Baso-igel gorri

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Baso-igel gorria
Status iucn3.1 LC eu.svg

Iraute egoera: Arrisku Txikia
Rana temporaria
Rana temporaria


Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Kordatua
Klasea: Anfibioa
Ordena: Anurua
Azpiordena: Neobatrachia
Familia: Ranidae
Generoa: Rana
Espeziea: R. temporaria
Izen binomiala
Rana temporaria
Linnaeus, 1758
Mapa Rana temporaria.png

Baso-igel gorria (Rana temporaria) ranidae familiako igela da. Europa osoan eta ipar-mendebaldeko Asian bizi dena.

Mendi igela dugu baso-igel gorria, ia Euskal Herri osoan aurki dezakeguna Bizkaiko kostaldean eta Euskal Herriko hegoaldean izan ezik. Haritz eta pagoz osatutako basoak ditu gustuko, hezetasun handikoak, eta bere kolore gorrixkak eroritako hostoen artean mimetizatzeko balio dio.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuak beltzak izaten dira eta lau edo bost asteren buruan jaiotzen dira, 4 mm ingururekin. Zapaburuek bizkarralde marroi iluna dute eta urre koloreko orbanak, beste zapaburuetatik bereizten dituena. 6-9 mm-ko luzera izaten dute hasieran eta metamorfosia burutu aurretik 46 mm-rainokoa. Sabelaldea argiagoa da eta honek ere orbanak izan ditzake. Gandor kaudala dute, gris kolorekoa eta aho-moko zabala. Isatsa, puntan bukatzen da. Badira zapaburu albinoak ere.

Baso-igel gorri heldua igel handia da, 10 zentimetrotara heldu daitekeena, normalean 6-9 cm-koa bada ere. 22,7 gramoko pisua dute bataz beste, emeak zertxobait handiagoak izanik. Kolorazio aldakorrekoak dira eta azaleko kolorea ingurunearekin mimetizatzeko molda dezakete gainera, igel ia beltzak edo gorri-gorriak ikusi izan direlarik. Araldian gainera, arrak urdindu egiten dira eta zenbait ale albino daude, azal hori eta begi gorrikoak. Bere ezaugarrien artean aipatzekoa da begietatik besoetara duen orban iluna. Igel honen alboak eta bizkarraldea orban irregular ilunez beterik daude, askotan 'V' formako irudia osatuz lepoaren atzealdean. Orban hauek berde, gris, arre, hori edo gorrixkak izan daitezke. Beste anfibio askok ez bezala, baso-igel arruntek ez dute izaten bizkarreko erdialdean lerrorik, eta izatekotan, oso argia izaten da. Sabelalde zuri-horixka dute (emeek tonalitate laranjagoak).

Burua luzea dute eta tinpano nabarmena. Atze-hankak nahiko motzak dira eta bost hatz palmatu dituzte, aldiz, aurreko hanketan lau hatz dituzte. Begi arreak dituzte, begi-nini horizontalekin, eta ez dute ur-azpian babesteko barne-betazalik, begiak eta tinpanoak estaltzen dituen mintz moduko bat baizik.

Dimorfismo sexuala ez da nabariegia. Emeak handiagoak izaten dira eta arrek kanturako erabiltzen dituzten zorroak emeek barnean izaten dituzte, ikusteko zailak dira eta kantu desberdina sortzen dute. Arren besoak sendoagoak dira, emeei heltzeko erabiltzen dituzte ugalketa garaian (anplexua). Gainera, araldian zehar disko itsaskorrak azaltzen dituzte, eztarrialdea zuritzen zaie eta arrei gorputza urdindu.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru azpiespezie ezagutzen dira:

  • Rana temporaria temporaria
  • Rana temporaria honnorati
  • Rana temporaria parvipalmata

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Ireber (Beruete) mendian ikusitako baso-igel gorria.

Europako parte handi batean topa daiteke. Iparraldeko muga Eskandinavian, Zirkulu Polar Artikoan eta Uraletan. Aldiz, ez da oso ugaria Italiako, Balkanetako eta Iberiar Penintsulako hegoaldean. Euskal Herrian, lurralde osoan zehar banatzen da, eremu mediterranearrean eta Bizkaiko kostaldean izan ezik.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaltze-habitat gisa ur-masak eta korronte-ertz edo putzuak erabiltzen ditu; aintzira, urmael edo sakontasun gutxiko putzuak, aldi baterakoak barne, landaredidunak edo gabeak, eutrofikoak edo oligotrofikoak izan daitezke.

Izaera higrofilo eta menditarra duenez, hosto erorkorreko basoetan, pagadietan, hariztietan eta baso mistoetan kokatzen da batik bat, baita larre menditarretan ere. Orbelen azpian, ur-ibilgu txikien bazterretan, enbor eta harri-pilatan, txilar edo bestelako zuhaixkatan ezkutatzea du gustuko. Espeziearen Euskal Herriko habitata bestelako eremu geografikoetakoa da, Pirinioetakoa bezalakoa kasu. Gorengo kotetatik itsas mailaraino aurki daiteke, azken inguru honetan balio ekologiko handiko itsasertzeko hainbat populazio agertzen direlarik.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso-igel gorria tamaina egokiko ia edozein ornogabetaz elika daiteke, baina araldian zehar ez dute ezer jan ohi. Gustuko elikagaien artean intsektuak (bereziki euliak), oraindik oskol biguna duten barraskiloak, armiarmak, lur-zizareak, bareak eta arrak dira, baina labezomorroak ere ez dituzte baztertzen. Mingain luze eta itsaskorrak dituzte euren harrapakinak ehizatzeko. Helduak soilik ingurune lehortarrean elikatzen dira baina zapaburuak batik bat herbiboroak dira eta algak, detritua, polena, protozooak, landare txikiak eta neurri txikiagoan animalia gutxi batzuk ere jaten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igel honen ugaltze-garaia nahiko aldakorra da, tenperaturaren guztiz menpekoa, baina hala ere gainontzeko anfibioak baino goiztiarragoak izan ohi dira. Negu epelak daudeneko eskualdeetan, Euskal Herriko iparraldean esaterako, urtarrilean bertan ere aurki daitezke erruteak. Arabako zonalde mediterranearrean, aldiz, otsailaren hasieran errun ditzakete arrautzak, baina ohikoena otsailaren eta martxoaren artean egitea da.

Arrak urmaelen ingurura hurbiltzen hasten dira orduan eta emeengatik lehiatzen dira, hauek kantuen bidez erakarriz. Kantu berezia dute, '...grrouk grrouk, grrouk...', urrutitik entzun daiteke, gauez zein egunez. Estaltzea gauez eta uretan gertatzen da eta 15 egunez luza daiteke hegoaldeko eskualdeetan. Anplexu axilarra dute, eta arrak emea aurreko hankekin heltzen du eta galtzarbetatik estuki hurbildu.

Eme bakoitzak 1.000 eta 2.000 arrautza inguru jartzen ditu, arre-beltz kolorekoak, jarri ahala arrak ernaldu egiten dituenak. Igel handietan 3.000 ere izan daitezke. Orduan emeak uretatik ateratzen dira, arrak bertan utzita, eme gehiagorekin ugalduko direnak. Ugaltze-eskualdeetan gainera, ar/eme ratioa 2:1 izaten da.

Ur ez oso sakonetan jartzen dituzte arrautzak, landareriari lotuta edo solte. 2 eta 3 milimetro inguru neurtzen dituzte eta 10 eta 12 milimetro bitarteko gelatinazko kapsula dute inguruan. Sakonera txikian aurki daitezkeen masa erdi-esferikoa osatzen dute. Batzuetan, gero lehortu egiten diren putzuetan ere flotatzen aurki daitezke. Zapaburuak 2-3 astetan ateratzen dira arrautzetatik.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapaburuek putzuen hondoko lokatzetan hondoratuta hibernatzen dute eta igel txikiak, oraindik sexualki garatu ez direnak, lurrean, harrien eta eroritako enborren azpiko leku heze eta babestuetan.

Baso-igel gorria lehortarra da eta ugaltzeko garaian eta hibernazioan baino ez da uretara hurbiltzen, putzuetan hondoratzen da orduan. Ugaltze-sasoitik kanpo leku hezeetan bizitza bakartia darama, aintzira eta lakuetatik hurbil edo belarretan. Bere jarduera gehiena gauez eta ilunabarrean burutzen badu ere, araldian zehar egunez ere aktiboa da, orduan abesten baitu. Anfibio hauek uretan bakarrik egiten dute korroka. Helduek hibernazioa hilabeterik hotzenetan burutzen dute eta izotzen azpian 9 hilabetez manten daitezke. Uretatik kanpo hibernatzen ere ikusi dira, buztinetan, gordelekuetan... Azalaren bidez oxigenoa kontsumitzen dute, beharrezko funtzioak betetzeko adina.

Antzeko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina): Baso-igel jauzkaria txikiagoa da, lirainagoa eta emeen kasuan inoiz ez 8 cm baino handiagoa. Sabelalde zuri-horixka du eta eztarrialdea eta bularraldea arrosa-argi kolorekoa, gutxitan orbanekin. Oso mutur zorrotza du eta tinpanoa begiaren tamainakoa. Atzeko hankak oso lirainak dira eta aurrerantz botatzean muturraren luzera gainditzen dute.
  • Piriniotar baso-igela (Rana pyrenaica): Pirinioetan soilik aurkitzen da eta hau baino askoz txikiagoa da.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaria da estai muinotar eta menditarrean eta Montsenyko (Bartzelona) populazio baten dentsitatea, harrapatze-berrarrapatze metodoen bidez zenbatetsitakoa, hektareako 820-1.333 alekoa izan zen. Euskal Herrian, itxura guztien arabera espezie hau egonkorra da; dena den, inguruko lekuetan edo kontrakoak izaten hasi diren eremuetan kokatzen diren, edota desegokiak diren eremu hauetako errute-guneak erabiltzen dituzten populazioek aleen arrarotze eta urritze prozesu bat pairatu edo pairatzen ari dira. Ingalaterran gainbehera garbia izan duela adierazi izan da.

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Baso-igel gorri
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Rana_temporaria