Edukira joan

Baso-sute

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

San Bernardinoko mendietan gertatutako basoko sutea, Kalifornian

Baso-suteak naturaren eta gizakiaren arteko oreka hausten duten gertakari larriak dira. Tenperatura altuek, lehorteek eta giza jarduerek eraginda, suteek biodibertsitatea galtzea, lurzoruaren narriadura eta klima-aldaketa areagotzea dakarte. Horregatik, prebentzioa eta kudeaketa arduratsua funtsezkoak dira gure basoak babesteko eta etorkizun jasangarria bermatzeko.

Baldintzak eta kausak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suteak eragin ditzaketen kausak oso zabalak dira, baina guztiek oinarri berdina dute: landareriaren masa handien presentzia lehorte garai luzeetan.

Eguzkiaren beroak landareen deshidratazioa eragiten du eta, hauek, eskuragai badago, galdutako ura lurzoruaren bidez berreskuratu dezakete. Hori dela eta, lurzoruaren hezetasuna % 30 baino baxuagoa denean, landareek ezin dute ura barneratu; beraz, pixkanaka lehortzen doaz.  

Gainera, landareen lehortearen ondorioz, etilenoa atmosferara  igortzen da. Etilenoa landarerian aurkitu daitekeen konposatu kimikoa da, erregai gisa funtzionatu dezakeena. Ondorioz, landareak eta inguruko airea erraz sutzen dira eta sute-arriskua biderkatu egiten da. Baldintza horiei tenperatura altuak eta haize indartsuak edo moderatuko aldiak gehitzen badizkiegu, txinparta soil batek sutea eragiteko probabilitatea nabarmen igotzen da.

Suteak izateko joera handiena duten makrobioklimak mediterraneokoak eta sabanakoak dira. Makrobioklimak latitudeak eragindako klima-eredu handiek definitutako eskualdeak dira, eskala globalean. Mediterraneoko klimaren ezaugarri nagusia uda bero eta lehorra izatea da. Nolanahi ere, eskualde horietako landaredia sukoiagoa izaten da. Era berean, sabanak klima tropikal epela dauka, bi urtaro oso markatuak ditu: urtaro lehor luzea eta urtaro heze laburra.

Hala ere, klima-aldaketak arriskua handitzen du beste eskualde batzuetan, hala nola Ipar Amerikako eta Amazoniako mendebaldeko basoetan. Lehorte-baldintzak, tenperatura altuak eta haize bortitzak  sortzen direnez, sua azkar zabaltzeko probabilitatea handitzen da.

Baso-suteen kausak ugariak izan daitezke. Baso-sutearen jatorriaren arabera, bost talde nagusi bereizten dira:

  1. Intentzionalak: Espainian kausa ugariena da. Ohikoenak   nekazarita-azalerak baimenik gabe eta legez kanpo erretzeagatik izaten dira.  Piromania, ehiza-ohiturak, bandalismoa eta mendeku pertsonalak ere nabarmentzen dira arrazoien artean. Kasu batzuetan, ere,  zerikusia du animalia basatiak uxatzearekin,, zuraren prezioa jaistearekin eta beste hainbatekin. Aipatzekoa da sute delitua tipifikatuta dagoela legedi askotan.
  2. Arduragabekeriak eta istripu-kausak: atal honetan, nekazaritzako erreketak (kasu honetan baimenduak) ere ohiko arrazoien artean daude. Beste arrazoi batzuk hauek dira: gaizki itzalitako zigarrokinak, motorrak eta makinak,, linea elektrikoak, zaborrak erretzea, baso-lanak, etab.
  3. Plantazioak: baso-sistemen ekologia hondatzen duten plantazioak edo larreak daudenean, baso horietan suteak gertatzeko arriskua handitzen da.  
  4. Beste batzuk: tximisten ondorioz sortutako suteak, erabat itzali ez diren suteen zabaltzea eta arrazoi ezezagunak.  

Sute baten faseak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso-suteen faseak honako hauek dira[1]:

Bitterrooteko parke nazionaleko sutea (AEB)
  • Hasiera: berotasun handiko puntu baten inguruan sortutako sugarrak, berez itzali ordez, hazi egiten direnean gertatzen da. Sua hasteko, materia organikoak bere sugar-puntua gainditu behar du. Adibidez, egurraren kasuan, 300 eta 400 ºC artean egon ohi da, baina hostoen eta belar-landareen kasuan, baxuagoa izan daiteke.  
  • Hedapena: hasierako sugarrek indarra hartu eta inguruko landaredia erretzen hasten denean gertatzen da. Baldintza atmosferikoen, topografiaren eta bertako landarediaren araberakoa da. Haizeak ere sutea zabaltzen laguntzen du, sugarrak zabaltzeaz gain, aireko oxigenoa berritzen baitu.  
  • Itzaltzea: fase honetan suak indarra galtzen du eta errekuntzaren abiadura moteldu egiten da. Sutea itzaltzea hainbat faktorek eragiten dute, hala nola tenperatura baxuek, oxigenoaren urritasunak edo erregaia agortzeak. Suhiltzaileek faktore horiek kontrolatuz sutea itzaltzen dute. Hau da, suaren triangelua apurtzen dute. Sutearekin amaitzeko, gehien ezagutzen den metodoa uraren erabilera da, eta bi eratan erabiltzen da: sutearen gainean jaurtiz edo oraindik sutan ez dagoen erregaiari botaz, hezetasun-maila handiagoa izan dadin. Beste metodo bat erregaia estaltzea izango litzateke, hau da, erregaiari oxigenoa (errekaria) kentzea. Azkenik, sua itzaltzeko, erregaiaren eskuragarritasuna murriztu daiteke, defentsa lerroak eraikiz.

Suaren prebentzioak bi oinarri ditu: batetik, baso-suterik sor ez dadin saiatzea, eta, bestetik, sutearen ondorioak minimizatzeko baldintzak sortzea. Alde horretatik, honako neurri-mota hauek aipa ditzakegu:

  • Gizartea kontzientziatu: sute asko eragindakoak direnez, garrantzitsua da jendeari suaren arriskuez ohartaraztea eta suari erabilpen egoki bat eman behar zaiola irakastea. Horretarako, informazio-kanpainak antolatu daitezke.
  • Baso-garbiketak: basoa garbituz edo prebentzio-sute txiki kontrolatuak eginez, suteen zabaltzea errazten duten elementuak gutxitzen dira. Hau da, basoetan dagoen gehiegizko materia organikoa murrizten da. Horrela, sute bat badago, zailagoa izango da zabaltzea.  
  • Zainketa eta detekzioa: oso garrantzitsua da sute bat gertatzeko arriskuak aurreikusteko eta sutea gertatuz gero, lehenago antzemateko. Horretarako, mendien zaintza areagotu behar da une zaurgarrietan: patruilak, behaketa-postu finkoak eta baso-sentsoreak jarriz. Baso-sentsoreen bidezko monitorizazio-sistemak aurrerapauso handiak dira. Suteen arriskuari eragin diezaioketen gure inguruko alderdiak zehatz-mehatz eta denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen dute, arintze-neurri egokiak eta eraginkorrak martxan jartzeko aukera emanez. Sentsore-sistema berriek CO, CO2, tenperatura, hezetasuna eta haizea bezalako aldagai klimatologikoak neurtzen dituzte, segundo gutxitan sua detektatzeko.
  • Planifikazioa: suebakiak egiten, eta baso-pisten eta ur-deposituen sare zabala planifikatuz egin daiteke. Hau da, basoen planifikazioa egiterakoan suaren kontrako espezie gehiago landatzen, erregai hobeak direnak baino. Horrela sute bat gertatuz gero, landaredia muga bezala funtzionatu dezake sua hedatu ez dadin. Zuhaitz espezie konkretuak landatzeaz gain, suebakiak  egotea garrantzitsua da. Gune hauek ez dute inolako erregairik, landaredia gabeko tokiak direlako. Suebaki naturalak egon daitezke, hala nola, ibaiak, edo gizakiak sortutakoak, errepideak edo gune deforestatuak esate baterako.  
  • Neurri legegileak: basoa zaintzeko eta babesteko legeak sortu daitezke, basoaren erabilera desegokia ez egiteko.  

Unitate esku-hartzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itzalketarako neurriak, orokorrean bi multzotan banatuta daude: lehorreko neurriak eta airetiko neurriak.

Lehorreko neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorki, neurri mota hauetan hamabi kidetako taldeak osatzen dira. Gainera, taldeak osatzen dituztenak, normalean, lekuaren ezagutza zehatza dute. Suteetan haien parte hartzea oso garrantzitsua da, honako arrazoiengatik batez ere: sute bat amatatzeko orduan duten mugikortasun handia, sutea handitzea ekidinez. Horregatik denbora laburrean egin behar dute lan. Baina, suhiltzaileen beharra ere badago. Hauek, mota askotako erremintekin lan egiten dute: motoponpa ibilgailuak, makineria astuna...

Sute aktibo baten presentzia egonez gero, suaren itzalketa-taldeen lehen zeregina sutearen kontrola da. Sute bat ezin denean gehiago zabaldu edo hedatu, orduan esan daiteke kontrolpean dagoela. Hori lortzeko sutea erregai gutxiko lekuetara bideratzen saiatzen da.

Askotan esaten da hamabiko talde hauek suhiltzaileak baino lan hobea egiten dutela. Batez ere, profesionalki oso ondo kualifikatuta daudelako eta prestakuntza ikaragarria dutelako.

Airetiko neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Helikopteroa ura jaurtitzen.

Hauek, basoko suteen kontra egiten dute airetiko borroka baten bidez. Helikopteroak, hegazkin arinak... erabiltzen dituzte. Sutearen intentsitatea edo indarra oso handia bada hartzen dituzte airetiko neurriak.

Neurri horiek elementu hauez osatuak dira: hidrohegazkin eta helikopteroak. Hauek sua itzaltzeko bereziki prestatuak daude. Eta neurri hauek aski ez direnean soilik, indar armatuen laguntza jasotzen dute.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «FASES DE UN INCENDIO FORESTAL - jart2209f9» sites.google.com (kontsulta data: 2020-02-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]