Basakatu europar
| Basakatu europar | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Mammalia |
| Ordena | Carnivora |
| Familia | Felidae |
| Generoa | Felis |
| Espeziea | Felis silvestris |
| Azpiespeziea | Felis silvestris silvestris Schreber, 1775 |
| Banaketa mapa | |

Basakatu europar edo Felis silvestris silvestris basakatuaren azpiespezie bat da (Felis silvestris), Felidae familiako ugaztun haragijalea. Europa Kontinentaleko, Eskoziako, Turkiako eta Kaukasoko espezie basatia da.[1] Espeziea egoera larrian dago. Iberiar Penintsulako alde mediterraneoan F. s. tartessia azpiespeziea dago, zertxobait handiagoa.[2]
Hedapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iberiar penintsularen basoetatik, Italiatik, Erdialdeko eta Ekialdeko Europatik Kaukasoraino. Ez dago, ordea, Ingalaterran, Irlandan, Islandian, Danimarkan, Baltikoko herrialdeetan, ezta Eskandinaviako penintsulan ere, Finlandia eta Norvegia barne.
Euskal Herri osoan zehar bizi zen. Gaur egun haren presentzia asko jaitsi da eta haren presentzia puntuala da.[3]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etxe-katuaren antza du (Felis silvestris catus), baina hauetako gehienak baino sendoagoa eta askoz handiagoa da. Basakatu afrikarrak (Felis silvestris lybica) baino ile luzeagoa eta trinkoagoa du.
Basakatu europarraren orbanak zerrendatuak dira. Ezaugarririk bereizgarriena buztana da, etxe-katuena baino askoz motzagoa, lodiagoa eta iletsuagoa, hiru edo bost eraztun ilunekin atzealde argiago baten gainean, eta punta beti beltz eta biribildua.[4]
Gorputzaren luzera (burua barne) 48 zm-tik 68 zm-ra bitartekoa da, eta isatsaren 21 zm-tik 35 zm-ra bitartekoa. Arrek 3 eta 7 kg artean pisatzen dute; emeek, berriz, 2,5 eta 5 kg artean.
Habitat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baso hostotsuak nahiago ditu, baina koniferoen basoetan, mendi baxuetan eta basoetan ere aurkitzen zaio. Neguan eta kumeak hazteko garaian, enbor hutsetan edo arroketako pitzaduretan babesten da, edo abandonatutako beste animalien gordelekuetan.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere tamaina txikiko harrapakinek osatzen dute haien elikadura. Batez ere karraskariak, lagomorfoak eta txoriak jaten ditu, eta oso gutxitan anfibioak eta ornogabeak. Azeriek ez bezala, ez ditu harrapakinen hezurrak jaten, eta, beraz, erraz bereizten dira batzuek eta besteek utzitako hondakinak. Bestalde, etxeko katuen harrapakinen hondarrak basakatu europarrak utzitakoen berdinak dira. Noizbehinka orkatz-kumeak ehizatu ditzake.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har, neguaren amaieraren eta udaberriaren artean egiten da estalketa, eta kumeak apiriletik irailera bitartean jaiotzen dira, maiatzean jaiotzen baitira gehien. Amak bakarrik zaintzen du kamaina (gutxienez bi, eta gehienez sei katutxo; normalean hiru edo lau), eta hori bost bat hilabetez egiten du.
Portaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere ilunabarreko eta gauekoa da; egunean zehar etxeko katuak (Felis silvestris catus) edo basakatu afrikarra (Felis silvestris lybica) baino aktiboagoa da. Europako iparraldean, ekainean eta uztailean gauak asko laburtzen direnean, basakatu europarrak aktiboa izan behar du egunez; gauza bera gertatzen da negu gordinenean.[5]

Emeak sedentarioak eta lurraldekoak dira; arrak, berriz, desplazatu egiten dira, eta hainbat emeen lurraldea estaltzen dute. Kume garaian izan ezik, basakatu europarrak bakartiak dira.
Egoera ahula
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Habitata suntsitzeak eta ehizako espezieak babesteko pozoi eta tranpen bidez jazarri izanak animalien kopurua eta espezie horren hedapena murriztea eragin zuen. Gaur egun, Europako ia leku guztietan oso arraroa da eta babestuta dago, nahiz eta batzuetan ale batzuk harrapatzen eta hiltzen diren etxe-katu zimarroitzat hartuta. Basakatuaren eta etxeko katuaren hibridoak ohikoak eta emankorrak dira; horrek arriskuan jartzen du espeziearen osotasun genetikoa.[6]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Wilson, D. E. y Reeder, D. M. (editores). Mammal Species of the World. A Taxonomic and Geographic Reference, 3. edizioa. Baltimore: Johns Hopkins University Press, 2 liburuki, (2.142 or.), 2005. ISBN 978-0-8018-8221-0.
- ↑ https://www.regmurcia.com/servlet/s.Sl?sit=c,365,m,1036,&r=ReP-7316-DETALLE_REPORTAJES
- ↑ https://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/ac84aBuscadorWar/especies/10323?locale=eu
- ↑ https://www.nationalgeographic.com.es/mundo-animal/incierto-futuro-gato-montes-europeo_21105
- ↑ https://gatopedia.fandom.com/es/wiki/Gato_montés_europeo
- ↑ https://www.youtube.com/watch?v=i-VgCY7Gv04