Baztanga, nafarreria edo pikota (latinez, variola) Orthopoxvirus[1] generoaren barnean kokatzen den Variolabirusak[2] sorturiko gaixotasun infekzioso eta kutsakorra da. Haren zientzia izena latinetik dator, zikina edo zikinduta esan nahi du, eta, gaixoari, aurpegian eta gorputzean agertutako koskorrei egiten die erreferentzia.
Milaka urtetan zehar, nafarreri izurrite asko egon dira, baina, nazioarteko txertatze programa arrakastatsu baten ondoren, gaixotasuna errotik kentzea lortu da. Izan ere, modu naturalean emandako azken kasua Somalian izan zen, 1977an, eta, 1980rako, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi zuen gaixotasuna mundutik desagertua zela[3], Lur planetatik desagertutako lehenengo gaixotasun infekzioso garrantzitsua izanik. Gaixotasun horren ezaugarri garrantzitsuena zen haren hilkortasuna-tasa altua, % 30 ingurukoa, haurren arteko tasa bereziki altua izanik[4][5]. Gaixotasunari aurre egiten ziotenek orbanak zituzten gorputz osoan, eta, kasu batzuetan, itsu ere gelditzen ziren.
Baztanga erauzi zen hamarkada herrialdeka.
Gaixotasunaren hasierako sintomek sukarraren eta gorakoen koadroak eragiten zituzten[6]. Gero, ahoan zauriak sortu, eta, hurrengo egunetan, larruazaleko erupzioak ohikoak ziren. Egun batzuen buruan, larruazaleko erupzioak likido dentsoz betetako protuberantzia bihurtzen ziren, eta, erdian, hondoratze bereizgarri bat azaltzen zen. Gaixotasunaren bilakaerarekin, protuberantziak pustula bihurtzen ziren; geroago, zarakarrak, eta, horiek erortzean, orbain bereizgarriak uzten zituzten larruazalean[6]. Gaixotasunaren transmisioa pertsona gaixoekin modu zuzenaren (kontaktu fisikoa) edo ez-zuzenaren (kutsatutako objektuen bidezkoa) bidez hedatzen zen[7]. Prebentzio-bide nagusia baztangaren aurkako txertoa inokulatzea izan zen; gaixotasuna hartu ondoren tratatzeko, berriz, antibiral espezifikoak zeuden, baina eraginkortasun gutxikoak[Oh 1]
Gaur egun, biosegurtasun maila altuenetariko laborategi batzuetan gordetako erreserbak aurki daitezke. Hala ere, azkenaldian, beldurra dago ez ote den birusa arma biologikotzat erabiliko[9].
Txertoa hartu duen haur baten aurpegia, erupzioaren bosgarren eguneanTxertorik hartu ez duen haur baten aurpegia, erupzioaren seigarren egunean
Baztangaren jatorria ezezaguna da, baina oso garai goiztiarrean daude haren existentziaren ebidentziak. Ikerketa batzuen arabera gaixotasuna K.a. 10000. urte inguruan sortu omen zen giza populaziotan. Dena den, birusaren aztarnak, aurrenekoz, Egipton K.a. III. mendeko momietan aurkitu dira[10][11].
Gaixotasuna historian zehar aldizkako agerraldien bidez zabaldu zen. Kalkulatzen da XVIII. mendekoEuropan 400.000 pertsona inguru hiltzen zirela urtero baztangak jota[12], eta bizirik iraun zutenen herenak itsutasuna garatzen zuela. XX. mendean bakarrik, baztangak 300 milioi pertsona hil zituela estimatzen da[13], eta 500 milioi lagun inguru azken 100 urteetan[14].
1967an, erauzi baino hamar urte lehenago, 15 milioi kasu erregistratu ziren.
Baztanga kasuak munduan (1920-2016)Edward Jennerrek baztangaren aurkako txertoa sortzeko emandako pausoak.
Badirudi Txinan XVI. mende inguruan baztanga inokulatzeko modu primitibo bat hasi zela haren eraginak arintzeko[15][16]. Europak XVIII. mendearen lehen erdian hartu zuen praktika hori, baina, 1796ra arte, ez zen baztangaren aurkako lehen txerto modernoa sortu, Edward Jenner-i esker[17]. 1776an hasi zen Edward Jenner[18] gaixotasunaren aurkako txertoa lortzeko lanean. Behiekin lan egiten zutenek ez zutela nafarreria pairatzen konturatu zen; abereok gaixotasunarekiko erresistentzia zuten, eta, haien zornea pertsona batzuei inokulatuz gero, ez zirela infektatzen ikusi zuen. Horrela lortu zuen 1798an, txertoa.
1958an, Sobietar Batasunak gaixotasuna desagerrarazteko mundu mailako kanpaina bat proposatu zion OMEri, eta 1967tik aurrera baztanga kentzeko ahaleginak areagotu ziren txertaketa kanpaina masiboekin, 1980an, ofizialki, gaixotasunaren desagerpena ziurtatu arte. Nafarreria da gizakiak desagerrarazi dituen bi gaixotasun infekzioso bakarretako bat, behi izurriarekin batera, 2011n ofizialki desagerrarazia[19][20][21]. Sobietar Batasunak mila eta bostehun milioi dosi hornitu zituen 1958 eta 1979 artean, baita medikuek ere[22].
Kanpaina 1967 eta 1979 bitartean egin zen, eta hirurehun milioi dolar inguruko kostua izan zuen. Analisten arabera, Ameriketako Estatu Batuak, kanpainarako laguntzaile nagusiak, kanpainan gastatutako dirua hogeita sei egunean behin berreskuratzen zuen osasun gastu txikiagoen bidez[23].
1959an, Osasunaren Mundu Erakundeak, baztangaren erauzketa lortzeko, mundu osoko txertaketa plana abiarazi zuen[24], eta, horri esker, 1980an, betirako desagertu zen baztanga. Hala ere, Errusiak eta AEBk birusa gordeta daukate laborategietan.
Gaixotasuna sortzen duen birusaren arabera, bi baztanga mota daude:
1.- Variola major: baztanga mota arruntena eta arriskutsuena da. Sukar handiagoa eta erupzio hedatuagoa izaten da. Lau Variola major azpimota daude[25].
Klasikoa: Kasuen % 85-90ean gertatzen dena.
Eraldatua: Txertatuak izan direnek jasaten dute, eta arina izaten da.
Lisoa (edo gaiztoa): Oso arraroa eta arriskutsua izan daiteke. Toxemia ugariz karakterizatzen da. Bereziki, haurretan ematen da.
Hemorragikoa: Marjinala. Txertoak ez du babesten. Odoljarioak bereziki larriak izan daitezke.
2.- Variola minor: oso gutxitan gertatzen da, eta ez da arriskutsua.
Historikoki, Variola major-en heriotza-tasa % 30ekoa da; hala ere, Variola major lisoa eta hemorragikoa hilgarriak dira. Variola minor-aren heriotza-tasari dagokionez, % 1ekoa da.
Baztanga desagertu baino lehen, bi baztanga mota horiek ezin ziren ezaugarri klinikoz bereizi, baina, egun, bereiz daitezke. Garai batean, baztanga motarik ohikoena Variola major zen. Variola minor gero agertu zen.
Baztanga kutsatzeko, gaixoarekin kontaktu zuzena izan behar da, horrek erabiltzen dituen arropa edota maindireen bidez kutsa baitaiteke. Horregatik, gehienetan, familiarrak eta ingurukoak jotzen ditu aurrena.
Gizakia baztangaren eramaile naturala da; beraz, animaliek ez dezakete transmititu. Hala ere, gaixotasunaren fase zehatz batzuetan bakarrik transmiti daiteke. Baztangak fase hauek ditu:
Inkubazio epea: 7- 17 egun irauten du. Gaixoak ez ditu ingurukoak kutsatzen. Baztangaren birusak kutsatu eta egun batzuetan inkubatzen egoten da; hots, gaixoak ez du sintomarik.
Lehenengo sintomak: 2-4 egun irauten du, eta, batzuetan, gaixoak kutsatu egin dezake. Hasierako sintomak agertzen dira: sukarra, nahigabea, buruko mina, baita gorputzean mina ere, eta batzuetan goragalea. Sukarra 38-40 °C artean izaten da. Momentu horretan, kutsatua, bere eguneroko bizitzan ohi bezala segitzeko, gaixoegi sentituko da.
Lehenengo erupzioa: 4 eguneko iraupena du, eta oso fase kutsakorra da. Hasierako erupzioa agertuko da, hots, puntu gorri batzuk mihian eta ahoan. Puntu gorri horiek zauri bihurtzen dira, irekitzen baitira eta birusaren kantitate handi bat jariatzen baitute ahoan eta eztarrian. Aldi berean, larruazalean, erupzioa agertzen hasten da. Hasieran, aurpegian agertzen da, eta, gero, beso, hanka, esku eta oinetaraino hedatzen da; prozesu osoa 24 orduan gertatzen da. Erupzioarekin batera, sukarra jaitsi, eta gaixoa hobeto sentitzen da.
Hirugarren egunean, erupzioei koskor bat agertzen zaie.
Laugarrenean, koskorrak likidoz betetzen dira, eta, askotan, koskorraren erdialdea beherantz joaten da. Ezaugarri hori garrantzitsua da baztanga mota bereizteko.
Momentu horretan, sukarra igo egiten da, eta ez da jaisten koskorraren gainean kortika sortzen den arte.
Erupzioa pustulekin: Bost egun irauten du, eta fase kutsakorra izaten da. Koskorrak pustula bihurtzen dira. Pustula horiek altuak, gehienetan biribilak eta gogorrak izaten dira larruazalaren azpian zerbait egongo balitz bezala.
Pustula eta kortika: Bost egun irauten dute, eta hori ere fase kutsakorra da. Pustulak pixkanaka kortika bihurtzen dira. Erupzioa agertu eta bi astera, zauri gehienak kortika bihurtuta daude.
Kortiken erorketa: Sei egun dirau, eta kutsakorra da. Kortikak erortzen hasten dira, eta, larruazalean, markak (zuloak) uzten dituzte, orbandu egiten baitira. Kortika gehienak erupzioa irten eta hiru astera erortzen dira. Gaixoak transmititzeko arriskua du kortika guztiak erortzen diren arte.
Kortiken erorketa: Behin kortika guztiak erorita, ez da kutsatzeko arriskurik izango.
Baztangaren ondoriozko heriotza gehienak inkubazio fasean izaten ziren. Variola major-eko liso, klasiko eta eraldatuaren kasuan, 5-7 egunen buruan. Hemorragikoa zutenak, aldiz, lehenago hiltzen ziren. Variola minor-ean, azkenik, txertatu gabeak soilik hiltzen ziren.
Lehenago aipatu gisa, Variola major-etan, erupzioaren erdialdea beherantz joaten da, Variola minor-etan ez bezala.
Variola major motak bereizteko sintoma horietaz aparte, badaude beste batzuk ere:
Baztanga hemorragikoaren kasuan, erupzioa baino lehen, hemorragia gertatzen da.
Baztanga lisoetan, aldiz, erupzioa ez da besikulara iristen. Sukarra ez da jaisten erupzioa agertzean, eta txertoak ez du bizia ziurtatzen.
Birusaren transmisioa aerosolen bidez ematen da bereziki. Izan ere, 1970an, Meschede-ko ospitale batean (Alemanian) baieztatu zen hipotesia[26]. Behin arnastuta, Variola birusa ahoko, eztarriko eta aire-traktuko muki-mintzari atxikitzen zaio. Hemendik, nodulu linfatikoetara migratu, eta, bertan, ugaltzen hasten da. Hasierako hazkuntza fasean, birusaren biderketa modu lokalean ematen da zelula batetik bestera transmitituz, baina, 12. egun aldera, kutsatutako zelulen lisia modu masiboan ematen da, eta odolean aurki daitekeen birus kopurua handitzen da hedapen sistemikoa emanez. Prozesu honi viremia deritzo. Horren ondorioz, birusaren bigarren ugalketa prozesua ematen da hezur-muin, gongoil linfatiko, eta barea gisako organoetan.
Gure sistema immunologikoak normalean ezin dio aurre egin baztangari; gainera, gaixotasun horren aurka ez dago tratamendu zehatzik. Horregatik, norbaitek baztanga daukala pentsatzen bada, prebentzio neurri batzuk hartzen dira:
Gaixoa bere etxean bakarrik uztea: Ezin da erietxera eraman ez dagoelako tratamendurik eta kutsatzeko arrisku handia dagoelako.
Gaixoaren ezagunak isolatzea: Horrez gain, harekin kontaktu zuzena izan dutenak txertatu behar dira.
Gaixoarekin, agian, kontaktua izan dutenak ere isolatzea oso erraz kutsatzen delako; aurrekoan bezala, horiek ere txertatu behar dira.
Desinfektatzea: Gaixoak erabilitako arropek birusa transmiti dezaketenez, kontuz erabili behar dira; beraz, ondo garbitu behar dira.
Hala ere, baztanga saihesteko, onena txertoa da. Erupzioa agertu eta lehen eta laugarren egunen artean hartu behar da txertoa: horrek sendatu egin dezake, edo infekzioaren arrisku txikitu.
Baztangaren aurkako txertoak, besteak ez bezala, ez dauka Variolae vaccine izeneko birusa, laborategian sortutako antzeko beste birus bat baizik.
Txertoa jaso duenari, txertoa jarri dioten lekuan, pustula bat sortuko zaio aurrena, eta, gero, orbandu eginen zaio; horrek immunizatuta dagoela esan nahi du, eta 10 edo 20 urte bitartean iraun dezake. Haren arrisku larrienetakoa kontaktua da, ukituz gero, gaixotasuna transmititzeko arriskua baitago.
Nahita edo nahigabe birusa airean deskargatutakoan, gaixotu litezkeen pertsona guztiak txertatu behar dira aurretik txertatuak izan badira ere; jarraian, gaixoekin kontaktua izango duten guztiak, medikuetatik hasi eta gaixoen gorpuak manipulatu beharko dituztenak arte. Lehenago jaso ez dutenek txertoa hartzeko lehentasuna izango dute.
Hala ere, txerto horrek alde txarrak ere baditu, honako kasuetan direnek ezin baitute hartu:
Cidofovir-ra eta Brincidofovir-ra eraginkorrak dira birusaren aurka in vitro ikerketetan[27]. Bi horiek giza immunoeskasiaren birusaren (GIB) aurkako tratamenduak dira, eta birusaren DNA polimerasa inhibitzen dituzten nukleosido analogoak daramate. Dena den, ageriko arrazoi bioetikoengatik, ez da frogatu gizakiengan baztangaren aurkako eraginkortasuna dutenik.
Tecovirimat antibirala, berriz, segurua izan daiteke pertsona osasuntsuetan erabiltzeko. Botikak birusaren F13 fosfolipasa du helburu, eta birusaren hedapena blokeatzen du in vitro eta in vivo[28]. Aurreko kasuan bezala, ez da eraginkortasun zuzenik frogatu gizakietan baztangaren aurka, baina, hala eta guztiz ere, AEBkoElikagai eta Sendagaien Administrazioak onartu du baztangarako tratamendu gisa.
Baztanga munduan emandako lehen arma biologikotzat ematen da[29]. XIV. mendean, armada tartarikoak baztangaz hildakoen gorpuak katapultatzen zituen herri setiatuetara[30]. 1754-1767 urteen artean emandako frantziarren eta indiar-amerikarren arteko gudan erabili izan zen arma gisa, non frantziar soldaduek baztangaz kutsaturiko arropak sakabanatzen zituzten indiarren artean horiek kutsatzeko asmoarekin[31].
Gaur egun, baztanga desagerrarazita dago. Dena den, Errusian eta AEBn dauden biosegurtasun maila altuenetariko laborategi batzuetan, gordetako erreserbak aurki daitezke. Hainbat ikertzaileen ustetan, gerra hotzaren ondorioz, Sobietar Batasuneko armadak eta AEBko defentsa zerbitzuek baztangaren birusa eraldatu omen zuten arma biologikotzat erabiltzeko. 1991ko Sobietar Batasunaren desegiteak tentsioa leundu egin zuen, baina, azken denboraldian emandako gatazka belikoen ondorioz, beldurra dago ez ote den birusa arma biologikotzat erabiliko. Izan ere, 2021-2022ko urtean, Errusia-Ukrania krisian aipatu izan da arma biologikoen erabilera eman daitekeela[32][33].
XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat jotzen den Xenpelar bertsolaria baztangak harrapatuta hil zen. Bera bakarrik ez, familiako lau kide hil ziren bi hilabeteko epean 1869an. Errenteriako kalean bizi ziren senar-emazteak eta hiru alabak. Azkeneko alaba izan eta hiru urte beranduago, emaztea baztangak harrapatu, eta 1869ko urriaren 25ean hil zen. Xenpelar bera ere kutsatu, eta hilabete eta erdi geroago hil zen, abenduaren 8an,[34] 34 urte zituela. Arreba, Maria Luisa, haurdun zegoela, Joxepa Antoni lau urteko alabatxoa senarrarekin utzi, eta anaia eta ilobatxoak zaintzera joan zen azken hilabetean. Xenpelar hil zen egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek; Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa, berriz, 18an; biak baztangak jota. Gaitz-erdi, Xenpelarren hiru alabatxoak ez ziren hil. Aita Zavalak jaso zuenez, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urtarrilaren 17ra baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian. Arreba, Maria Luisa (Maria Luisa Petriarena Rekondo Xenpelar), eta horren alaba, Joxepa Antoni, ere (Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar), bertsolariak ziren biak.[35][36][37]
↑Estatu BatuetakoGaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren (CDC) arabera gaixotasuna errotik desagertuta denez, txertoa ez dago eskuragarri herritarrentzat, nahiz eta badiren haren erreserba estrategikoak, herrialde horretan behintzat. Tratamenduari buruz, erauziz geroztik, animalietan emaitza positiboak ematen dituzten farmakoak eta laborategiko esperimentuak garatu dira. Esaterako, cidofovir eta brincidofovir antibiralak eraginkorrak dira birusaren aurka, tecovirimata, berriz, segurua dirudi pertsona osasuntsuetan (albo-ondorio txikiagoak), baina, begien bistako arrazoiengatik, ez da frogatu gizakiengan baztangaren aurkako eraginkortasuna duenik. Hala eta guztiz ere, FDAk baztanga tratatzeko onartu du AEBn[8]
↑Zhdanov V. "Человек и вирусы (Hombre y virus)". Наука и человечество (Ciencia y humanidad), 1984 (en ruso). Moscú: Знание (издательство, Москва) (Conocimiento): 44–55.