Baskoi
![]() | |
Mota | talde etniko historiko |
---|---|
Hizkuntza | baskoien hizkuntza eta Aitzineuskara |
Eponimoa | Euskal Herria eta Gaskoinia |
Periodo | K.a. III. mendea - |
Geografia | |
Jatorria | Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Aragoi eta Rioja |
Hedapen mapa | |
![]() | |
Ondorengoa(k) | euskaldun |
Baskoiak[1] (latinez: vascones, wascones) erromatarren etorreraren aurretik hasita eta Erdi Aroaren hasieraraino gaur egungo Nafarroa Garaian, Gipuzkoaren ipar-ekialdean, Errioxan eta Aragoi iparraldean bizi ziren antzinako tribu (populu garaiko deskribapenetan) bat ziren. Antzinaro Berantiarrean, baskoi izena, Garonatik Pirinioetara bizi den jendeari ere aplikatzen zaio. Gaur egungo euskaldunen arbaso izan ziren tribuetako bat dela jotzen da. Erromatar inperioaren amaieraren ondoren, baskoiak oraindik idatzizko iturrietan agertzen dira IX. mendera arte.
Antzinaroko baskoien inguruko berriak, erromatar iturrietatik datozkigu batez ere, erromatarrek erabiltzen duten etnonimoa delako. Hau da, baskoiak ez dira desagertzen konkistaren ondorioz, eta, hiri baskoien buruz hitz egiten denean, adibidez, Ptolomeok zerrendatu zituenak, erromatar administraziopean dauden hiri baskoiak dira.
Berez, ikerlari askorentzat, baskoiak, erromatarren sortutako kategoriatat hartu behar da, hau da, haiek izena sortu ez bazuten ere, beraiek zehaztu edo mugatu zuten baskoiak kontzeptuan zer herri eta hiri sartu behar zirren.
Burdin Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezin dugu mugatu baskoiak nortzuk ziren Burdin Aroan, baina posible da erromatarrek mugatutako eremuaren barneko hainbat argibide ematea.
Neolitoan nekazari eta abeltzainak iritsi zirenetik, lehenengotik gehiago izan zen Ebro ibarrean, eta bigarrena haranean aurki bazitekeen ere, nabarmenagoa izan zen mendi inguruetan. Burdin Aroan gizartea gatazkatsuagoa zela pentsatzen dugu, herri gotortu ugari sortu baitziren. Horien adibide bat Irulegiko herrixka da, baskoien lurraldearen erdigunean zegoena eta Irulegiko eskua eman duena, Baskoien hizkuntzan idatzi zena. Horrelako beste kastro ugari zeuden baskoien lurraldean, baina zaila da mugak ezartzea, inguruko barduliarren lurraldean ere bazirelako (ikus Burdin Aroa Gipuzkoan).
Bestetik, mendi inguruetan abeltzaintza, izan finkoa edo transhumantea praktikatzen zuten baskoiek. Burdin Aroko ehorzketa ohitura izan zen hildakoak erretzea eta cromlechen erdian errautsak uztea, ostilamendu gutxirekin. Autore batzuek defendatu dute cromlech edo harrespil horien muga kulturala dela, eta baskoien eremua definitzeko erabil zitekeela. Ekialdean Pirinioetan zabaltzen zen, Andorra ingururaino. Mendebaldeko muga Leitzaran ibaian kokatu da, baina azken urteotan aurkitu dira harrespilak Entzian zein Aralarren.
Erromatarren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hari buruzko informazio ia guztia erromatarrengandik dator. Vascones izena bera erromatar idazleei zor diegu[oh 1]. Akitaniar edo kantabriarrek ez bezala, badirudi baskoiek beren estatusa Erromatar inperioarekin negoziatu zutela. Sertorioren gerran, Ponpeiok bere basea baskoien lurretan ezarri zuen, eta bere izenarekin Pompaelo hiria sortu bide zen, lehendik existitzen zen Iruñea baskoi herriaren gainean.
Izatez, baskoiak (vascones) ez zen euren buruak izendatzeko erabiltzen zuten izena. Exonimo bat da vascones: kanpoko norbaitek jarritako izena. Idazle greziar eta latino klasikoek erabili zuten izen hori, eta Sertorioren gerran (K.a. 83an ) agertzen dira baskoiak lehen aldiz testu batean [2]. Gerra haren kontakizuna egiterakoan, hamarkada batzuk geroago, Tito Livio (K.a. 59 - K.o. 17) historialariak aipatu zituen baskoiak lehen aldiz, "ager Vasconum" edo "vasconum agrum" idazten duenean[3][4], edo hori da, behintzat, ezagutzen den erreferentzia idatzi zaharrena. Geroago, Plinio Zaharrak eta Estrabonek aipatu zituzten baskoiak; eta Ptolomeok baskoien hamasei herri zerrendatu zituen Kristo ondorengo II. mendean.
Jose Luis Ramirez Sadabak dio hegoaldeko hiriak (Ebroren eskuinaldean, Calagurris, Gracchuris eta Cascantum) eta ekialdekoak (Iacca, Segia edo Alavona), egungo Nafarroaren mugak gainditzen dituen "ustezko baskoien hedapena" sortu zutela. Hala ere, «hedapen» horrek ez du egiaztapen dokumentalik, eta, gainera, Calagurris, Segia eta Alavonako antroponimia eta toponimia ez baitira hizkuntza aldetik indoeuroparrak, iberiar edo akitaniarrak baizik.[2]
Baskoien lurralde, herri eta mugei buruzko erreferentziak, beraz, Erromak okupatu ostekoak dira. Arazoa da erromatarrak iritsi aurrekoari buruzko erreferentzia idatzirik ez dagoela. Jokin Lanzen hitzetan: «Lurralde horri erromatarrek baskoien lurralde esaten zioten, baina lurraldea herrixka harresituen bidez antolatzen zen, eta ez dakigu zer erlazio zuten herrixka horiek haien artean; ez dakigu aliatuak ote ziren, hiriburu bat ote zuten...».
Javier Armendarizek uste du herri baten izenetik hartu zutela baskoi hitza[5].
« | Ebroren iparraldera zeuden herrientzat erabili zuten izen hori. Nondik atera zuten? Ez dakigu, baina, seguru asko, izango zen herri bat Barskunes izena zuena [baskoien txanpon batzuetan agertzen da izen hori], eta hori hartuko zuten taldea izendatzeko. Sumatuko zuten zeltiberiarrengandik diferenteak zirela | » |
Javier Armendariz |

Gorago esan bezala, Klaudio Ptolomeok baskoiak deskribatzen ditu bere Geografia idazlanean[6], eta 16 hiri aipatzen ditu: Allauona, Andelos (Mendigorria), Bituris, Cascantum (Cascante), Curnonium, Calagurris (Calahorra), Eturissa (Aurizberri), Ercavica (ez da aurkitu zehaztasunez), Gracurris (gaur egungo Alfaro, Errioxako ekialdeko mugan), Iacca (gaur egungo Jaca, Aragoi aldean), Nemeturissa, Oiasso (Irun aldean), Pompaelo (Iruña), Muscaria, Segia eta Tarraga.
Ebroko harana (Ager Vasconum) gehiago erromanizatu zen eta bertan aztarna gehiago eta ikusgarriagoak daude, eremu menditsuetan agertu izan direnak baino. Testu ugaritan Saltus Vasconum deitzen zaio etemu horri, baina benetan saltus hori lurralde definitua ote zen ezbaian jarri dutr Oiasso ikertu dutenek. Testuari erreparatuta, Aiako Harria izan liteke testu klasikoetako aipamena.
Izan ere, gaur egungo Gipuzkoan meategiak zituzten Aiako Harrietan, eta meategi eskualde hura ustiatzen jarraitu da XX. mendera arte. Meategia ustiatzeko eta handik inperioko beste leku batzuetara minerala eramateko herri bat sortu zuten: Oiasso, alegia. Oiasso portu garrantzitsua izan zen, eta Tarraco-Oiasso galtzadaren amaiera, Mediterraneoa eta Kantauri itsasoa lotzen zuena. Gipuzkoan zein Akitanian aurkitu dira beste erromatar aztarnategi batzuk, baina ez dakigu zein zen eskualdeko hirien arteko harremana.
III. mendeko krisialditik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]III. mendeko krisialdiak eragin nabarmena izan zuen Mendebaldeko Erromatar Inperioaren konfigurazioan. Tarte batez Galietako Inperioak Galia zein Hispania kontrolatu zituen, eta laster erori bazen ere, Dioklezianok aldaketa administratiboak egin zituen. Aldaketa horiek, zein krisi ekonomikoek, Oiassoren gainbehera ekarri zuten, baina Ab Asturica Burdigalam galtzadaren indartzea, Hispaniako hiriburu Emerita Augusta eta Galietako Treveris lotzeko erabiltzen baitzen. Egoera horretan, bideen zaintza leial ziren komunitateen gain geratu zen, rustici izeneko unitateekin. Baskoiek bidearen zati nabarmena zaintzen zuten, batez ere Pirinioetako pasabide bakarra[7].
407an Konstantino III.ak altxamendua egin zuen Britanian eta laster konkistatu zituen Galia eta Hispania. Honorio enperadorearen jarraitzaileak garaitu ostean, Pirinioen babesa bere tropei eman zien, bertako biztanleak (hau da, baskoiak) haserretu zituen mugimendua, tradizioz eginkizun hori eurena baitzen[8]. Herri germaniarrak 409an iritsi ziren eta Hispania zein Galia euren artean banatu zuten (sueboak, bandaloak eta silingiarrak Gallaecian, alanoak Lusitanian eta Cartaginensean, bandaloak Betican; 418an Akitaniako eremua godoen esku geratu zen, hiriburua Bordele eta Tolosa Okzitanian). Baina baskoien eremua ez zuen inork ere banatu, eta oraindik Tarraconensisen parte izaten segitu zuen, Mendebaldeko Erromatar Inperio gero eta ahulago baten probintzia –hiriburua Ravena zen–[9].
Erdi Aroaren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bagaudak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorialdiaren testuinguruan, aldaketa politikoa etengabea zen. Baskoien lurraldea mugako bilakatu zen, eta oraindik ere Ravennarekin kontaktua zuten baskoi lurjabeek gero eta zailtasun handiagoa zuten euren botereari eusteko[7]. Sueboen delegazio batek Bordelera bidaia egin zuen ezkontza baterako, eta bueltako bidean lurjabeei eraso zieten. Badirudi baskoi rusticien laguntza izan zutela, bidean ez baitzuten arazorik izan. Urte horretan bertan Hidazio historialariak gatazka baten berri ematen du, eta rustici horiei bagauda izena eman zien, mende bat lehenago Galian piztutako mugimendu bati erreferentzia. Bagauda horiek baskoien hegoaldeko Tarazona eraso eta apezpikua hil zuten, eta ondoren Zaragoza eta Lleidari eraso egin zioten[7].
469. urtean Hidazio hil eta, geroztik, ez dago orduko gertaeren kontaketa garaikiderik. Harrezkero, baskoiek hiriari lotutako herritarrak izaten agertzeari utzi zioten eta, aldiz, mendietan dabilen herritzat jo zituzten germaniar herrietako kronikek. Baliteke baskoi lurjabeek ihes egitea, eta baskoi rustici gerlarien esku uztea lurraldea, Iruñea eta Iruña-Veleia artean antolatzen zena, baina, batez ere, bidearen kontrolean[7].
VI. mendeaz geroztik, baskoiak ez ziren erromatarren garaiko Baskoniaren mugetan agertzen. Aldiz, askoz lurralde gehiago agertzen dira haien eremuan: Novempopulania, Pirinio inguru ia osoa eta Iruñeaz mendebaldera Kantabriaraino zeuden lurralde guztiak. Antzinatean aipatuak ziren egungo Euskal Herriko gainontzeko beste herriak, ordea, galdu egin ziren betiko: Hidazioren aipamenen ondoren ez da gehiago haien berririk dokumentuetan. Ondorioz, aro horretan jada ezinezkoa zen baskoien eta ustez euskaldunak ziren inguruko herriak (barduloak, karistioak, autrigoiak, tarbeliarrak, auskiak...) bereiztea, eta baskoiak besterik ez dira agertzen.
Bisigodoak Galian (eta bereziki Novenpopulanian) izan ziren bitartean, ez zuten baskoiekin ageriko liskarrik izan. Hala ere, nola Garonaz hegoaldeko lurraldean hala Ebro inguruko Tarraconensis lurraldean bagaudeen altxamendu sozial larriak gertatu ziren, historialari askok baskoiei lotuta ikusten dituztenak. VI. mende amaieran errebolta giroa nagusitu zen Pirinioez bi aldeetan, eta baskoiak Akitania (beharbada Tolosa Okzitaniaz mendebaldera) erasotzen agertzen dira. Iberiar Penintsulan, berriz, Leovigildo baskoiei gailendu zitzaien borrokan, eta haien lurraldearen zati bat ("partem Vasconiae") menderatu zuen. Kroniketan esaten da garaipen horren ondoren Victoriacum gotorlekua sortu zuela. Homonimiagatik Gasteizekin eta, gertutasunagatik, Iruña-Veleiarekin lotu da, baina ez dago froga arkeologikorik. Beste egile batzuek diote Victoriacum hori ez zegoela Euskal Herrian, eta Merida ere izan zitekeela.
Lehen erakundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baskoien lehenengo lurralde-erakundea Franko Merobingioek sortu zuten Bordele eta Tolosa Okzitania artean Garona ibaia ardatz hartuta, baskoiak oinpean hobe izateko: Baskoniako dukerria, gerora Gaskonia bihurtzekoa. Genial izan zuten lehenengo duketzat eta ondoren etorri ziren Merobingioen beste bi duke. 635ean baskoiak matxinatu egin ziren Novempopulanian, eta Arnebert dukea buru zuen garai hartako espedizio handiena bidali zuten Tolosatik haiek menderatzera. Baskoiek espedizioaren zutabe bat birrindu zuten Zuberoan, baina ordainetan baskoien une gozoak ez zuen luzaro iraun eta, gertaera horren ondoren, frankoek azpiratu egin zituzten.
Baskoniako Dukerria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]VII. mende erdialdera, Baskoniako dukerria Pirinioez hegoaldera hedatu zela dirudi, baina ez du muga argirik. Bisigodoak baskoien kontra gudukatu ziren egungo Nafarroa Garaiaren erdialdean. Orduan, Oligitum (egungo Olite edo "Erriberri") sortu zuten bisigodoek baskoiak hiriratu eta oinpean izateko, alferrik baina. 711n Rodrigo errege bisigodoa Iruñean baskoien kontra borrokan zela, musulmandarren inbasioaren berri izan zuen eta Hispania hegoaldera abiatu zen. Bitartean, Pirinioez iparraldera baskoiak maiz agertzen dira akitaniarren indar militarretan Galia osotik, betiere Akitaniako Dukearen zerbitzutan. Baskoiak Akitaniako armadaren zutabe nagusi izatera heldu ziren VIII. mende ia osoan.
Nafarroa eta baskoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baskoiek jarrera praktikoa eta askotarikoa izan zuten musulman etorri berriekin, eta haiekin itunak sinatu zituzten hainbat alditan: lehenengo aldiz, Iruñea bera 716 aldera errenditu zenean. Hain zuzen, aliantza horiek profitatuz (Tuterako Banu Kasiak aliatu hartuta), 824 urtean Iruñeko Printzerria edo Erresuma sortu zuten Nafarroa aldeko baskoiek. Harrezkero, Pirinio mendebaldeaz hegoaldeko baskoiak frankoetatik aske eta independente izan ziren. Pirinioez iparraldera, berriz, baskoiak frankoen mendeko geratu ziren beste 30 urtez, Dukerriaren barnean. Dukerrian geratutako baskoiek, baina, "baskoi" izena soilik atxiki zuten, mendeen poderioz "gaskoi" bihurtuta. Baskoiak beren euskalduntasuna galduz joan ziren IX. mendetik XI. mendera, eta erromantzea (gaskoia) nagusituz joan zen lurraldearen gehienean (Gaskoinian) bitarte horretan.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ A. Tovarren ustez, vascon hitza, historiografiaren aldaera da, pluralezko vascones singularrean jarri nahian, nahiz eta iturri klasikoetan, vascones hitzaren singularra, vasco den. Tovar, Antonio (1985) "Sobre las palabras «Vascones» y «Euskera»". Oihenart: cuadernos de lengua y literatura, 4, ISSN 1137-4454. 246-256 orr.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Ramirez Sádaba, José Luis. (2015). «Vascones por las tierras del Imperio romano» Príncipe de Viana (PV) 261: 373-384. ISSN 0032-8472..
- ↑ (Gaztelaniaz) Sayas Abengoechea, Juan José. (2005). «Udalerria Antzinako Munduko Baskonian» Iura Vasconiae 2/2005: 9-44. ISSN 1699-5376..
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérex Agorreta, María Jesús. (2021). «Los vascones en las fuentes clásicas» in:, Andreu Pintado, Javier (arg.) y Larequi Fontaneda, Javier (arg),. Inter medium Vasconum pertransibunt aquae. . Vascones y termalismo en la Antigüedad hispana. Opera selecta de María Jesús Peréx Agorreta (UNED) ISBN 9788436276817..
- ↑ Ansa, Mikel P.. (2023-01-03). «Aro bat itzaletan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-03-11).
- ↑ Ptolomeo, Klaudio: Geografia. 2. liburukia, 6.66.
- ↑ a b c d Pozo Flores, Mikel. (2016-11-08). Vasconia y los vascones de la crisis del Imperio romano a la llegada del Islam (siglos V-VIII). Evolución sociopolítica y génesis de la gens effera. (Noiz kontsultatua: 2025-04-13).
- ↑ Urteaga & Arce 2011, 172-173 orr. .
- ↑ Urteaga & Arce 2011, 174 orr. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazlan batzuek Antzinaroko baskoiei buruzkoak dira eta beste batzuk Antzinate berantiarrekoei eta Goi Erdi Arokoei buruz. Bestalde, batzuek akademikoagoak dira eta beste batzuek dibulgazio lanak.
- Andreu Pintado, Javier (koord.). (2009). «Sobre la expansión vascona. En las fuentes literarias.» En torno a una etnia de la antigüedad peninsular (Bartzelonako Unibertsitatea) ISBN 9788447533909..
- Andreu Pintado, Javier; Larequi Fontaneda, Javier, eds. Inter medium Vasconum pertransibunt aquae. Vascones y termalismo en la Antigüedad hispana. Opera selecta de María Jesús Peréx Agorreta. Universidad Nacional de Educación a Distancia.
- Blázquez Martínez, José Mª (1966). «Los vascos y sus vecinos en las fuentes literarias griegas y romanas de la Antigüedad». IV Symposium de Prehistoria Peninsular (Pamplona, 1966). Institución Príncipe de Viana, 177-205 or. Biblioteca Virtual Cervantes.
- (1968). «La cordillera cántabra, Vasconia y los Pirineos durante el Bajo Imperio». Actas del III Congreso Español de Estudios Clásicos (Madril, 1966), Madril, 1968, 137-142 or. Biblioteca Virtual Cervantes.
- (2004). «La romanización de los astures, cántabros y vascones en el Bajo Imperio. Estado de la cuestión.». Gerión, 22.
- Canto, Alicia M.. (1997). «La tierra del toro. Ensayo de identificación de ciudades vasconas» Archivo español de arqueología 70: 31-70.. Inprimatutako artikuluaren digitalizazioa.
- Cantón Serrano, Esther. (2005). «Sobre la expansión vascona en las fuentes literarias» Veleia 22: 129-143..
- Collins, Roger (1990). The Basques (Peoples of Europe) (2. arg.). Oxford, UK: Basil Blackwell. 53–56 or. ISBN 13: 9780631175650
- Enériz Olaechea, Javier (2022). Cuando fuimos vascones. Orígenes de Navarra.Pamiela. ISBN:978-8491723097
- Lanz Betelu, Jokin. (2020). Los vascones y sus vecinos (siglos II a. C. - VIII d. C.): 140 (Historia). Iruña: Nafarroako Gobernua ISBN 9788423535590..
- de Jaurgain, Jean (1898) La Vasconie : étude historique et critique sur les origines du royaume de Navarre, du duché de Gascogne, des comtés de Comminges, d'Aragon, de Foix, de Bigorre, d'Alava & de Biscaye, de la vicomté de Béarn et des grands fiefs du duché de Gascogne, 1 lib., PyréMonde (Ed.Régionalismes), 447 or. (ISBN 2846181446 eta 9782846181846, OCLC 492934726]).
- Lopez de Luzuriaga Martinez, Iñaki. (2016). Euskaldunak eta karolingiar iraultza: Akitania eta Baskonian barrena. Udako Euskal Unibertsitatea. ISBN 9788484385912. PMC 1055581693.
- Monteano Sorbet, Peio J. (2023). Vasconia en los siglos oscuros. De la caída de roma al reino de Pamplona (409-905). Mintzoa.
- Peñalver, Xabier: La Edad del hierro. Los vascones y sus vecinos. El ultimo milenio anterior a nuestra Era. Txertoa.
- Peréx Agorreta, María Jesús (1986). Los Vascones. (poblamientos en epoca romana). Institución Príncipe de Viana., ISBN 13: 9788423506828.
- Pina Polo, Francisco. «Los vascones, Pompeyo y la fundación de Pompelo» Príncipe De Viana, 253: 137-147..
- Pozo Flores, Mikel. (2022). Vasconia tardoantigua : entre la evolución sociopolítica y la construcción intelectual (400-711). Madril: CSIC ISBN 978-84-00-11068-0..
- Rouche, Michel (1979) L'Aquitaine des Wisigoths aux Arabes, 418-781 : naissance d'une région, Paris, École des Hautes Études en Sciences Sociales, Jean Touzot, ISBN 978-2-7132-0685-6.
- Sagredo Garde, Iñaki. (2023). De los vascones al Reino. Pamiela ISBN 9788491723554..
- Sayas Abengochea, Juan José. (1999). «De vascones a romanos para volver a ser vascones» Rev. int. estud. vascos 44, 1,: 147-184..
- Schulten, Adolf (1927). "Las referencias sobre los vascones hasta el año 810 después de J.C." Revista Internacional de los Estudios Vascos = Revue Internationale des Etudes Basques (RIEV), 18. 225-240 or.
- Urteaga, Mertxe; Arce, Javier. (2011). Erromatar Arkeologia Gipuzkoan. Arkeologia 0.4. Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 978-84-7907-669-6. (Noiz kontsultatua: 2025-03-28).
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Vascones" in Bernardo Estornés Lasa (arg) Auñamendi Encyclopedia.