Basileako sarraskia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Basileako sarraskia
Map
Motasarraski
KokalekuBasilea
HerrialdeaSuitza

Basileako sarraskia (alemanez: Basler Judenpogrom) 1349ko urtarrilean juduen aurkako jazarpen kasu bat izan zen, Izurri Beltzari lotua. Uste denez, 50 eta 70 judu artean hil zituzten erreta.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunitate judu bat sortu zen Basilean XII. mendearen amaiera eta XIII. mendearen hasiera bitartean, Renaniatik emigratuz. Sinagoga bat eta hilerri judu bat hiriaren harresietatik kanpo zeuden XIII. mendean.

Izurri Beltzaren hedapenarekin, putzuen pozoitzearen zurrumurruek eragindako juduen aurkako pogromak egon ziren. 1348ko Gabonetan, izurritea Basileara iritsi aurretik, juduen hilerria suntsitua izan zen eta judu batzuek hiritik ihes egin zuten. 1349ko urtarrilean bilera bat egin zuten Estrasburgoko gotzainak eta Estrasburgo, Friburgo eta Basilea hirietako ordezkariek, eskualdeko juduen aurkako erasoen marea gero eta handiagoari aurre egiteko.

Pogroma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pogroma, haserre zegoen turba batek egin zuen, eta hiriko kontseiluak edo gotzainak ez zuen legez zigortu. Jendetzak, hirian geratzen ziren judu guztiak harrapatu zituen, eta Rhin ibaiaren uharte batean eraiki zuten egurrezko txabola batean itxi zituen (ez da ezagutzen uharte honen kokapena, ziuraski Birsig ibaiaren konfluentziatik gertu, orain estalia dagoena). Txabola erre egin zuten eta juduak erre edo ito egin zituzten.

Erdi Aroko iturrietan aipatzen den 300 eta 600 biktima arteko kopurua ez da sinesgarria; une horretan hirian juduen komunitate osoa 100 ingurukoa zen ziurrenik, eta horietako askok ihes egingo zuten aurreko asteetako jazarpenaren aurrean. Historialari modernoek uste dute 50 eta 70 biktima arteko kopurua posible dela. Haur juduak, dirudienez, salbatu egin ziren, baina indarrez bataiatuak eta monasterioetan jarriak izan ziren. Badirudi judu helduen kopuru bat ere salbatu zela konbertsioa onartu zutelako[1].

Antzeko pogromak Friburgon gertatu ziren urtarrilaren 30ean eta Estrasburgon otsailaren 14an. Izurri Beltza hirira iritsi aurretik gertatu zen sarraskia. Azkenean, 1349ko apirila eta maiatzean izurria lehertu zenean, kristautasunera konbertitu ziren juduak, oraindik, putzuen pozoitzeagatik errudunak ziren. Akusatuak izan ziren, eta, horietako batzuk, exekutatuak, beste batzuk kanporatuak.

Ondorengoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1349an juduak kanporatu ondoren, Basileak publikoki erabaki zuen judu bakar bati ere ez uztea hirira itzultzen gutxienez 200 urtez. Hala ere, 15 urte baino gutxiago geroago, 1356ko Basileako lurrikararen ondoren, juduen itzulera baimendu zen, eta 1365erako judu komunitate baten existentzia dokumentatzen da. Kalkuluen arabera, 1370ean 150 pertsona inguru ziren juduak (guztira 8.000 biztanle inguru)[2]. 1397an berriz desegin zen, arrazoi ezezagunengatik. Dirudienez, oraingoan juduek beren borondatez utzi zuten hiria, eta, udalak, hauek atxikitzeko saiakerak egin zituen arren, ekialderantz Habsburgotarren lurraldeetara mugituz, beharbada, 1390eko hamarkadan Alsazian garatzen ari zen juduen aurkako sentimendu giro berrituaren aurkako jazarpen berri baten beldur. Oraingo honetan, komunitate juduaren desegitea iraunkorra izan zen, Basileako komunitate judu modernoa lau mende baino gehiagoren ondoren ezarri baitzen, 1805ean[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «The Jewish Community of Basel» Museum of The Jewish People - Beit Hatfutsot':'בית התפוצות - מוזיאון העם היהודי' (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  2. (Alemanez) Nolte, Achim. (2019-04-12). Jüdische Gemeinden in Baden und Basel. Duncker & Humblot ISBN 978-3-428-50848-8. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).
  3. «100 Jahre Neurologie Basel» Schweizer Archiv für Neurologie und Psychiatrie 159 (04): 171–175. 2008-04-02  doi:10.4414/sanp.2008.01952. ISSN 0258-7661. (Noiz kontsultatua: 2020-09-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]