Basogabetze

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Oihana erretzen landa-lurrak lortzeko Mexikohegoaldean.
Basogabetzea Gran Chaco eskualdean, Paraguai

Basogabetzea edo deforestazioa giza-jarduerak eragindako kalte ekologikoa da, eta hainbat arrazoi daude: gizakiak landatzeko behar dituen lurrak handitzea, egurraren beharra eta industria batzuen mozketa masiboak, besteak beste.

Historian zehar, gizakiak kultura, garai eta toki askotan eragin du basogabetzea, baina gaur egungo egoera inoiz baino larriagoa da. Urtero sei milioi hektarea mozten dira, horietatik gehienak Amazonia basoan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak aspalditik eduki du egurraren beharra, sua egiteko, batetik, eta eraikuntza material gisa, bestetik. Nolanahi ere behar horiek asetzeko behar zuten egur kopurua ez zen oso esanguratsua.

Duela zortzi bat mila urte nekazaritza garatzen hastearekin batera, gizakia basoak soiltzen hasi zen, eta oraindik neurri txikian bazen ere -artean ez zuten tresneria egokirik-, bere eragina jada esanguratsua zen.

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, batez ere, baso soiltzea Hego Amerikan, Asian, eta Afrikan gertatzen da. Lur osoko heren bat okupatzen dute zuhaitzek, hau da, 4000 milioi hektarea.

Garatu gabe dauden herrialdeen basoetan, hauek garatzeko aitzakiarekin zuhaitzak mozten dituzte, errepideak edo leku urbanizatuak egiteko. Garatuta dauden herrialdeetan aldiz, beste kausa batzuk daude, hala nola, euri azidoa, zeinak urtero hainbat hektarea suntsitzen dituen. Herri garatuetan baita, gizarteak ezartzen duen presioarengatik, gobernuak zona batzuk berriz landatu ditu, parke natural eta turistentzat leku bihurtuz.

Afrika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikan, 2000 eta 2005 bitartean, 4 milioi hektarea moztu ziren urtero, hau da, orain arte mundu guztian moztu den herena. Gaur egun munduan 306 milioi ziurtagiri-baso daude, eta Afrikari 3 milioi dagozkie, hau da, %1, gehienak zuhaitz landatuak direlarik.

Duela gutxi Afrikan deforestazioaren eta desertizazioaren kontrako neurriak hartzen hasi ziren. Horregatik, Afrikako ia herri guztiek sinatu dute duela urte batzuk sortutako iniziatiba bat. Dagoeneko plan batzuk martxan jarri dituzte, batzuetan beste kontinente batzuen laguntzaz.

Europa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, munduko basoetako baliabideen laurdena Europan aurkitzen da, laurden horren zatirik handiena Errusiar Federazioan aurkitzen delarik. Europan baso-soiltzea ez da arazo larri bat, herri guztietan fenomeno hori zailtzen duten hainbat lege daudelako. Lege horrek, gainera, urtero hainbat zuhaitz landatzera behartzen dituzte herrialdeak. Horregatik arazoa ez da hain larria. Nahiz eta baso-soiltzea eragozteko hainbat neurri egon, ekidin ezinak dira naturan gertatzen diren hainbat fenomeno, besteak beste, suteak, izurriak, eta ekaitz elektrikoak.

Ikerketa batzuen arabera, Iberiar Penintsulan eta Errusiar Federazioan hurrengo urteotan suteen gehikuntza egongo da, aldaketa klimatikoaren erruz.

Asia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko basoen %18,6 Asian daude, guztira 734 milioi hektarea. 2005ean, 2000.urtean baina 3 milioi hektarea gehiago zeuden. Zifra hau, Txinan landatutako zuhaitzen ondorioa da, beste herrialde batzuk emandako laguntzaren ondorioa izateaz gainera.

Herrialde batzuk, Asiak bezala, baso-soiltzea gelditzea lortu dute, baina badaude errekurtsorik gabeko beste batzuk. Horren ondorioz, askoz gehiago kostatzen zaie katastrofe hau gelditzea eta errekurtsoak dituzten herrialdeen laguntza ezinbestekoa zaie, izan ere, basoak garrantzi handia dute gure ekosisteman.

Efektuak klimarengan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egindako ikerketa batzuek erakutsi dute deforestazioaren fenomenoak asko eragin dezakeela, adibidez, leku batean erortzen den euri kopuruan eta beste fenomeno klimatiko batzuetan, beti ere aldaketa horiek ekosistema zabal bat abarkatzen dutelarik. Hau azaltzeko erabiltzen den argumentua da landare-estalkiaren handitze batek euri tasa handitu eta landare-estalkiaren gutxitze batek, aldiz, gutxitu dezakeela.

Zirkulazio orokorraren modelo atmosferiko batean[erreferentzia behar] erakutsi da aldaketa handiek landare-estalkiaren euriari eragiten diotela. Baina, faktore erabakigarria ez da landaredia, baizik eta lurzoruaren hezetasunaren artean korrelazioa, landaredia eta ura airearen parte izateko behar duena.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Basogabetze Aldatu lotura Wikidatan