinaren txalupak izango lukeen lema gogorazten du.
    • A pedra dos namorados (maiteminduen harria): Ama Birjinaren kondairarekin inongo loturarik gabe, benetako maitasuna hitzemateko edo adiskidearekin egoteko lekua izango litzateke.

Gurtza kristauaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza kristau baten existentzia ziurtatzen duten lehen lekuko idatziak oso berriak dira, XV. mende ingurukoak. Dokumentu horietan baseliza zaharberritzeko agintzen da eta aditzera ematen da horren hondakinak XII. edo XIII. mendeetako baseliza erromaniko batenak zirela.

Jatorriari lotuta, segur aski, lekuaren kristautzea eta Ama Birjinaren gurtza Moraimeko Sano Xulian Monasterioko monjeei zor zaizkie. XI. mendean ezarri baitziren inguruan beneditar monjeak. Muxia Moraimeko jaurerriaren mende egon zen Karlos I.aren garairaino. Pentsatzekoa da monje horiek bultzatu zutela zeltek gurtzarako erabiltzen zuten lekuaren kristautasuna, lehen eliza eraiki eta legenda zabalduz. Denboran are atzerago eginez, Moraimeko Monasterioan egindako indusketetan, erromatarren herrixka baten hondakinak aurkitu dira, bai eta antzinako hainbat material eta ehorzketa ugari ere. Beraz, monasterioa monakotzaren lehen uhinekoa izan liteke, beneditar monjeen iritsi aurrekoa, VI. mendearen inguruan. Kasu horretan, kristautasuna Costa da Morteko lurretara iristeak bat egingo luke antzinako gurtza-lekuaren kristautzearekin.[4]

Gaur egungo baseliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo tenplua 1717. urtean hasi zen, eraikin barrokoa da, barroko herrikoian edo marinelean sailka daitekeena. Latindar gurutze formako oinplanoa du eta nabe bakar batek osatzen du. Plinto zabal baten gainean eraikita dago, lurraren irregulartasunak berdintzeko aukera ematen duena.

Arkitekturak ez du apaingarririk, ez barrukoak, ez kanpokoak. XX. mendean egindako bi dorreek baino ez dute hausten fatxadaren monotonia. Tenpluaren eskuinaldean oraindik ikus daiteke dorreen eraikuntzaren aurretik erabiltzen zen kanpai-horma barrokoa.[4]

Erretaula nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia 2013ko sutean suntsitu zen. Barrokoa ere bazen, eta, elizaren gainerako guztiarekin ez bezala, apaingarri ugari zituen. Miguel de Romay eskultore konpostelarraren lana zen. Apika, bitxienak xehetasun handiko medailoi txiki batzuk ziren, erretaula osoa zeharkatzen zutenak, Arrosarioko berrogeita hamar letaniak sinbolikoki irudikatuta.[5]

Haren erdian, Ama Birjinaren irudia zegoen, gelaxka baten barruan. Irudi gotikoa zen hori, tenplu erromanikoan dagoeneko bazegoena ere. Baseliza berrira ekarri zenean, tradizioari erreferentzia egiten zioten txaluparen eta apostoluaren irudiak erantsi zitzaizkion, erretaularen estilo berean.

2017an, jatorrizko erretaula zegoen tokian binilo bat jarri zen, haren irudiarekin.[6]

Eskaintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2013ko sutearen aurretik, marinel-jatorriko eskaintza kopuru handia zegoen tenpluaren barruan. Are gehiago, esan zitekeen tenplua bera eskaintza zela, izatez, sendatze baten esker onez egin baitziren. Batez ere itsasontzien maketak ziren, batzuk jatorrizkoari leial samarrak, eta arriskuan zeudela Ama Birjinan laguntza eskatu eta aurkitu zutenek eskaintzen zituzten.

Beste batzuk erreparazio edo penitentzia itxura izaten zuten, hauxe kasu:

« Ternuara Camariñasetik atera zen ontzi frantses bateko kapitainak Aballar harriaren puska bat zeraman berekin, babesa lortzeko zerbait sakratua ebastearen adibide garbi batean. Itsasora atera eta berehala, ekaitz gogor batek harrapatu zituen. Horregatik, Barkako Andre Maria deitu eta harri puska hori itsasora bota zuen; orduan ekaitza erabat arindu zen. Ondoren, kapitainak zilarrezko ontzi bat oparitu zion Ama Birjinari.[7] »

Herri literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Galizieraz) Nosa Señora da Barca,/ Nosa Señora, valeime,/ que estou no medio do mar,/ non hai barqueiro que reme [8].
  • (Galizieraz) Nosa Señora, valeime!/ Nosa Señora da Barca/ Nosa Señora, valeime!/ Que'stou no medio do mar/ e n'hai barqueiro que reme.
  • (Galizieraz) Ten zapatiños de vidro/ Nosa Señora da Barca/ Ten zapatiños de vidro/ Que llos trouxo un mariñeiro/ Que andivo no mar perdido.
  • (Galizieraz) Santo Cristo de Fisterra,/ Santo da barba dourada,/ veño de tan lonxe terra,/ Santo, por che ver a cara./ Veño da Virxe da Barca,/ veño de abalar a pedra./ Tamén veño de vos ver,/ Santo Cristo de Fisterra [9].
  • (Galizieraz) Veño da Virxe da Barca, veño da abalar a pedra./Abalei a máis pequena,/ a grande non quixo ela [10].
  • (Galizieraz) Veño da Virxe da Barca, veño da abalar a pedra./ Tamén veño de vos ver/ Santo Cristo de Fisterra [11].
  • (Galizieraz) Viva, sábado da Barca,/ sábado da Barca, viva,/ como sábados da Barca/ non o vin na miña vida [12].


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Galizieraz) VAQUEIRO, Vítor: Mitoloxía de Galiza. Lendas, tradicións, maxias, santos e milagres, Galaxia, Vigo 2011.
  2. (Galizieraz) «:: Concello de Muxia : CULTURA,EDUCACION,TURISMO e ARTESANIA : Historia Cultural» web.archive.org 2013-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
  3. «La Pedra de Abalar» web.archive.org 2013-12-27 (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  4. a b (Gaztelaniaz) Cebrián Franco, Juan José (1989). Santuarios Marianos de Galicia. Madril: Encuentro.
  5. (Gaztelaniaz) «Santuario da Virxe da Barca» O Camiño dos Faros (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  6. (Gaztelaniaz) https://www.facebook.com/lavozdegalicia. (2017-03-17). «Un vinilo recuerda el retablo barroco de la Barca de Muxía» La Voz de Galicia (Noiz kontsultatua: 2023-07-28).
  7. (Galizieraz) José Fuentes Alende: Os exvotos de tema mariñeiro en Galicia, 317-318 or.
  8. Lino Lema Bouzas (compilador): Ditos e cantigas mariñeiras. I Encontro de embarcacións tradicionais, Galicia 1993, 14.
  9. Copla une a devoción ao Cristo de Fisterra e á Virxe da Barca. Fraguas, 1989.
  10. Vítor Vaqueiro, px. 76.
  11. M. Carlos García Martínez, artigo "ABALAR, Pedra de" da GEG.
  12. Vítor Vaqueiro, px. 76.


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]