Bazegok halako alderdi hori!

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bazegok halako alderdi hori! (errusieraz: Есть такая партия!) Leninen esaldia da, geroago famatu egin zena, 1917ko uztailaren 4an bota zuena, Sobieten eta alderdien paperaren inguruko eztabaida batean. Esaldia famatu egin zen 1917ko iraultzaren kontestuan, eta Alderdi Boltxebikearen politikaren adierazgarri izan zen.

Gertakaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erantzun hau eman zion Leninek Tsereteliri Errusia Osoko Langile eta Soldaduen Sobieten Lehen Biltzar Nagusian, Tseretelik uztailaren 4ko hitzaldian “Errusian ez dago botere osoa bere eskuetan hartzeko prest dagoen alderdirik, “utz ezazue botere osoa guregan” esango duen alderdirik. Halako alderdirik ez dago” esan zuenean. Bi bertsio daude egoera honi buruz; bertsiorik zabalduenak, Leninek, hori entzun bezain pronto, bere eserlekutik “Bazegok!” edo “Bazegok (halako) alderdi hori!” (errusieraz: "Есть такая партия!") erantzun zuela da. Bertsio hau jasotzen dute aktek, eta adibidez, Orlando Figes edo Richard Pipes bezalako historiagileek bertsio honi babesa ematen diote. Bigarren bertsioaren baten, Robert Servicek defendatutako bertsioaren arabera, Leninek ez zuen Tsereteliren hitzaldia moztu, baina erantzuteko txanda eman ziotenean, “Tseretelik dio boterea bakarrik hartzeko gai den edo hartara ausartuko den alderdirik ez dagoela Errusian, nik diot halako alderdi bat bazegokeela” esan zuen, azkeneko hitzak indartuz, hala Tsereteliren hitzei erantzungo balie bezala[1].

Kongresuaren akten arabera, Leninek bere eserlekutik moztu zuen Tsereteliren hitzaldia, eta orduan Tsereteli (hitz egiten jarraitzerakoan) Lenini zuzentzera pasa zen. Leninek bere bertsioa urrian eman zuen, “Eutsiko al diote boltxebikeek botereari?” deitutako artikuluan (Prosvestxenie aldizkaria, 1-2. zkia., 1917ko urria). Bere hitzetan: “Ausartuko al dira boltxebikeak eurak bakarrik botere osoa hartzera? Errusia Osoko Sobieten Biltzar Nagusian galdera honi erantzuteko abagunean izan nuen, Tsereteliren ministro-hitzaldi bat “bai” esanez moztu nuenean”. Leninen Lan Osoen 1985eko argitalpenean, “Leninek bere aulkitik “Bazegok!” esan zuen, eta erantzuteko txandan “Alderdi Boltxebikea da botere osoa asumitzeko prest dagoen alderdi hori” zehaztu zuten[1].

Irakurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leninen erantzun hau, politika-argitze aldetik, oso esanguratsua izan zen; izan ere, orduan boltxebikeen ildoa Sobietek (langile-organoek) botere osoa hartzea zen, burgesiarekin erdibana egin gabe. Sobietetan orduan nagusi ziren mentxebikeek eta eseristek ez zioten taktika horri eutsi eta Sobieten eta burgesiaren arteko koalizioaren aldekoak ziren. Honen bestez, euren justifikazioa, klase sozial batek eta are gutxiago klase sozial baten alderdi batek botere politiko osoa hartu ezin zuela zen, Guda Zibila edo kontrairaultza ekartzeko arriskua zegoelako. Leninen erantzuna, langileek boterea beren eskuetan hartzeko aukera eta beharra zutena berrestearen ildoan zihoan, eta mentxebikeek eta eseristek nahi ez bazuten, boltxebikeek Sobieten ordezkari gisa boterea hartzeko prest zeudela esan nahi zuen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «"Bazegok alderdi hori!"» K17.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-01).