Bazka sare

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ur gezako uretako eta lehorreko bazka sare bat.

Bazka sarea, elikadura sarea, elikasarea, elikatze sarea edo sare trofikoa (edo elikaduraren zikloa) ekologia komunitate bateko elikatze loturen (zerk jaten duen zer) irudikapena da, eta ondorioz kontsumitzaile-baliabide sistematzat ere aipatzen da. Ekologoek bizi forma guztiak, maila trofiko deritzen bi multzo hauetako batean sailkatzen dituzte: autotrofoetan, edo heterotrofoetan. Beren gorputzak mantentzeko, hazteko, garatzeko eta ugaltzeko, autotrofoek materia organikoa ekoizten dute gai inorganikoetatik (mineralak eta gasak —hala nola karbono dioxidoa— barne). Erreakzio kimiko horiek energia eskatzen dute, eta energia hori nagusiki eguzkitik eta gehienbat fotosintesi bidez eskuratzen da, nahiz eta oso kantitate txiki bat fumarola hidrotermaletatik eta ur termaletatik datorren. Bada gradiente bat maila trofikoen artean, atmosfera karbono iturri bakartzat duten erabateko autotrofoetatik hasita, atmosferaz besteko iturrietatik materia organikoaren zati bat eskuratzen duten organismo autotrofikoak diren mixotrofoetatik igarota (halakoak dira landare haragijaleak, adibidez), eta beste izaki bizidun batzuk jan behar dituzten erabateko heterotrofoetaraino. Elikasare baten barruko loturek elikatze bideak erakusten dituzte, adibidez heterotrofoek non lortzen duten materia organikoa autotrofoetatik eta beste heterotrofoetatik elikatuz. Elikasarea ekosistema bat truke sistema bateratu batekin erlazionatzen duen hainbat elikatze metodoren irudikapen sinplifikatua da. Elikatze harremanen hainbat mota daude, eta gutxi gorabehera honela bana ditzakegu: belarjaletasuna, haragijaletasuna, sarraskijaletasuna eta bizkarroitasuna. Heterotrofoek jandako materia organikoaren zati batek, hala nola azukreek, energia ematen du. Tamaina guztietako autotrofoak eta heterotrofoak daude, mikroskopikoetatik hasi eta hainbat tonatakoetaraino: zianobakterioetatik sekuoia luze erraldoietaraino, eta birus nahiz bdellovibrioetatik balea urdinetaraino.

Charles Elton izan zen elikadura kateen edo kate trofikoen kontzeptua lantzen aitzindaria, lehen aldiz aipatu ziren 1927an argitaratu zuen "Animalia Ekologia" idazlanean. Hala ere, elikasareen ideiak Charles Darwinen idatzietan eta hark erabilitako terminologian du jatorri historikoa, aipatzekoak dira, hala nola, "bizitzaren sarea", "harreman konplexuen sarea" edo "lurreko partikulen etengabeko mugimendua". Beranduago argitaratu ziren idatzietan aldiz, elikadura kate kontzeptua elikasare terminoaz ordezkatu zen. Eltonek espezieak talde funtzionaletan banatu zituen eta hori izan zen Raymond Lindemanek 1942an dinamika trofikoaren inguruan argitaratutako lanaren oinarri sendoa. Lindemanek deskonposatzaileek sailkapen trofikoarako sisteman zuten garrantzia azpimarratu zuen.



Bazka-sare baten taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi:Bazka.sarea itsasoa.gif
Itsasoko bazka-sare bat. Bertan, nodo edo taxoi desberdinak osatzen dituzten espezie multzoak ikus daitezke mailakatuta (goitik behera) eta horrenbestez, espezie trofikoen artean dauden harremanak ere bereiz daitezke.


Bazka-sare bateko konexioek nodoak lotzen dituzte. Nodoak espezie trofiko izeneko taxoi biologikoak dira eta espezie trofikoak bazka-sare batean harrapakari eta harrapakin bera duten talde funtzionalak dira. Nodoen ohiko adibideen artean hurrengoak bereiz daitezke: parasitoak, mikrobioak, deskonposatzaileak, kontsumitzaileak eta harrapakariak. Talde funtzional horietako bakoitzak, bere gain hartzen ditu beste nodoekin nolabaiteko harremanak izan ditzaketen hainbat espezie. Horrela, espezie trofiko bat osatzen duten espezieak ardatz hartuz eta beste espezie trofikoetako espeziekin dituzten harremanak aztertuz eta konektatuz sortzen dira elikasareak.

Lehenago aipatu bezala, ekologoek bizi forma guztiak bi talde nagusitan banatzen dituzte: autotrofo eta heterotrofoetan. Autotrofoak anabolismo bidez materia ez-organikoa materia organiko bihurtzeko gaitasuna dute energiaren erabileraz, eta heterotrofoek aldiz, biomasa sortu beharrean hura konsumitzen dute katabolismoz. Horrela, elikasare batk bere barnean hartzen ditu bi talde nagusi hauek eta haien arteko energia trukeak adierazten ditu. Orokorrean esan daiteke, elikasareek materia sortzaile diren autotrofoen oinarri batetik energia eta mantenugaiak eskuratzen dituzten heterotrofoen arteko harremanak adierazten dituztela. Harreman hauek deskribatzea ez da lan erraza, horregatik sare hauek azaltzeko modu desberdinak garatu dira.

Maila trofikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikasareek mailak edo posizio trofikoak dituzte, maila trofiko horietan baxuena oinaldeko espezieek edo lehen mailako ekoizleek osatzen dute. Oinaldeko espezieak, landareak adibidez, autotrofo edo detritiboroak (deskonposizio bidean dagoen detritu edo zatiez elikatzen direnak) izan daitezke eta ez dira sareko beste izakietaz elikatzen. Maila trofiko gorena superharrapakariek osatzen dute. Superharrapakariak inongo espeziek elikagai gisa zuzenean hil ezin ditzakeen harrapakariak dira. Bitarteko mailei dagokienez orojaleak dira nagusi, maila desberdinetako organismoetaz elikatuz oinaldeko espezietatik datorren energiaren fluxua norabide askotakoa izatea ahalbidetzen dutenak. Orojaleetaz gain, tarteko mailak osa ditzaketen bi talde nagusi sailka daitezke, kontsumitzaile primarioak eta kontsumitzaile sekundarioak. Kontsumitzaile primarioak oinaldeko espezietaz elikatzen direnak dira, belarjaleak, eta kontsumitzaile sekundarioak kontsumitzaile primarioetaz elikatzen direnak izango lirateke.

Fitxategi:Maila trofikoak.png
Ekosistema lurtar bateko maila trofikoen piramidea.

Maila guzti hauetaz gaindi, deskonposatzaileak aurkitzen dira, zeinak beste izaki bizidunen hondarretatik materia eta energia lortzen duten. Deskonposatzaileen barruan, bi talde bereizten dira, saprofitoak eta saprofagoak. Saprofitoak izaki bizidunen hondarren mantenugaiak osmosi bidez (osmotrofia) xurgatzen dituzten organismo heterotrofoak dira eta saprofagoak mantenugaiak ingestio edo ahoratze bidez (fagotrofia) eskuratzen dituztenak. Organismo saprofitoen artean bakterioak eta onddoak nabarmentzen dira eta saprofagoen artean, gehienbat protozooak, ingestioa fagozitosi bidez burutzen dutenak. Deskonposatzaileek garrantzia handia dute elikasareetan, haiek baitira mantenugaien birziklapenaz arduratzen diren maila trofiko bakarra. Birziklapen honi esker, organismo batetik bestera igaroz joan den materia oinaldeko maila trofikoa osatzen duten organismoek berrerabil dezakete. Nitrogeno organikoa, materia bizidunean hidrogenoarekin konbinaturik agertzen dena, nitrato formara bihurtzen da autotrofoek erabil ahal dezaten eta bihurketa horri esker materiaren zikloa ixten da. Atomo bera era mugagabean erabiltzea ahalbidetuz. Bestalde, muga termodinamikoen ondorioz, organismo batetik bestera igaroz joan den energia berrerabili ahal izatea ezinezkoa da.

Eskema sinpleenean, lehen mailan, oinaldean, landareak koka daitezke, ondoren belarjaleak eta azkenik, maila gorenean, haragijaleak. Hala ere, testuinguru konplexuagoetan, gerta daiteke maila gorena haragijaleak izatea eta haragijale horien gainetik sarraskijaleak kokatzea.

Dinamika trofikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dinamika trofikoaren kontzeptua ekosistema bateko mailen arteko energia trukeen azalpen kuantitatiborako erabili izan da. Halabaina, energia trukearen neurketak bere mugak ditu organismoak maila trofikoetan sailkatzerako orduan, ez baita oso zehatza. Orojaleak adibidez, ezin dira maila bakar batean sailkatu, horregatik belarjaleen mailatik gorako mailak ez dira talde zurrunak, orojale desberdinen sare konplexu bat baizik.

Fitxategi:B2ap3 large trophic-cascades-cut-800 420.jpg
"Mundu berdea" hipotesiak proposatzen duen moduan, goiko maila trofikoko harrapakari baten ausentziak ekosistema baten orekan eta egituran izan dezakeen eragina ikus daiteke.

Dinamika trofikoan azaltzen den kontzeptuetako bat maila trofikoek haien artean duten eragina da eta horrenbestez, maila trofikoen arteko harremanek nola alda edo kontrola ditzaketen espezie desberdinen populazioak. Mailen arteko kontrol ereduen artean gora-behera (ingelerako "top-down" espresiotik) eta behera-gora (ingelerako "bottom-up" espresiotik) hipotesiak bereizten dira. Gora-behera hipotesian hitz gutxitan azaltzen dena goiko maila trofikoek beheko mailengan kontrola dutela eta maila horien energia kantitatea erregulatu dezaketela.Hipotesi honen adibide gisa jar daiteke belarjaleen kasua, belarjaleek elikatzeko behar dituzten azpiko mailak (oinaldeko espezieak, hala nola, landareak) kantitate handian aurki daitezke lurrean eta oso eskuragarri gainera. Beraz, belarjaleek nahi haina elikagai dute eskura. Hala ere, belar kontsumitzaile kantitatea oso ugaria bada ere, konsumitzen den landare biomasa oso txikia da beste maila batzuetako kontsumoekin alderatuz, eta horrenbestez, landare biomasa handia aurki daiteke ekosistema lehortarretan. Landareen kontsumo urriaren arrazoia ez da belarjaleek besteekiko gutxi jaten dutela, belarjaleen populazioa kontrolatzen duten faktore ugari daudela baizik. Hori esanda, badira belarjale populazioak zifra edo tarte batzuen barruan mantentzen dituzten faktoreak. Faktore horiei esker, belarjaleen gisako populazioak edo mailak ez dira nabarmenki hazten eta horrek ekosistemaren nolabaiteko oreka bat mantentzea ahalbidetzen du, aldi berean populazioen fluktuazioa kontrolatuko duelarik. Faktore horiek desagertuko balira, oinaldeko espezieen (landareen) biomasa nabarmenki gutxituko litzateke. Faktore horien artean aipa daitezke, harrapakariak, parasitoak, tenperatura eta hezetasuna bezalako faktore abiotikoak etab. Gora-behera hipotesi honi "mundu berde" hipotesi ere deritzo. Kontrako hipotesia behera-gora hipotesia da, eta honek adieraten duena da beheko mailek goikoak ere kontrola ditzaketela. Hala nola, badira defentsa-mekanismo sendoak dituzten edota mantenugai urriko landareak eta horiek belarjaleen gaineko kontrola izan dezaketela proposatzen du hipotesi honek. Ikerketa berriek erakusten dutenaren arabera, ordea, bai goitik beherako kontrolak zein behetik gorako kontrolak izan dezakete eragina populazio baten egituran eta bere orekan. Horrek bi maila trofiko baino gehiagoren arteko harremanenak daudela frogatzen du eta hortaz, hasieran aipatu bezala, dinamika trofikoa korapilatsua dela agerian geratzen da.

Fluxu energetikoa eta biomasa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikasareek energia fluxua irudikatzen dute konexio bakoitzaren bidez. Energia fluxu hori, materia fluxua ez bezela, norabidezkoa da eta materiarena ziklikoa. Energia fluxuak gehienetan bere gain hartzen ditu: produkzioa, kontsumoa, asimilazioa, ez asimilatuaren galerak (gorotzak) eta arnasketa (mantenu kostua). Orokorrean, energia fluxua ekoizpenaren (P, production ingeleratik) eta arnasketaren (R, respiration) arteko batura metaboliko gisa ulertzen da. E=P+R izanik adierazpen matematikoa.

Zerbaiten masa edo biomasa ,izaki biziduneta ari garenean, zerbait horren eduki energetiko gisa definitzen da. Biomasa, ekologian, eskualde bateko edo ekosistema bateko izaki bizidun guztiek duten masa izanik. Esan daiteke masa eta energia estuki erlazionatuta daudela. Hala ere, zerbait horrek izan ditzakeen mantenugaien kontzentrazio eta kalitatea aldakorra dira izaki batetik bestera. Horrenbestez, masa berdina izateak ez du energia fluxu ekibalentea izatera. Adibidez, landare askoren zuntzak ezin dituzte belarjaleek digeritu ,beta-glukosidasa entzimaren gabezia dagoelako gehienetan eta horrek beta loturaz elkartutako monosakarido kateak hidrolizatzea eragozten duelako (landareak egituratzen dituen polisakaridoa zelulosa izan ohi da, beta (1->4) loturaz elkartutako glukosa kate luzeak). Zuntz horiek ezin degradatzeak oinaldeko espezieen (landareen) komunitatea energetikoki pobretzea dakar belarjaleen kasurako. Organismo gehienen kasurako, energia lorpena karbohidrato, lipido eta proteinetatik egiten dute. Biomolekula horiek rol bikoitza dute izaki bizidunengan. Alde batetik, energia-turritzat erabil daitezkeelako eta bestetik, bloke estruktural gisa ere jardun dezaketelako, egituratu egin gaitzaketelako. Energia fluxuaren unitateak energia edo masa metro karratuko eta denbora unitateko. Energia fluxuaren diagramek maila trofiko batetik besterako transferentziaren tasak eta eraginkortasuna adierazten dituzte.

Fitxategi:95200-004-52061B80.jpg
Maila batetik bestera ematen den energia galeraren irudikapena.

Betetzen den fenomenoa da maila trofiko bakoitzaren biomasa gutxitu egiten dela oinarritik goiko mailetara goazenean. Fenomeno horren arrazoia da energia ingurunean galtzen delako eta entropia handitzen den heinean. Bizirako ezinbestekoak diren prozesuetan erabiltzen den energiaren %80 eta %90 bitartean, bero edo hondakin modura galtzen da eta soilik energiaren %10 eta %20 bitartean igarotzen da hurrengo organismora. Ehunekoa 1 baino txikiagoa izatera irits daiteke dijeritzen zailak diren landareak jaten dituzten animalietan eta %40ra irits daiteke planktonaren kasuan.

Fitxategi:Biomasa eta energia fluxua.png
Biomasa eta energia-fluxuaren piramideak, maila trofiko bakoitzeko populazioen piramidearekin egindako alderapena. Biomasa eta energia-fluxua gutxitzen doaz mailetan gora egin ahala, murrizte hori energia galerari zor zaio.

Biomasaren edo emankortasunaren maila bakoitzeko irudikapen grafikoei piramide trofiko edo ekologiko deritze. lehen mailako ekoizleen (oinaldeko espezieen) goi-mailako kontsumitzaileetarako energia transferentzia energia fluxuaren diagramen bitartez deskriba daiteke.










Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bazka sare Aldatu lotura Wikidatan