Barizela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Barizela
Child with chickenpox.jpg
Deskribapena
Mota gaixotasun biriko kutsakor, Skin infection Itzuli
varicella zoster infection Itzuli
Espezialitatea infektologia
Arrazoia(k) Barizela-zoster birus
Sintoma(k) Negela, Sukarra, nekea, Buruko mina
Anorexia
Patogenoaren transmisioa droplet spread transmission Itzuli
ukitzeen bidezko kutsapen
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikak Aziklobir eta Varicella vaccine Itzuli
Identifikatzaileak
DiseasesDB 29118
MedlinePlus 001592
eMedicine 001592
MeSH D002644 eta D002644
Disease Ontology ID DOID:8659 eta DOID:8659

Barizela edo astanafarreria gaixotasun kutsakorra da, jatorri birikoa duena, umeengan agertu ohi dena eta larruazalean pikor gorriz osatutako exantema eragiten duena. Kasu gehienetan ez da larria, eta astebeteko epean berez sendatzen da.

Barizela aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. 2005. urtean, 10.752 kasu zenbatu ziren EAEn.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizelaren eragilea Herpesbirusen taldeko birusa da. Herpesbirusek ostalaria infektatu ondoren latentzian egoteko gaitasuna dute, infekzio errepikatuak sortuz. Barizelaren kasuan, esaterako, birusak sor egoeran iraun dezake urte askotan, herpes zoster izeneko gaitza eraginez barizela pasatu eta 40 urte geroago.

Herperbirusek DNA dute material genetiko gisa, kapside ikosaedriko batez babestua.

Infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizela oso kutsakorra da, eta kutsapen-bide nagusiak bi dira: aire-bidea, gaixoak eztula edo doministiku egiterakoan kanporatzen dituen listu-tanten bidez (tanta horietan milioika birioi patogenoak baitaude), edo larruazaleko pikor edo besikulen ukipenagatik, pertsonen arteko kontaktu estua dagoenean.

Europa aldean barizelaren intzidentzia altuagoa da neguan eta udaberrian. Umeen artean kutsapena oso erraza da haurtzaindegietan eta ikastetxeetan, leku itxi batean haur asko egoten direlako. Gaitz horren kutsapen-tasa % 90ekoa da: birusarekin harremana eduki duten 100 pertsonatik 90ek gaixotasuna garatuko dute.

Barizelaren birusak goiko arnas traktuan hasten du infekzioa. Linfa eta odolaren bitartez hedatzen da gero gorputz osora. Larruazaleko lesioak birusa zelula epitelialetan ugaltzen delako agertzen dira.

Infekzioak immunoglobulinen ekoizpena bultzatzen du, odolean betiko mantentzen direnak. Hori dela eta, bizitza osoan gaitza behin besterik ezin da pasatu.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizelaren inkubazio epea bi aste ingurukoa da. Lehenengo sintomak sukarra, buruko mina, nekea eta ondoeza dira. Gero, ohiko erupzioa agertzen da larruazalean, pikor edo besikula gorriz osatutakoa, hasieran enborrean eta aurpegian eta gero gorputz osora hedatzen dena. Egun gutxitan besikula horiek zarakarrak bihurtzen dira.

Haurrengan gaitza berez sendatu ohi da, astebete eta bi aste bitarteko epean. Helduengan gaitzak oinaze gehiago eragiten ditu, eta batzuetan pneumonia batekin okertzen da. Gaixo immunogutxituengan barizelaren ondorioak oso larriak izan daitezke, birusak funtsezko organo batzuk kaltetzen dituelako (birikak, gibela, garuna...).

Barizelaren birusa ere arriskutsua da haurdun dauden emakumeengan, umekia kaltetzen baitu.

Profilaxia eta tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren aurkako txertoa dago. Txertoa birus moteldu batekin egiten da.

Barizelaren aurkako tratamendua sintomatikoa da. Haurrei parazetamola ematen zaie, sukarra eta ondoeza arintzeko. Aspirina ez zaie eman behar, botika horrek umeengan Reye-ren sindrome larria eragin baitezake. Antihistaminikoak eta lozioak pikorrek eragiten duten hazkuraren aurka eman daitezke.

Zenbait kasutan, bereziki gaixo helduekin eta arrisku handiko gaixoekin (immunogutxituak), botika antibiralak erabiltzen dira gaitza tratatzeko. Aziklobirra da erabiliena, eta haren eraginkortasuna lotuta dago horren hartze goiztiarrarekin.

Immunizazio pasiboa immunoglobulinen ezarpenan datza, eta arrisku handiko gaixoei ematen zaie, muskulu barneko bidetik. Jasotako antigorputzek ahuldutako immunitate-sistemari laguntzen diote birusari aurre egiten.

Barizela eta herpes zosterra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barizela eta herpes zosterra bi patologia desberdinak dira, baina lotura handia dute. Biak ala biak birus berak eragiten ditu (Barizela-Zoster birusa), eta herpes zosterra barizelaren ondoriotzat jotzen da.

Barizela pasatutakoan birusa ez da desagertzen. Sor geratzen da, nerbio-zeluletan, inongo sintomarik sortu gabe. Barizela pasatu dutenen % 20 inguruk, denboraren poderioz, herpes zosterra sufrituko dute, latentzia egoeran zegoen birusa berpizten denean. Urte anitz igaro daitezke barizela eta herpes zosterren artean, eta birusaren bizkortzeak —antza denez— zer ikusi handia du gaixoaren egoera immunologikoarekin.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barizela Aldatu lotura Wikidatan