Edukira joan

Barikozele

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Barikozele
Deskribapena
Motapelvic varices (en) Itzuli
eritasuna
Espezialitateaurologia
Identifikatzaileak
GNS-10-MKI86.1
GNS-9-MK456.4
DiseasesDB13731
MedlinePlus001284
eMedicine001284
MeSHD014646
Disease Ontology IDDOID:12337

Medikuntzan, barikozele deitu ohi zaio gizonezkoen barrabilak drainatzen dituzten lokarri espermatikoko zainen dilatazioari, bihurritu eta luzatu egiten baitira. Emakumeek ere izan dezakete barikozelea, eta kasu horretan obulutegi zainean gertatzen da dilatazioa, eta barize pelbikoak (uterinoak, baginalak, bulbarrak, ondestekoak eta uzkikoak) eta hanketan edo izterretan sortzen dira, kongestio pelbikoaren sindromea deritzona eraginez.

Testikulua elikatzen duten odol-hodiak abdomenean sortzen dira, eta iztai-hoditik jaisten dira, esperma-kordoiaren zati izanik, gonadara iritsi arte. Zain-odolaren fluxua odol-errefluxua eragozten duten balbula batzuen bidez kontrolatzen da. Balbula akastunek edo alboko egiturek zainak konprimitzeak zain horiek dilatatzea eragin dezakete, eta barikozelea sortu.

Epidemiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barikozelea gizonen % 15-20 artean eta gizon antzuen % 40an gertatzen da. 15 eta 25 urte bitartean diagnostikatzen da, baita adin hori baino lehenago ere, eta arraroa da, baina ez ezinezkoa, 45 urtetik aurrera aurkitzea. Emakumezkoen barikozelea, berriz, emakumeen %10-15 artean gertatzen omen da[1].

Kasu gehienak estratestikularrak dira, nahiz eta kasuen %2an intratestikularrak izan. Ezkerreko aldeko zainak dira gehien erasaten dutenak, baina eskuinekoan ere gerta daiteke, baita aldi berean bi aldeetan ere.[2]

Koadro klinikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu gehienetan barikozeleak ez du sintoma nabarmenik eragiten. Haur bat hazi egin daiteke, bera eta gurasoak barikozeleaz ohartu gabe. Gazte askok barikozelea dutela baino ez dute jakiten azterketa mediko zorrotz bat egiten dieten arte.

Sintomak ezohiko egun bero baten bukaeran, ariketa fisiko luzearen ondoren, koitoaren bukaeran edo zutik denbora luzez egon ondoren agertzen dira.

Barikozelearen sintomen artean, honako hauek egon daitezke:[3]

  • Eskrotoko mina edo arrastatze-sentsazioa.
  • Eztenkadak, kilika sentsazioa.
  • Astuntasun-sentsazioa barrabilean.
  • Antzutasuna.
  • Atrofia edo barrabilen uzkurdura.
  • Zain dilatatu bat, zuzenean edo haztatzean detektatzen dena.

Barikozelea eskrotoaren edo barrabilaren bolumena handitzen den fase batera irits daiteke, eta mina edo deserosotasuna eragin ditzake, aldakaren mugimendu pasiboak mugatzeraino. Minaren intentsitatearekin (aldizkakoa izan ohi da), izterrera irradiatzen da batez ere, eta ohiko analgesikoei ongi erantzuten dien mina da.

Haztatzean, kordoi espermatikoan zehar masa bihurritu eta bigun bat dago, zizare-poltsa gisa deskribatzen dena. Masa errazago haztatzeko, pazienteari gomendatzen zaio Valsalva maniobra egitea, edo, bertzenaz, zutik egotea azterketa egin bitartean, abdomen barneko zain-presioa handitzeko eta zainak dilatatzea eragiteko helburuarekin.

Hala ere, baliteke masa hain bistakoa ez izatea, bereziki beherantz zabaltzen denean. Barikozelea duen testikuluaren aldea txikiagoa izan daiteke, edo ez.

Barikozelea miaketa fisikoaren bidez nabarmentzen ez denean, ultrasoinuak fidagarriak izan daitezke, plexu pampiniformearen hodien dilatazioa 2 mm baino gehiagora detektatzen baitute. Doppler ekografiak odola hodietatik zein abiaduratan doan neurtzen du. Doppler-ekin egindako miaketan Valsalva-ren maniobra egiteak teknikaren sentikortasuna handitzen du, barikozele batean sortzen den odol-fluxu atzerakoia detektatzen baitu.[4]

Barikozelearen kirurgiaren ondorengo orbaina

Barikozeleak eskrotoaren euskarriekin trata daitezke (adibidez, esekitzaileekin edo galtzontzilo bereziekin), farmako hodi-uzkurtzaile batekin batera. Hala ere, minak jarraitzen badu edo antzutasuna edo barrabiletako atrofia agertzen bada, baliteke lotura kirurgiko bat behar izatea.

Barikozelearen tratamendu kirurgikoari barikozelektomia deritzo. Iztondokoa, peritoneo-atzekoa eta infrainguinala/subiztinala dira abordatzeko hiru bide posibleak. Ebakia egin ondoren, zain espermatiko dilatatuak bilatzen dira, eta zetarekin lotzen dira. Oso ebakuntza erraza da, ordu erdi pasatxoan egiten da, anestesia epiduralarekin. Ebakuntza anbulatorioa denez, pazientea etxera joan daiteke pare bat orduren buruan edo anestesia horren ondorioak desagertzen direnean. Kirurgia egin osteko 24 orduetan, izotz-poltsak mantendu behar dira hantura gutxitzeko. Esekitzailea erabiltzea ere gomendatzen da, mina eta antzeko ondoezak saihesten baititu.

Prozedura horrek izan ditzakeen konplikazioen artean, hematoma bat, infekzio bat edo ehun eta eskrotoetako kalteak daude. Gainera, barrabilari odola ematen dion arterian kaltea ere gerta daiteke.

Enbolizazioa kirurgiaren ordezko aukera bat da. Inbasiorik txikiena eragiten duen teknika da enbolizazioa, eta erradiologo interbentzionista batek egiten du. Horretarako, kateter txiki bat sartu behar da zain periferiko batetik, eta abdomeneko zainetara iritsi behar da, barrabilak drainatzeko. Kateter txiki eta malgu baten bidez, zainak buxatu egiten dira, abdomenetik egiten den presio-igoera ez dadin transmititu barrabiletara (barrabilak alboko zain txikien bidez drainatuko dira). Errekuperazio-aldia kirurgiarekin gertatzen dena baino nahiko laburragoa da, eta konplikazioak izateko arriskua oso txikia da. Enbolizazioa tratamendu eraginkorra da, baita lehenago ebakuntza kirurgiko bat egin zaien barikozeleak tratatzeko ere. Ebakuntza kirurgiko bat egin ondoren berriz agertzen diren barikozeleak dira horiek.[5] Hori azaltzen duen teoria nagusia da zain testikularrak daudela, zainen kolateralizaziotik datozenak. Enbolizazioan itsasgarri bat edo metalezko espiralak erabiltzea eraginkorra izan daiteke alboko zainen fenomenoaren aurrean.[6]

Barikozeleak ez ohi du kalterik eragiten, eta, normalean, ez da tratamendurik behar izaten sintomak agertu arte. Kirurgia beharrezkoa baldin bada -pazienteari mina eramangaitza egiten zaiolako, antzutasuna eragotzi nahi delako edo barrabiletako atrofia agertu delako-, pronostikoa ona izaten da. Barikozelea kirurgikoki kentzeak testikuluaren tenperatura berrezar dezake, eta, horren ondorioz, espermatozoideen ekoizpena handitu egiten da.

Konplikazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bariositateak eragindako presioaren igoerarekin, barrabilak drainatzen dituen zainen konplexuak odol-zirkulazioarekiko erresistentzia handitzen du, organoaren alterazio metaboliko eta estrukturalak eraginez, eta horrek inguruko ehuna kaltetu dezake. Espermatozoide osasuntsuen hazkuntza eta heldutasunerako baldintza egokienak eta ernaltzeko gaitasuna kaltetu daitezke. Tratamendurik gabe, barikozelea gizonezkoen antzutasuna eragiten duen ohiko kausa da, eta min kronikoa ere eragin dezake. Askotan ikusi da semen-fluidoaren alterazioak zenbait anomalia dituela; ohikoena espermatozoide-kopurua murriztea eta/edo espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia hondatzea da. Zainen dilatazioaren ondorioz, barrabilen tenperatura gradu gutxi batzuk igotzen da, eta denbora luzez mantentzen bada, antzutasuna eragin dezake, espermatozoideen ekoizpena oso sentikorra baita tenperatura-aldaketa txikiekiko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Las varices pélvicas afectan a un 10-15% de la población femenina» Quirónsalud (kontsulta data: 2025-05-06).
  2. Márquez Moreno, Antonio Javier; Emilio Julve Villalta y José Ruiz Escalante. Epidemiología del varicocele. .
  3. por MedlinePlus. (mayo de 2008). «Varicocele» Enciclopedia médica en español.
  4. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman ecografia izeneko erreferentziarako
  5. Punekar, S.V.; Prem, A.R.; Ridhorkar, V.R.; Deshmukh, H.L.; Kelkar, A.R.. (1 de enero de 1996). «Post-surgical recurrent varicocele: efficacy of internal spermatic venography and steel-coil embolization» British Journal of Urology 77 (1): 124–128.  doi:10.1046/j.1464-410x.1996.82321.x. ISSN 1464-410X..
  6. Técnica de embolización. .

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]