Edukira joan

Bartzelona Berria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bečkerek (egungo Zrenjanin) 1697ean

Bartzelona Berria (alemanez: Neue Stadt Barcellona, serbieraz: Нова Барселона) Espainiako Ondorengotza Gerraren eraginez, Balkanak eskualdera joandako kataluniarren kokagunea izan zen[1].

Madrilen, 1700eko azaroaren 1an, Karlos II.a Espainiakoa ondorengorik gabe hil zen eta Europako potentziak hark uzitako tronua lortzeko lehiatzen hasi ziren: batetik, Filipe Anjoukoa borboitarra, Frantziaren babesa zuena, eta bestetik, Karlos artxidukea, Habsburgo etxekoa, gainerako potentziek osatutako koalizioaren hautagaia[1].

Espainiako Ondorengotza Gerra 1701ean hasi zen eta Aragoiko Koroaren lurraldeak artxidukearen alde lerratu ziren, foruak galtzeko beldurrez eta borboitarren absolutismoa saihestu nahian. Baina gerra galduko zuten, 1713an, Utrechteko Ituna medio, Filipe Anjoukoa (Filipe V.a) Espainiako errege izendatu baitzuten. Bartzelonak 1714ko irailaren 11 arte eutsi arren, borboitarren agintea ere hirira iritsi zen azkenean[1].

Galtzaile askok sorterria utzi behar izan zuten, borboizaleen errepresiotik ihesi. Logikoena Habsburgo etxearen kontrolpean zeuden lurraldeetara jotzea zen: Napoli, Flandria, Sardinia, Sizilia, Austria, Hungaria... Baina 1734an Filipe V.ak Napoles eta Sizilia birkonkistatu zituen eta bertan babes hartutako katalanek berriro ihes egin behar izan zuten, Vienara. Gehienak jatorri apalekoak ziren eta, baliabide eta bizibiderik gabe, kaleetan alderrai biziraun zuten[1].

Vienako agintariek, kaleak “garbitzeko” irtenbideren baten bila, katalanak trabarik egingo ez zuten tokiren batera bidaltzea erabaki zuten. Aukeratutako kokapena Otomandar Inperioari kendu berri zioten lurraldea izan zen, egun Zrenjanin dagoen ingurua, Belgradetik (Serbia) 70 bat kilometro iparraldera. Arazotik libratzeaz gain, turkiarrekiko muga berria birpopulatzeko erabili zituzten erbesteratuak[1].

Bartzelona Berria kokagunea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1735 eta 1737 urteen artean, mila katalan inguru eraman zituzten bertara, Danubio ibaian barrena, Bartzelona Berria funda zezaten. Planoak egin ondoren hiria eraikitzen hasi ziren, baita masustondoak landatzen ere. Bartzelona Berriko jarduera ekonomiko nagusia zeta ekoiztea izatea zen helburua, eta fabriketako zeta-harrak elikatzeko masustak beharko zituzten[1].

Otomandar Inperioaren erasoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru urtera, Habsburgotarren eta otomandarren arteko gatazka berehala berpiztu zen eta katalanen lurralde berriak turkiarren erasoak jasan behar zituen behin eta berriro. Gainera, turkiarrek izurria eraman zuten Bartzelona Berrira, eta bizirik iraun zuten bakanek hiritik alde egin zuten[1].

1808an sute batek hiriaren arrastoak erraustu zituen eta, egun, katalan horiek utzitako aztarna bakarra zeta-harrak elikatzeko landatutako masustondoak dira[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h Nagore Irazustabarrena, «Balkanetako Bartzelona Berria», Argia, 2014-09-14, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]