Charles Baudelaire

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baudelaire» orritik birbideratua)
Charles Baudelaire

(1863)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakCharles-Pierre Baudelaire
JaiotzaParis1821eko apirilaren 9a
Herrialdea Frantzia
Bizilekuarue d'Amsterdam (en) Itzuli
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaParis1867ko abuztuaren 31 (46 urte)
Hobiratze lekuaMontparnasseko hilerria
Heriotza moduaberezko heriotza: Sifilia
Familia
AitaJoseph-François Baudelaire
AmaCaroline Aupick
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
HeziketaLycée Louis-le-Grand (en) Itzuli
Lycée Saint-Louis
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, arte-kritikaria, saiakeragilea, itzultzailea, idazlea, literatura-kritikaria, itzultzailea, kritikaria eta kazetaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakEdgar Allan Poe, Emmanuel Swedenborg, Joseph de Maistre, Thomas De Quincey, Gustave Flaubert, Victor Hugo, Publio Ovidio Nason eta Théophile Gautier
Mugimenduasinbolismoa
Genero artistikoaElegia
Dekadentismoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

IMDB: nm0061667 Allocine: 37038
Musicbrainz: a6985818-3431-4e4f-a7e9-0d375fdb40f1 Discogs: 648051 IMSLP: Category:Baudelaire,_Charles Find a Grave: 66 Edit the value on Wikidata

Charles Pierre Baudelaire (Paris, 1821eko apirilaren 9a - Paris, 1867ko abuztuaren 31) frantziar poeta, kritikari eta itzultzailea izan zen. Poeta madarikatua (Le poète maudit) deitu zitzaion, bizitza bohemioa eta gehiegikeriaz beterikoa izan zuelako eta munduarekiko ikuspegi negatiboa izan zuelako. Barbey d'Aurevilly kazetari frantsesak erran zuenez, Baudelaire "garai dekadente bateko Dante" izan zen[1].

Sinbolismo frantseseko poetarik nabariena izan zen eta jaso zituen eraginen artean, Théophile Gautier, Joseph de Maistre eta, batez ere, Edgar Allan Poe daude (azken horren lanak askotan itzuli zituen).

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacques Aupick, Baudelaireren ugazaita.

Parisen jaio zen 1821eko apirilaren 9an. Aita, Joseph François Baudelaire, apaizgai ohia, marrazketako irakaslea, margolaria eta funtzionarioa izan zen. Hark irakatsi zizkion lehen nozioak. Charles jaio zenean, aitak 60 urte zituen eta seme bat, Claude Alphonse, bere lehen ezkontzakoa. Ama Caroline Archimbaut-Dufays zen, semea jaio zenean 30 urte ere ez zuena. Londresera ihes egindako emigratzaile frantsesen alaba zen, eta semeari ingelesa irakatsi zion.

Familiako zerbitzariak hezi zuen, eta hari buruzko informazio gutxi izan arren, badakigu Mariette zuela izena eta familian pisu handikoa zela. Idazleak Les fleurs du mal bildumako poema batean gogorarazi zuen.

1827an, sei urte zituela, aita hil zitzaion, ondare txikia utzirik. Ama etxez aldatu eta, ondoko urtean, Jacques Aupick teniente koronelarekin ezkondu zen[2]. Ezkontza hura trauma handia izan zen Baudelairerentzat eta eragin handia izan zuen haren bizitzan, ez baitzuen aitaordea atsegin eta harekiko harremana oso txarra izan zen. 1832an Lyonera joan zen bizitzera familiarekin batera, baina aitaordeak hiriko errege barnetegian ikasle sartu zuen. Handik lau urtera, Aupick Parisa itzuli zen familiarekin, eta Baudelaire Louis-le-Grand eskolan sartu[3].

Gaztaroa eta bohemia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baudelaireren portreta.

1840an, Zuzenbide Fakultatean matrikulatu zen, eta Parisko Latin auzoko gazteekin, Gustave Le Vavasseur eta Ernest Prarondekin, esaterako, harremanetan hasi zen. Jeune-France taldeko idazleekin (Gérard de Nerval, Pétrus Borel, Théophile Gautier...) ere harreman handia izan zuen[2].

Gerora, bizitza desorekatua izan zuen: familiarekiko arazoak handituz joan ziren, drogazaletasuna eta bizi zuen giro bohemioa zirela eta. Putetxeetan ohikoa zen, eta Auzo Latinoko Sarah prostitutarekin —La Louchette ("Begiokerra") deitzen zion— harremanak izan zituen.

Baudelairen jarrerak familia izutu zuen. Aupick kezkaturik zegoen semeordearen bizimoduaz, eta ahalegin guztiak egin zituen Indiara joan zedin hilabete batzuetarako. Beraz, 1841ean familiak Bordelera bidali zuen, eta han Hegoaldeko itsasoetara zihoan pakebote batean ontziratu zen. Bidaia 18 hilabetekoa izan behar zen, Kalkutaraino, baina Baudelaire Maurizio uhartera heldu eta handik Parisa itzuli zen. Bertan aurreko ohiturekin segitu zuen.

Jeanne Duval, Baudelaireren maitalea. Édouard Maneten margolana.

1842an, adinez nagusi ordurako, aitaren oinordekotza jaso, eta bere kabuz bizitzera joan zen Saint-Louis uhartera. Garai horretan Jeanne Duval antzezlearekin harremanak izan zituen (horrek poesiarik handienetakoak inspiratu zizkion), haxix erretzaileen klub batera joaten zen, alkoholaren eta drogaren kontsumoari buruzko interes teorikoa eta praktikoa sortu zitzaion, eta diru arazoak izan zituen. Ama erabat kezkaturik zegoen haren harreman eta joan-etorriez, eta hainbat ahaleginen ondoren, Ancelle notarioa Baudelaireren tutore izendatzea lortu zuen.

Egoera berri horren ondorioz, bolada batez familiarekin adiskidetu zen, baina 1845ean berriz ere eten zituen harremanak. 1845ean arte-kritikako aurreneko lana, Salon de 1845, argitaratu zuen. Ondoko urteko Salon de 1846 lanean Eugène Delacroix margolariarekiko mirespena agertu zuen[2]. 1848ko otsailean eta ekainean matxinatuekin bat egin zuen. 1847an Marie Daubrun antzezlearekin harremanak izan zituen, eta haren ondoren, Madame Sabatierekin.

1857an, Les fleurs du mal ("Gaitzaren loreak") poema bilduma aurkeztu zuen. Ehun poemaz osatutako bilduma zen, bost zatitan banatua (1861eko edizioan 35 poema erantsi zizkioten, eta zati bat gehitu zitzaion). Idazlan hura bahitu egin zuten argitaratu eta egun gutxira, eta egilea eta argitaldaria auzitara eraman zituzten, liburu lizuna argitaratu izanaren salaketapean.

Azkenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baudelaireren hilobia Montparnassen.

1864an, Paris utzi eta Bruselara joatea erabaki zuen, erabat etsita baitzegoen: ez zuen Frantses Akademian sartzea lortu, haren argitaldariak erreka jo zuen, eta ez zuen herritarren onespenik lortu. Berehala konturatu zen, ordea, Belgika Frantzia burgesaren karikatura hutsa zela. Arteari buruzko hitzaldiak ematen ibili zen, baina porrota izan ziren. Zorte txar guztiagatik, Pauvre Belgique ("Belgika gaixoa") panfletoa idatzi zuen, herrialde horri kritika eginez.

Pairatzen zuen sifili gaixotasunak 1865ean paralisia sortu zion, eta 1866ko martxoan krisi gogorra izan zuen Saint-Loup de Namur elizan (Namur). Handik urtebetera, amaren besoetan hil zen. Montparnasseko hilerrian lurperatu zuten.

Baudelaireren lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren loreak bildumaren lehen argitaraldia, egilearen oharrekin.

1845. urtean argitaratu zen Baudelaireren izenpeko lehenengo lana, L'artiste aldizkarian: À une dame créole ("Dama kreole bati"). Ordurako, Gaitzaren loreak osatzen zuten poema gehienak idatzita omen zituen Baudelairek, hala diote behintzat kritikariek. 1845ean bertan Pintura Aretoari buruzko artikulu bat idatzi zuen; hura izan zen Baudelairek estetikaren kritikari buruz idatzi zuen lehenengo saiakera. 1846an gai berari buruzko beste artikulu batean, Horace Verneten pinturaren kontra eta Eugène Delacroixenaren alde egin zuen.

Hurrengo urtean, aldizkari batean La Fanfarlo prosa liriko-autobiografikoa argitaratu zen. 1851n Du vin et du haschisch ("Ardoaz eta haxixaz": euskarazko itzulpenean, "Haxixaren poema") saiakera argitaratu zuen: lan hori Les paradis artificiels ("Paradisu artifizialak") liburukiaren barruan sartu zen. 1852an Revue de Paris aldizkarian E. A. Poeren bizitzari eta obrari buruzko ikerketa luze bat argitaratu zuen.

1855ean, berriz, Revue de deux mondes aldizkarian 18 poema argitaratu ziren, Gaitzaren loreak izenburupean. Hura izan zen izenburua entzuten zen lehen aldia. 1856an Poeren Ipuin harrigarriak itzuli zituen, eta 1858an Genèse d'un poème ("Poema baten sorrera") izenburuarekin Poeren The Philosophy of Composition lanaren itzulpena argitaratu zuen Revue française aldizkarian. Itzulpen hori izan zen, hain zuzen, poesia hutsaren lehen adierazpen teorikoa. Adierazpen horri atxiki zitzaizkion, ondoren, Stéphane Mallarmé eta haren eskolakoak.

1861ean argitaratu zen Gaitzaren loreak lanaren bigarren argitalpena. Garai hartakoak dira, bestalde, Baudelairek amari idatzi zizkion eskutitz samur eta etsipenez beteak. Baudelaire Bruselan izan zen bitartean argitaratu ziren, aleka, Le spleen de Paris ("Parisko spleena") prosazko poemak eta Les épaves ("Babesgabeak") poemak.

Baudelaire hil zenean, haren lan asko argitaratu gabe zeuden, eta beste asko aldizkarietan atalka argitaratu ziren. Lanen argitalpen osoa 1868-1869 urteetan agertu zen, lau liburukitan. Garai hartan argitaratu ziren, bestalde, Curiosités esthétiques ("Bitxikeria estetikoak"). Journaux intimes ("Eguneroko intimoak"), aldiz, ez zen 1909 arte ezagutu.

Baudelaire. Nadarrek hartutako argazkia.

Obra nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Le Salon de 1845 (1845)
  • Le Salon de 1846 (1846)
  • Le Salon de 1859 (1859)
  • Journaux intimes (1851-1862)
  • Les Paradis artificiels (1860)
  • Curiosités esthétiques (1868)
  • Réflexions sur quelques-uns de mes contemporains (1862)
  • Richard Wagner et Tannhaüser à Paris (1862), euskaraz: Wagner Parisen, Infomart, 1999 Legutio. Oier Alonsok itzulia.
  • Le peintre de la vie moderne (1863)
  • L'œuvre et la vie d'Eugène Delacroix (1863)
  • Mon cœur mis à nu (1864)
  • L'art romantique (1869)
  • La Fanfarlo (1847), euskaraz: La Fanfarlo, Erein, 1991 Donostia. Juan Kruz Igerabidek itzulia.
  • Du vin et du haschisch (1851), euskaraz: Haxixaren poema, Infomart, 1998 Legutio. Oier Alonsok itzulia.
  • Les Fleurs du mal (1857)
  • Fusées (1867)
  • Petits poèmes en prose, Le Spleen de Paris (1862)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. T. S. Eliot:The Lesson of Baudelaire Modernism: An Anthology. Editores: Lawrence Rainey. Books.google.es
  2. a b c Charles Baudelaire Larousse.fr
  3. Lur entziklopedietatik hartua.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Charles Baudelaire Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Charles Baudelaire