Basilio Boioanes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Basilio III.a, Boianes deitua, (grezieraz: Βασίλειος Βοϊωάννης, italieraz: Basilio Bugiano) Italiako katapana izan zen 1017tik 1027ra, eta bizantziar jeneral oso garrantzitsua. Bere agintean zehar Bizantziar inperioak berriro ere Italiako hegoaldean indarra hartzea lortu zuen, mendeak gainbeheran egon ostean. Normandiar abenturazaleak sartu zituen botere egituratan, denbora pasata eurak izango zirelarik bizantziar aginte horren jagoleak.

Agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izendapena 1017an egin zuen Basilio II.a Bulgaroktonoak eta momentuan bertan eskatu zizkion Konstantinoplari Melo Barikoak eta normandiar mertzenarioek piztutako matxinadaren aurka borrkatzeko errefuertzoak. Eskaerari men egin zioten eta elitezko Baregoen Guardia bidali zuten Italiara. Bi aramdak Ofanton aurkitu ziren, Cannaetik gertu. Leku horretan bertan K. a. 216. urtean Bigarren Gerra Punikoan Cannaeko gudua gertatu zen, non Hanibalek Gaio Terentzio Mario Varron eta Luzio Emilio Paulok gidatutako armada garaitu zuen. Cannaseko bigarren guda honetan Basilio Boioanesek garaipena lortu zuen era berean.

Boioanesek bere nagusitasuna ezarri zuen eta Apeninoen bidea babesten zuen gotorleku handia eraiki zuen, Apuliako sarrera babestuz. Troiako hiri-harresia, Asia Txikiko hiriaren ondorioz hala deitua, 1019an bukatu zen eta Boioanesek berak zuzentzen zituen normandiar tropak jarri zituen. Laster Mezzogiorno guztia bizantziar autoritearen menpe zegoen, Benevento dukerria kenduta, hau Aitasantuari fidel baitzen.

Italiako hegoaldeko egoera politikoaren aldaketagatik kezkatuta, Benedikto VIII.a aita santua iparraldera joan zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuaren bihotzera eta 1020an Bambergen bildu zen Henrike II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoarekin. Enperadoreak ez zuen inongo neurri azkarrik hartu, baina hurrengo urteko gertaerek bere interbentzioa bultzatu zuten: Boioanes eta bere aliatu berria zen Pandulfo IV.a Kapuakoak Melo Barikoaren koinatua zen Dato Barikoaren aurka ekin zioten eta Garigliano ibaiaren ahoan harrapatu zuten. 1021eko ekainaren 16ean Datok heriotza zigorra jaso zuen eta saku batean sartu zuten, diruarekin, oilar batekin eta suge batekin, itsasora botaz. Hurrengo urtean, horri erantzunez, Inperioaren armada erraldoi batek Troiako gotorleku berriari eraso zion. Bertan zeuden soldaduek erasoa jasan zuten eta ez zuten etsi. Boioanesek pribilejioak eman zizkion hiriari erakutsitako leialtasuna zela eta.

1025ean Basilio Boioanesek Siziliako emirerriaren aurkako espedizioa antolatzen ari zen Basilio II.arekin batera enperadorea hil zenean. Konstantino VIII.a, honen anaia, boterera heltzerakoan espedizioa kantzelatu zuen eta katapana orduan iparraldera joan zen Pandulfo IV.a lagutnzera, Capua berreskuratu ahal izateko. Hiria hiru urte lehenago Henrike II.a enperadorearen esku geratu zen. Boioanesek Capuako printzipe berria zen Pandulfo V.ari Napoliako bidaia segurua eskaini zion eta honek 1026an errendizioa aurkeztu zuen. Hau izango zen bere azken kanpaina garrantzitsua. 1027n Konstantinoplara deitu zuten, katapan kargua kenduta. Hurrengo katapanek ez zuten lortu berak ezarritako garaipen militarrak berdintzea eta hurrengo mendean zehar bizantziar eragina Italian desagertu zen.

1041an Basilio Boioanesen semea zen Exaugusto Boioanes izendatu zuten Italiako katapan, baina urtebete ere ez zuen egin bere postuan.